Klaketa
24Sep/110

Razones del corazón, bikain

Arcelia Ramírez en una interpretación entregada y rebosante en "Las razones del corazón" de Arturo Ripstein

Arcelia Ramírez bene-benetan bikaina Arturo Ripsteinen "Las razones del corazón" filmean

Esaerak dioenez, buztaneraino dena da zezen. Eta horixe ikusi dugu aurtengo Donostiako Zinemaldian, lehiaketa-sailari amaiera bikaina eman baitio Arturo Ripstein zuzendariaren Bihotzaren arrazoiak (arrazoiak ulertzen ez dituenak) film zirraragarriak. Filma Madame Bovaryren pertsonaiaren berrikuspen eta berrinterpretazio moderno bat da, pertsonaia duin egiten duena. Horretarako Madame Bovaryren bizitzaren azken 48 orduak kontatzen ditu.

Proposamena zuri-beltzak nabarmentzeko eta liberatzeko duen ahalmen handian oinarrituz, protagonista mugitzen den toki klaustrofobikoetan itotzen gaituela, eta partitura batek bezala funtzionatzen duen gidoi batekin, Arturo Ripsteinek Flauberten pertsonaiaren funtsa berriro hartu, eta era gordinean eta intentsitate dramatiko ikusgarriarekin agertzen digu Arcelia Ramírez aktoreak erraietatik eta maisutasunez interpretatu duen pertsonaiaren antsietatea eta etsipena.

Dena ezin hobeki diseinatuta dagoela dirudi: koreografia zehatza duen eszenaratze zaindua, pertsonaia guztien doinuaren zehaztasuna, obsesiorako in crescendo doazen planoen erabilera errepikakorra eta, jakina, gidoi zoragarria, Paz Alicia Garcíadiegok egina. Gidoi horrek elkarrizketen aukerak zabaltzen ditu, eta, era horretan, edertasun poetikoa ematen die elkarrizketa horiei, egunerokoa badirudi ere. Aldi berean, gidoiak erritmo harmoniatsua ematen dio filmari, eta agertzen den musika bakarra "Perfume de gardenias" boleroa da.

Filmak buelta ematen die melodrama tradizionalaren balioei, haren malgutasunari eta plastikotasunari eusten badie ere. Filmak, gainera, zuzenean begiratzen dio azken batean eguneroko bizitzatik irteteko nahia baino ez den adulterioaren ezmoraltasunari.

Filma nahigabe existentzialaren azterketa mingarri eta sarkor bat da, eta oinazetutako bihotzaren (bizitzari amaiera emateko arrazoi guztiak dituen edo horretarako arrazoirik ez duen bihotzaren) alde guztiak erakusten dizkigu hainbat angelutatik.

Azken batean, zirrara sakona sorrarazi didan film bat da. Zuzendariaren maisutasunari esker, dena erraza dela dirudi. Zuzendariak, gainera, bere lana egiteaz gain, oso ongi daki laguntzaile guztiei beren lana egiten uzten. Horren ondorioz, laguntzaileak erabat identifikatu dira filmarekin, eta taldean etorri dira Donostiara beren lana defendatzera, Zinemaldiak merezi duen bezala.

Zorterik handiena opa diet guztiei. Edonola ere, urriaren 7tik aurrera, Espainiako aretoetan izango dugu filma, eta datorren urtearen hasieran, berriz, Mexikoko zinemetan.

El director de "Las razones del corazón", Arturo Ripstein, junto a Arcelia Ramírez, Plutarco Haz y Pilar Padilla

"Las razones del corazón" filmaren zuzendaria, Arturo Ripstein, Arcelia Ramírez, Plutarco Haz eta Pilar Padilla aktoreekin