The Sol Cinema: munduko zinemarik txikiena

The Sol Cinema zine-areto ttipi-ttipia dugu benetan. Izan ere bertan 8 pertsona heldu edo 12 umerentzako lekua baino ez dago. Hori bai txukun-txukuna eta abegikorra da oso. 1960 urteko roulotte bat eraberritu eta bertan egokitu dute zinematxo dotore hau eguzki-energia erabiliz gainera.

Britaina Handiko Undercurrent izeneko multimedia artisten ONGren ekimenez gauzatuta eta Jo Furlong diseinatutako zinema ibiltari honek LED proiektore bat eta litioko lau bateria erabiltzen ditu 120W-ko 2 panel fotoboltaikoek jasotzen duten eguzki-energiaz zine-saioak gau eta egunez eman ahal izateko.

Klimaren aldaketaz ohartarazi nahi duen proiektu mainatsu honek komunikazioaren lehen saria eskuratu zuen Network Wales Awards-en eta ikusita zernolako interesa sortu duen, Europan zehar bira bat egitekotan dabiltza.

Iturria: thesolcinema
