Klaketa
30Mar/160

Zine Amateurraren proiekzio analogikoak

Proyecciones Analógicas

Fosforo Kultur Elkarteko lagunak azken prestaketa-lanetan ari dira larunbat honetan Gasteizko Hogar Navarro zentroaren egoitzan proiektatzekoak diren filmak prest egon daitezen. Film horietako batek, esaterako, 1985 eta 1986 urteetako Gasteizko Zine Amateurraren Estatuko Lehiaketaren logoa dauka.

Izan ere, " San Francisco Javier" Hogar Navarro zentroak bere 50. urteurrena ospatu behar du eta, horren kariaz, Super 8 formatuan grabatutako bi film labur proiektatuko dira: Un cura alavés eta Olga izenekoak. Filmon zuzendariak Ramón Aguirrezabal eta Eloy González (Olga) ezagun ditugu dagoeneko Gasteizen antolatu zen lehenengo "Home Movie Day" egunean parte hartutakoak baitira.

Horrezaz gain, antolatzaileek gure eskura jarriko dituzte beren baliabideak gure etxeko filmak aztertzeko eta konpartitzeko.

Zeresanik ez, emanaldia dibertigarria izango da eta, gainera, zuzendariak bertan izango dira filmak aurkezteko eta filmaketei buruzko pasadizoen berri emateko.

Emanaldia apirilaren 2an izango da, Barrenkale kaleko 7. zk.an, 18:00etatik aurrera.

Olga

6Nov/150

Etxeko zinearekin hitzordua bihar Aldabe gizarte etxean

logos_homemovieday

Fosforo Kultur Elkarteak antolatuta, bihar, azaroak 7, Etxeko zinearen eguna garatuko da Gasteizen, Aldabe gizarte-etxeko gela erabileraniztunean, 16:30etatik 20:30ak arte.

Etxeko Zinearen Nazioarteko Eguna ospatzeko (Home Movie Day), Gasteizko zinegileen film amateurrak eta parte-hartzaileek eramandako etxeko filmak proiektatuko dira biharkoan, beti ere Super 8 eta 16 mm.koak.

Cine amateur

Profesionalak ez diren film hauek ezagutaraztea helburu duen ekimen hau aspaldidanik dator. Etxeko Bideoaren Nazioarteko Eguna edo "Home Movie Day" izenekoa duela hamabi urte sortu zen Baltimore hirian bideozaleek famili giroan egindako filmak biltzeko asmoz. Hortik hasi zabaltzen Estatu Batuetan zehar eta, geroago, mundu osoko hainbat hiritara.

Zer esanik ez, esperientzia ahantziezina da aspaldiko proiektore horien zarata entzutea iraganeko uneak begiradaz berreskuratuz, harrituko zaituen kalitateaz gainera.

Zure etxeko filmak erakutsi nahi izanez gero jar zaitez harremanetan antolatzaileekin:

in.fosforo@gmail.com