Klaketa
25Feb/160

MENDI TOUR VITORIA-GASTEIZ

Mendia eta abenturari buruzko zine onena Gasteizera etorriko da otsailaren hondarretan Mendi Tourren eskutik. Izan ere, 4 egunetan zehar Mendi Film Festival nazioarteko zinemaldiko pelikula onenen bilduma ikusteko aukera izango dugu.

Mendi tour Mendi Film Festival-eko ekimena da eta mendia eta abenturari buruzko nazioarteko zinema jaialdia 2015eko abenduan egin zen azken edizioko film onenak herriz herri eramateko asmo ditu.

Mendi Film Festival urteroko hitzordua izan ohi da, eta mendiko zinemagintzako ekoizpenik onenak biltzen ditu bere zentzu zabalenean: eskalada eta alpinismoaz batera, muturreko kirolak, eskia, natura, ingurumena, etnografia... hartzen ditu aintzat.

Non: Vital Fundazioaren Aretoa, La Paz kalea, 5 - 1. solairua
Noiz: Otsailak 29, martxoak 2, 3 eta 4. Eguneko 2 saio, 18:00 eta 20:00
Sarrera salmenta: Estadioko Harrera gunean eta Vital Fundazioaren egoitzan (Kordoi Etxea, Hedegile kalea, 24).

CARTEL-MENDI-TOUR-VITORIA-2016

31Oct/130

27 HERRIALDETAKO ZINEGILE LEHIAN MENDI FILM FESTIVAL ZINEMALDIAREN VI. EDIZIOAN

Abian da MENDI FILM FESTIVAL mendiko zinemaldiaren VI. edizioa. Aurten abenduaren 13tik 22ra izango da zinemaldia, Bilbon. Hain zuzen, amaitu berri da lehian izango diren filmak hautatzeko fasea. Guztira 27 herrialdetatik iritsitako 111 lan aurkeztu dira, eta horietatik 40 film hautatu ditu antolakuntzak; hain zuzen, zinemaldiak iraungo duen hamar egunetan Bilbon ikusgai izango diren 40 tituluak.

MENDI FILM FESTIVAL nazioarteko erreferentzia da mendiko eta abenturako zinemagintzan. International Alliance for Mountain Film (IAMF) erakundeko kide da 2011. urteaz geroztik, eta mendiko zinemagintza zaintzen eta hedatzen ari da eginahalean sorreratik beretik, genero horren arlo guztietan. Zinemaldian genero horretako nazioarteko film onenak izango dira ikusgai, eta formatu ikusgarrienetan, gainera; ikus-entzunezko batzuk, esaterako, 3D formatuan proiektatuko dira. Zinemaldiaren web-orrialdean, www.mendifilmfestival.com, ikusgai dago jada Bilbon abenduaren 13tik 22ra ikusi ahal izango diren lanen aurrerapen bat. Aurkezpeneko bideo horretan, Bizkaiko hiriburuaren aurpegi urbano berria eta mendiko kirolen eta outdoor jardueren sekuentzia ikusgarriak uztartu dira. Kirol eta jarduera horiek dira, finean, mendiko zinemagintzaren esentzia.

Aurreko edizioetan bezala, MENDI FILM FESTIVAL jaialdia ez da filmen proiekzio hutsera mugatuko; zinemagintzako eskaintzaz gain, hitzaldiak, erakusketak, mahai-inguruak, nazioarteko entzute handiko egile eta mendizaleekin hitz egiteko aukera, kaleko jarduerak, etab. izango dira aurtengoan ere Bilbon. Bestalde, Zinemaldiaren nazioarteko epaimahaiak 11 garaikur emango ditu hainbat kategoriatan, eta ikus-entzuleek ere aukera izango dute film onena bozkatzeko.

Bost edizio baino ez dira igaro eta dagoeneko mendiko zinemagintzaren nazioarteko erreferentzia nagusietakoa da MENDI FILM FESTIVAL. Azkeneko edizioan, 6.500 ikus-entzuletik gora bildu ziren Bilboko emanaldietara. Hamabi herrialdetako 60 film proiektatu ziren iaz. Eta beste 7.500 lagun bertaratu ziren zinemaldiak antolatutako gainerako jarduera paraleloetara. Komunikabideen jarraipena ere oso zabala izan zen.

Mendifilm 2013 from Mendi Film Festival on Vimeo.

8Dec/120

Autobusak Gazteiztik MENDI FILM FESTIVAL-era joateko

MENDI FILM FESTIVAL ZINEMALDIAK ETA ESTADIO FUNDAZIOAK GASTEIZTIK SARRERAK ERRESERBATU ETA AUTOBUS BIDEZKO JOAN-ETORRIAK EGITEKO ZERBITZUA ANTOLATU DUTE

Estadio Fundazioaren bidez eta 15 euroko prezioan, egunero 19:00etan hasten den bigarren saiorako tiketak, autobusa eta sarrera, jarriko dira salgai

Hasteko, egunero 50 plaza erreserbatuko dira, Internetez, telefonoz edo aurrez aurre formula honetaz baliatzen diren Gasteizko ikusleentzat

Informazio guztia: http://www.mendifilmfestival.com/

KUTXABANK MENDI FILM FESTIVAL zinemaldiak eta Estadio Fundazioak sarrerak erreserbatu eta autobus bidezko joan-etorriak egiteko zerbitzu bateratua abiarazi dute 15 eurotan, eta honi esker, Gasteizen bizi diren mendiko zinemaren zaleek abenduaren 14tik 23ra bitartean 19:00etan egingo diren arratsaldeko saioetara joateko aukera izango dute (hilaren 14ko 19:30etarako programatuta dagoen aurkezpen ekitaldira izan ezik).

Zerbitzu hau, Vital Kutxak Arabako hiriburuko Cervantes pasealekuan dituen kirol instalazioak kudeatzeaz arduratzen den Estadio Fundazioaren lankidetzaz abiarazi da. Instalazio horiek 20.000 abonatu eta urtero milioi bat sarrera inguru dauzkate.

Zinemaldiaren antolatzaileek berrogeita hamar sarrera erreserbatu dituzte arratsaldeko saio guztietan, Gasteizko ikusleen eskariari aurre egiteko. Sarrerak Estadio Fundazioaren harreran eskura daitezke, eta abonatuta daudenek Interneten bidez eta 945 131345 telefonora deituta ere lortu ahal izango dituzte.

Autobusa Fundazioaren egoitzatik irtengo da 17:30etan, eta Arriagako parkean geldialdi bat egin ondoren, Bilbo aldera abiatuko da. Bizkaiko hiriburuan, filmak pantailaratzeko aukeratutako areto desberdinen arabera (Euskalduna Jauregia, BBK Aretoa, AlhóndigaBilbao edo EHU/UPVko Errektoretza) adostuko diren lekuetan, bidaiariak jaso eta etxera eramango ditu.

18Oct/120

Mendi Tour-ek Mendi Film Festival zinemaldiaren azken edizioko film onenak eskainiko ditu gaur Donostian

MENDI FILM FESTIVAL Mendiko Zimena Jaialdiak amaiera emango dio GAUR, osteguna, hilak 18, MENDI TOURaren Donostiako egonaldiari. Iazko lehiaketan aurkeztutako film onenetako batzuk aukeztea da Euskadiko herri desberdinetan ikusgai izan den ekimen honen helburua.

Erakustaldi honek bukaera emango dio GAUR Antzoki Zaharrean egindako egonaldiari, eta bertan, Donostiako publikoak Jaialdiaren antolatzaileek aukeratutako lanen maila zinematografiko handia islatzen duten lau film labur eta ertain ikusteko aukera izango du. Jaialdia Bilbon antolatuko da aurten, abenduan. Sarrerak (4,5 eurokoak saio bakoitzeko) salgai daude jadanik Kutxabank-en webgunean. 

MENDI FILM FESTIVALaren inguruan antolatutako ekintza da MENDI TOUR. Mendi gaien inguruko zinemagintza (zentzurik zabalenean, eskalada edota alpinismoarekin batera muturreko kirolak, eskia, ekologia, ingurumena, etnografia… hartzen baititu kontuan) Euskal Herriko toki desberdinetara helaraztea du xede. Horretarako tentu handiz hautatzen dira pelikulak, eta tartean daude zinemaldian bertan sarituak izan dien hainbat.

Gaurko saioan lau pelikula eskainiko dira. ‘Arditan’, orduerdiko dokumentala, erretiroa hartzekotan den Gorbeiako artzain baten bizimodua erakusten duena. ‘Linea continua’, Barmasse sendiko lau belaunaldi, esploratzaileak eta Matterhon-eko gidariak izandakoak edo direnak, aurkezten dizkigun filma. ‘Cold’, Simone Moro, Denis Urubko eta Cory Richards-ek GII-a neguan eskalatuz lortutako balentria Richardsek grabatutako irudi zirraragarrien ikusmiratik. Eta ‘The swiss machine’, Ueli Steck alpinismoko abiadura errekorrak hausten dituen gizonaren dohainak bizi-bizi erakusten dituen filma.

1Jun/120

Emakume arabiar-iberoamerikarrek egindako zinema-karabana Bilbora heldu da

"Cinerizadas" kultur elkarteak,  "Klaketa Arabiarra" ekoizpen-etxeak,  "Kultura Communication y Desarrollo" (KCD) Garapenerako Lankidetzako Gobernuz Kanpoko Erakundea eta Euskal Herriko Unibertsitateak  “Zinegileen artean” izeneko zine-erakusketa ekarri dute Bilbora.

Ekimen honek bi helburu ditu; batetik, gazteleraz hitz egiten duen munduaren eta arabiar munduaren arteko elkarguneak eta kultur mugak aztertzea, bi kulturon artean harremanak eta elkar ezagutzea bultzatzeko. Eta bestetik, komertziala ez den zinearen ikuspegi alternatibotik, bestelako errealitateak eta ikuspuntuak erakusten dituzten emakume zuzendariei hizpidea ematea.

Ziklo honen bitartez, jatorrizko obrak bi kultur esparruetan zabaldu nahi dira, gaztelerazko eta arabierazko azpititulazioen bitartez, eta publikoari zine ikustezina bistaratzeko aukera emanez. Bestetik ere, emakume zuzendari arabiar eta iberoamerikarren sarea eratu nahi da, haien artean eta zinegileon eta ikus-entzuleen arteko harremanak sustatuz.

 Azken bost urteetan, "Zinegileen artean" karabana 20 herrialdetan egon da. Oraingoan Bilbon 23 film proiektatuko dira (film labur eta luzeak) hainbat herritako emakumeek egindakoak: Egipto, Peru, Espainia, Argentina, Libano, Txile, Maroko, Siria , Venezuela, Arabiar Emirerri Batuak eta Kuba.

Emakume arabiar-iberoamerikarrek egindako zinema-karabana hau ekainaren 11tik 15a arte izango da Bilbon Golem Alhóndiga zine-aretoetan.

Karabanaren programa osoa. pdf
Adobe Acrobat dokumentua [1.8 MB]
Jaisteko
 
Iturria: http://www.kcd-ongd.org/
15May/120

MENDI TOUR ARRASATE 2012

Gaur  maiatzaren 15ean asteartea 20:30etan Arrasateko Amaia Udal Antzerkian Gasteizko IV. Mendi Film Festivalean, mendia, abentura eta natura gaiak jorratzen dituen zinemaldian sarituak izan ziren 3 film  emango dira MENDI TOURREKO programazioren barruan.

Ikusgai izango diren filmak honakooak dira:

Lehenengoz, Zac Ramras eta Nick Waggoner-ek zuzenduriko “SOLITAIRE” filma izango dugu ikusgai, ikuslegoaren saria lortu zuena.

Solitaire, irudi ezin ederragoz jositako ez-ohiko dokumentala dugu. Maisuki erabilitako argazkia bikainak  bazter bihurrienetatik erakusten digu eski eta snowboard-en poesia, argiaren eta ur, elur eta izotzaren ukietan miatuz muturreko paraje babesgabeetan ezinezko itzulipurdiez osatutako dantza baten erdian.

Bigarrenez, Anson Fogelek zuzendutako “COLD” - film laburra proiektatuko da, film labur onenaren saria eskuratu zuena.

Film honen irudien indarrak laburki baina ezinhobeto erakusten ditu Pakistan aldeko zortzimilakoak neguan egitearen zailtasunak.

Saioa amaitzeko, "FLY OR DIE" filma izango dugu ikusgai. Mendiko muturreko kirolen sari onena eskuratu zuen dokumental honek Dean Potter eskalatzaile bikaina du protagonista. Filmak kirolari ameslari eta basati honen filosofia erakusten digu. Muga guztiak hautsi nahian, Dean Potter-ek eskalada librea eta BASE jauzia bateratu ditu heriotzaren hurbiltasunaren sentsazioa zoriontasun bilakatuz hegan egitearakoan.

Aukera polita beraz kalitateko mendiko zinemak eskaintzen duenaz gozatzeko.

29Nov/110

IV. Mendi Film Festival-aren aurkezpena

Eduardo Martínez, MFFko presidentea, Antonio Oña, Naturgaseko ordezkaria, Encina Serrano, Gasteizko Udalaren kultur kontseiluburua, Marta Ruiz Cerrillo, AFAko Ingurumen foru diputatua eta Jabier Baraiazarra, Zinemaldiko zuzendaria gaur goizean Montehermoso jauregian izandako prentsaurrekoan

Mendia, abentura eta natura zinemagintzarik onena laster da berriro Euskal Herrian. Gasteizen laugarren urtez egingo da MENDI FILM FESTIVAL, jada IAMF (International Alliance for Mountain Film) elkargoko kide izanik gainera, gai hauen inguruko nazioarteko zinema jaialdirik onenak biltzen dituen elkargoa.

Oinarrizko Kanpaleku aberatsa bihurtuko da Europa Biltzar Jauregia beste behin. Bertan elkartuko dira zinegilerik entzutetsuenak, ekoizle berriak nahiz bide oparoa dutenak, alpinista eta muturreko kirolari puntakoak, eta batik bat, ikus-­‐entzulego grinatsua, OK lepo betetzeko prest egongo dena ziur.

MENDIren eskutik, kultura eta adrenalinaz betetako aktibitateak batean uztartuko dira abenduaren 12tik 20ra bitartean Gasteizen. Eta haren inguruan hainbat osagarri oparo: erakusketak, hitzaldiak, tailerrak, eskoletan eta espetxean proiekzio didaktikoak, eta baita muturreko ikuskizun funambulistak ere Andre Mari Zuriaren plazan Zeledon ospetsuari lanpostua kendu nahian.

Mendiko Kulturak 2012ko Europako Hiri Berdea, The Green Capital, goitik behera girotuko du abenduan IV. MENDI FILM FESTIVALarekin.

Hona hemen sarrera gisa zinemaldiaren aurkezpen-bideoa Bingen Mendizabalen musikaz jantzita:

Argibide guztiak eta programa MFFren web-orrian: mendifilmfestival

11May/110

MENDI FILM FESTIVAL IAMF-ko kide izendatu dute

Alliance.Mendi

MENDI FILM FESTIVAL zinemaldia International Alliance for Mountain Film (IAMF) elkargoko kide izendatu berri dute. Mendi gaien inguruko nazioarteko zinemaldi onenak biltzen dituen Mundu mailako elkargoa da IAMF.

Gaztea da MENDI, hiru ekitaldi besterik ez ditu eta laugarrena bidean da, baina sorreratik zuen desioetako bat bete du dagoeneko albiste honekin. IAMF-ko 21. kide bihurtu da Gasteizen egiten den zinemaldia, beste 19 zinemaldirekin eta Torinoko (Italia) nazioarteko museoarekin bat.

Pozez hartu dute MENDIko antolatzaileek izendapena, eta Tolosan antolatu duten MENDI-TOUR-en estreinaldia baliatu dute albistea publiko egin eta Leidor antzokian elkartutako 300dik gora ikusleekin elkarbanatzeko. Txaloekin zoriondu dute zinemaldia.

MENDIko zuzendari Jabier Baraiazarrak jaso zuen izendapenaren jakinarazpena Trentoko (Italia) zinemaldian –joan diren bi asteetan egin da 59. ekitaldia-. IAMF-ko zuzendaritza batzordeak espresuki deitu zion MENDIko zuzendariari albistea aurrez aurre jaso zezan.

Ezbairik gabe bultzada handia da hau MENDI zabaltzen ari den arrastoan aurrera jarraitzeko.

9May/110

MENDI TOUR Tolosan

MENDI_TOUR_TOLOSA_2011Bihar eta etzi Tolosan izango da hiriz hiri dabilen MENDI TOUR, eta bertan Gasteizen urte amaieran egiten den MENDI FILM FESTIVAL zinemaldiko film sarituak Leidor antzokiko pantaila erraldoian proiektatuko dira. Mendi eta abentura gaien nazioarteko pelikularik onenez gozatzeko aukera bakan eta aparta.

MENDI 2008az geroztik Gasteizen urtero egin den Mendia eta Abentura gaien Nazioarteko zinemaldia da. Mendiko Kultura zabaltzea du xede bi kontzeptu horien batasuna agerian utziz: Kultura zinemagintza bidez, eta Mendia aktibitateen bidez.

Hiru urtetan ikus-entzuleen harrera beroa jasotzeaz batera nazioarteko aitorpena lortu du MENDI Zinemaldiak, eta urrats sendoak ematen ari da Mendia eta Abentura Zinemaldi onenen pare egoteko.

MENDI Zinemaldiaren atal ibiltaria da MENDI TOUR . MENDIn sarituak izan diren filmak ahalik eta ikusle gehienengana helaraztea da helburua.

Guztira zazpi film proiektatuko dira: The Pinnacle, iazko MFF-ko Pelikula onena, The Asgard Project, mendi gaietako pelikula onena, Play Gravity, muturreko kirolen pelikula onena, Entre Nos, film labur onena, Le monde de Gaston Rebuffat, Epaimahaiaren Sari Berezia, eta Uruca, film laburren kategoriako irabazlearen marrazki bizidunetako beste film laburra.

Euskal ekoizpen baten estreinua ere egingo da, BI GAILUR, HAMAIKA ISTORIO BIDEAN, Alberto Zerain alpinistaren eskutik; egunetako batean hura, eta bestean Carlos Suarez alpinista, eskalatzaile eta base jauzilari aparta izango dira Leidorren bertan izango diren protagonistak.

19.00etatik 22.00etara, hiru orduko saioak, erritmoz, adrenalinaz eta kalitatezko zinemaz beteak. Saioko ordaina: 5€; Leidorreko leihatilan bertan eskuratu ahal izango dira sarrerak.

Open publication - Free publishing - More festival
5May/110

MENDI TOUR TOLOSA: aurkezpena

MT_Tolosa_02

“Mendia eta abentura munduko film onenak publiko zabal bati erakusteko xedez sortu zen MENDI FILM FESTIVAL duela hiru urte, eta MENDI TOUR bide horretan ezinbesteko urratsa da”. Jabi Baraiazarra Mendi zinemaldiko zuzendariak atzoko aurkezpenean eginiko adierazpena da hori.

Tolosan, Zerkausi eraikineko terrazan lehendabizi, eta udaletxeko batzar aretoan ondoren, aurkeztu zuten hark, Tolosako Alkate Jokin Bildarratzek eta Tolosa Gasa enpresako arduradun Alberto Gonzalezek atzo eguerdian MENDI TOUR, maiatzaren 10 eta 11n Tolosako Leidorren izango den MENDI Zinemaldiaren atal ibiltaria.