Klaketa
3May/130

MENDI Zinemaldiko 3-D filmak Arrasaten ikusgai

Menditour Arrasate, mendi, abentura eta muturreko kirolei buruzko zinema onena, Debagoienan izango da datorren maiatzaren 7an, asteartez. MENDI FILM FESTIVAL zinemaldian nabarmendutako film hautatuak ederresteko aukera izango dute Arrasateko eta inguruetako herritarrek, horien artean lau lan saritu eta hiru dimentsiotako film labur ikusgarri bat, Bilboko Alhondiga aretoa lepo bete zuena.Saioa ordu eta erdi ingurukoa izango da, Amaia Udal Antzokian, 20:30etik aurrera, eta sarrera bost eurokoa izango da.

 Udal aretoan, 790 lagunentzako lekua duena, zazpi film labur eta ertain proiektatuko dira guztira, 7 eta 22 minutu arteko zazpi ikus-entzunezko. Horietatik lau saridun izan ziren MENDI FILM FESTIVAL zinemaldian: epaimahaiaren saria, ikusleena, mendiko film onenarena eta film labur onenarena, hain zuzen. Mendiko eta eskaladako filmez gain, Arrasateko ikus-entzuleek aukera izango dute beste hainbat gairi buruzko lanak eta irudiak ere ikusteko: BTTn edo piraguan bizitako abentura zirraragarriak, mendia eta funanbulismoa uztartzen dituzten highlining jarduera ez sinestekoak…

Iker Pou, hatz bakarreko mugimenduak 3-Dn

Saioaren bizigarri nagusietakoa Nit de Bruixes film laburra izango da. Zazpi minutu ikusgarritan, Iker Pou eskalatzaile gasteiztarrak 9a+ bide batean –kirol eskaladako zailtasun gorena– lortutakoa errenditzen du iruditan ikus-entzunezkoak. Bide hori kateatzen lehena izan da Iker. Zailtasun eta edertasun gorenaren ikurretako bat da Nit de Bruixes, hatz biko eta hatz bakarreko helduleku eta pasartez jositako lerro itzela. Lorpena biribiltzeko, Jordi Canyigueral zinemagile kataluniarrak hiru dimentsiotako iruditan jaso eta ondu du eskalada.

Iker Pou climbs Nit de Bruixes, 9a+ difficulty, in Margalef, Spain on January 24th

Iker Pou climbs Nit de Bruixes, 9a+ difficulty, in Margalef, Spain on January 24th

 Bost urteko ibilbide laburrean, mendiko zinemaren arloko nazioarteko erreferentzia bihurtu da MENDI FILM FESTIVAL. Zinemaldiaren asmoetako bat, gainera, beti izan da leihoak Euskal Herri osora zabaltzea, lehiaketara aurkeztutako berrogeita hamar film horien lagin esanguratsuena herri batetik bestera eramatea. Hain zuzen, horixe da MENDITOUR ekimenaren funtsa.

 “Nit de Bruixes” bereziaz gain, mendiko zinemako nazioarteko jaialdian lehiatu ziren beste sei titulu eskainiko ditu Menditour Arrasatek, horien artean saritutako lau lan: 

  • “Moonwalk” (AEB 2012, 4’), basamortuko paisaia zirraragarrien gainean eginiko highlining ariketa beldurgarria, ilargi bete hanpatua bidelagun. 

Moonwalk; Mikey Schaefer-ek zuzenduta

Of Souls + Water: The Nomad (AEB 2012, 7’), Erik Boomerrek,  “National Geographic” aldizkariak urteko abenturazale izendatu zuen gazteak, oinez, eskiz eta kayakez eginiko jardueren laburbilduma bitxia.  Film labur onenaren saria MENDI FILM FESTIVAL jaialdian.

OfSouls+Water: The Nomad; Skip Amstrong
  • Why(AEB 2011,8’), harkaitz eskalada, piragua eta mendiko bizikleta egiten duten muturreko hiru kirolariren jarduna, eta tartean, betiereko galdera hori: Zergatik?

    Why, Corey Rich eta Dane Henryk zuzendutako film laburra

  •  “Bajo cero”(Euskal Herria 2012,20’), Gasherbrum I mendirako espedizioan hiru kide desagertu ondoren, Alex Txikon eta Carlos Suárez mendizaleen lekukotza eta hausnarketa sakonak ehuntzen dituen filma.Ikus-entzuleen saria MENDI FILM FESTIVAL zinemaldiaren azken edizioan.

    Bajo Cero, Egoi Markaida zinegilearen azken filma

  • “Silbergeier”(Frantzia 2012,20’), Suitzako Alpeetako bide tekniko eta gogorrenetako bat eszenatoki, eta txiki-txikitatik hura kateatzeko ametsetan bizi izan den Suitzako bertako neska baten historia.Epaimahaiaren sari berezia MENDI FILM FESTIVAL zinemaldian.

    Nina Caprez, Silbergeier filmaren protagonista

Film guztiak jatorrizko bertsioan emango dira, euskarazko azpitituluekin, “Nit de Bruixes” eta “Bajo cero” izan ezik, bi horiek gaztelaniaz.

29Apr/130

MENDI Zinemaldiko film onenak Donostian


NAZIOARTEKO MENDIKO ZINEMA ONENA IKUSTEKO AUKERA IZANGO DA ASTEARTEAN ETA OSTEGUNEAN PRINCIPAL ANTZOKIAN, “MENDITOUR DONOSTIA” JARDUNALDIETAN

Bederatzi film labur eta ertain izango dira bi saiotan banatuta, horien artean MENDI FILM FESTIVAL zinemaldiko azken edizioko film onenaren saria, argazki onenarena eta euskarazko film onenarena:

• Bi saioak ordubete eta 45 minutu ingurukoak izango dira, eta 19:30ean hasiko dira; sarrera 5 euro izango da txarteldegian

• Asteartean film onenaren saria proiektatutako da, “Erhard Loretan: Respirer l’odeur du ciel”, Erhard Loretan alpinista suitzarrari eskainitako omenaldia. Hamalau zortzimilakoak igotzen hirugarren gizona izan zen Loretan, eta Alpeetan hil zen, istripuz

• Ostegunean, besteak beste, film hauek proiektatuko dira: “Berriro igo nauzu”, euskarazko film onenaren saria (euskal baserriaren unibertsoari buruzko film ederra) eta “Unicorn Sashimi”, argazki onenaren saria, Japoniako Hokkaido uharteko mendietan eginiko muturreko eskiko jardueren kontakizuna

• Saritutako filmez gain, MENDITOUR DONOSTIAN beste hainbat film ikusgarriz gozatzeko aukera izango da, eta film horien lekuko, baita munduko hainbat zoko-bazter ederresteko ere: Utahko arroilak, Kanadako Helmcken jauzia, Yosemiteko horma bertikalak, Coloradoko Zintzur Handia edota Amazoniako Autana tepuia

17Apr/130

MENDI Film Festival Bartzelonako BCN SPORTS FILM Jaialdian izango da

MENDI FILM FESTIVAL, mendi, abentura eta muturreko kirolen euskal zinemaldiak, pasa den abenduan bosgarren edizioa osatu berri duen honetan, Bartzelonako IV. BCN Sports Film jaialdian hartuko du parte apirilaren 18tik 20ra. Kirolei buruzko film eta dokumentalen jaialdia da Bartzelonakoa. Barcelona Olímpica Fundazioak, Fédération Internationale Cinéma Télévision Sportifs (FICTS) erakundeak eta Nikita Distribution banaketa-enpresek antolatzen dute ekitaldia, Bartzelonako Udalaren, Espainiako Batzorde Olinpikoaren eta Bartzelonako Hiri Garraioak entitatearen babesarekin.

 

Zehazki, MENDI FILM FESTIVAL zinemaldiak “One to One” ekimenean hartuko du parte. Topagune horren funtsa da kiroletako ikus-entzunezkoen ekoizle eta egileak eta estatuko nahiz nazioarteko emisio-kanal, jaialdi tematiko eta banaketa-enpresetako ordezkariak aurrez aurre elkartzea. Jada ekoitzitako kiroletako ikus-entzunezko sormen-lanak sustatzeko eta banatzeko aholku praktikoak ematea da, hain zuzen, networking-eko ekitaldi horren xedea.

MENDI FILM FESTIVAL zinemaldiaren azkeneko edizioan saritutako lau film proiektatuko dira Kataluniako jaialdian. Honako hauek, hain zuzen: “Pura vida” (mendiko film onenaren saria); “Origins: Obe and Ashima” (mendiko kirolen film onena); “Of soul + water: The nomad” (film labur onena); eta “Unicorn Sashimi” (argazki onena).

Saritutako filmez gain, BCN Sports Film jaialdian izango dira Euskal Herriko mendi zinemaldi entzutetsuan estreinatu zen “Next Stop Greenland” ikus-entzunezkoa eta beste bi lan: “Of soul + water: The warrior” eta “Why”.

Obe and Ashima filmak, mendiko kirol film onenaren saria eskuratu zuen MENDI zinemaldiaren azken edizioan

8Apr/130

MENDI zinemaldiak irekia du dagoeneko 2013ko ediziorako filmak aurkezteko epea

Argazkia: Living with vulcanoes Fulvio Mariani-rena

Mendi, abentura eta muturreko kirolei buruzko zinemaren euskal jaialdiak seigarren edizioa izango du aurten, Bilbon, abenduaren 13tik 22ra, eta lehiaketako lanak jasotzeko epea zabalik izango da irailaren 30era arte.

MENDI FILM FESTIVAL, mendi, abentura eta muturreko kirolei buruzko euskal zinemaldiak, zabalik du jada seigarren edizioan lehiatuko diren filmen izena emateko epea. Gaurtik irailaren 30era, mendiarekin lotura duten ikus-entzunezko mota guztiak bidal daitezke Mendi zinemaldira.

Kontakizuna mendian garatzea edo edukiak mendiarekin zerikusia izatea da filmek bete beharreko baldintza. Gaiak, beraz, askotarikoak izan daitezke: alpinismoa, eskalada, mendiko eta abenturako kirolak, eskia, muturreko kirolak, ingurumena, etnografia, etab. 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera egindako ekoizpenek soilik izango dute lehiaketara aurkezteko aukera. Jaialdiko Hautaketa Batzordeak aztertuko ditu bidalitako lan guztiak.

Izena emateko eta dokumentazioa bidaltzeko, helbide elektroniko hau egokitu du antolakuntzak: info@mendifilmfestival.com

Oinarriak web-orrian: www.mendifilfestival.com
22Jan/130

MENDI zinemaldiaren V. edizioko onena Gasteizen

Bilboko egoitza berria estreinatu ondoren, Mendi Film Festival zinemaldia lehenengo lau edizioetan lagun izan zuen Gasteiza itzultzen da MENDI Tour-ean. Horrela, asteazkenetik ostirala bitartean, aukera izango da Euskadiko hiriburuan ere MENDIko V. edizioko film onenak ikusteko.

Honatz MENDI Tour-ak Gasteizen eskainiko duen programa:

Urtarrilak 23, asteazkena

Erhard Loretan, film irabazlearen protagonista, Gasteizen egon zen Mendiko III. edizioan

«Erhard Loretan: respirer l’odeur du ciel»  (Benoît Aymon. Suitza. 2011, 52´).

Film onenari sari nagusia

52 urte bete zituen egunean, Erhard Loretan istripu batean hil zen, Alpeetan gidari lanetan ari zela. Erhard, munduko hamalau zortzimilakoak eskalatu zituen hirugarren gizona, “Lord”-en ezpalekoa zen, alpinismoaren orrialderik ederrenak idatzi dituzten alpinisten kasta horretakoa. Dokumentu eta lekukoen testigantza argitaragabeekin, “Binoculars”-ek omenaldi zinez hunkigarria egiten dio gizon eta mendizale bikain honi. Gizona bere handitasun eta hauskortasun osoan azaltzen du ikus-entzunezkoak.

Epaimahaiak honako film bikain hau saritzeko arrazoiak eman nahi izan zituen epaiarekin batera:  "Epaimahaiak egilearen maisutasuna azpimarratu nahi du, haren begirada zorrotzarekin eta testigantzen indar gehituarekin, alpinista nahiz gizaki gisa parekorik ez duen norbaiten erretratu intimo eta gizatiarra sortzen bait du. Gidari jakintsu eta eredugarri bati eginiko merezitako omenaldia, bere barrenari begiratzeko gaitasuna eta ausardia izan zuena, eta munduko gailurrik nagusienei bezala bereziki patuak gorde zizkion bere barneko mendi malkartsuei aurre egin ziena."

«Of Souls + Water: The Nomad» Skip Armstrong (7’)

Film labur onena

Zergatik dabil batetik bestera, alderrai? Zeren bila? Oinez, eskiz eta kayakean harat-honat bidaian dabil Erik, munduan eta bizitzan barna joan-etorrian, jende gehienak bidaiatu ohi duen moduaren aldean guztiz bestela. Bera da nomada. Erik Boomer da The Nomad filmeko protagonista, National Geographicek urteko abenturazale izendatutako esploratzailea. Artikoko ipar muturra, Kalifornia Behekoko itsasoak eta basamortuak, DCko kaleak eta ipar-mendebaldeko ur-jauziak esploratzen eginiko bidaiak laburtzen dira filmean.

 «Aventura sin taladro» 60’: Unai Mendiak aurkeztutako ikusentzunezkoa

 “Nire inguruan ikusten dudanaren arabera, pentsatzen dut agian ni naizela erratuta dagoena. Gauzak ia inork ulertzen ez dituen bezala ulertzen dituena, han urrunean gelditu zena, oso atzean, zaharkitua. Arroka, ahal baldin bada aurkitu genuen bezala, erabat garbi uztea polita dela pentsatzen jarraitzen dut".

Urtarrilak 24, osteguna

«Autana» Alastair Lee (55)’

Leo Houlding eskalatzaile abenturazalea eta Alastair Lee zinemagilea eskutik datoz berriro ere neurri epikoak dituen ekoizpen handi honekin. Oraingoan, Leo (Erresuma Batua) eta bere eskaladako lagunak, Sean Leary (AEB) eta Jason Pickles (Salford, Erresuma Batua), Amazoniaren bihotzera menturatuko dira, oihaneko tepui galdu batean, Autana mendiaren ekialdeko aurpegi ikusgarrian, lehen bidea eskalatzeko asmoarekin. Parekorik ez duen abentura kontatzen du filmak. Eta abenturazko filmen ekoizpenean beste urrats bat ematen du muga ezezagunetarantz, emaitza bikainak lortzeko. Originala, esperimentala, entretenigarria eta bisualki ikusgarria.

«Silbergeier» Vald Celier (19’)

Epaimahaiaren saria

Mendi baten magalean bizi zen neskatila baten historia da hau, noizbait mendiaren gailurrera igoko zela promes egin zuen neska baten historia. Silbergeier, Suitzako Alpeetako bide handi eta teknikoenetako bat izan arren, erakargarriegia suertatu da beti begi-ninietan izan duen neska gaztearentzat.

Zortzi urte behar izan ditu Nina Caprezek, zortzi urte bete pasio, esperientzia eta praktika , prest dagoela sentitu arte. Cédric Lachat bidelagun duela, suitzarra bere sustraietara itzuli da, aspaldiko ametsa betetzeko.

Filmak poesiaz eta umorez kontatzen du epopeia handi hau, mitoa jaiotzen den unetik azkeneko lekukoa jasotzeko unera arte...

Vlad Cellierek zuzendutako ekoizpen frantziar honek Epaimahaiaren saria irabazi zuen: "Orijinaltasuna, freskotasuna eta umorea uztartzeko erakutsitako gaitasuna, horixe azpimarratu nahi izan du Epaimahaiak lan honekin. Eskaladaren gazi-gozoak era soltean erakusten asmatu duela azpimarratu dute. Hori guztia kontatzeko modu arin eta entretenigarria erabiliz, eta gainera, genero rol zaharkituak gaindituz."

David Palmada eta Josep Maria Esquirol irrifartsu Baffin irlan

David Palmada eta Josep Maria Esquirol irripartsu Baffin irlan

«Sensacions» ikusentzunezkoa (60’), David Palmadak “Pelut” eta Josep Maria Esquirolek “Tato” aurkeztuta.

Sensacions” Pelut-ek zabalduriko bidearen izena da. "Baffin uhartean, Zirkulu Polar Artikoan, egon ginen 40 egunetatik soilik bi egun eguzkitsu izan genituen behe kanpalekuan eta beste bi paretan. Gainontzean haizea, elurra eta zero azpitik 40 gradurainoko tenperatura...zabor hutsa. Ez nintzateke sekula itzuliko, oso gaixorik egon beharra dago bertara itzultzeko." Bidea amaitu ostean itzulera arriskutsua zeukaten. Bost zamaketa egun 300 kilo arrastaka eramanez eta tentsioz beteriko itxaronaldi luzea, hartz polarrak agertuko zirenaren beldurrez.

Urtarrilak 25, ostirala

«Unicorn Shasimi» (Ben Knight + Travis Rummel + Nick Waggoner. USA 2012, 65’30”)

Argazki onena

"Neguan, haize-bolada hotz etengabeek gogor astintzen dute Siberia eta hezetasuna jasotzen dute Japoniako Itsasoan. Aire heze eta izoztu horrek Hokkaidoko mendien kontra talka egiten duenean, sekulako elurteak jausten dira Japonian iparraldeen dagoen uhartean. Eta orduan, leku hura esploraziorako paradisu harrigarria bihurtzen da eskiatzaile eta snowboarder ausartenentzat. Bazter eta kantoi bakoitzean, urki zilarkaren baso elurtu eder haietan, uste genuen, ziur ginen, unikornioak bidelagun genituela."

«Origins: Obe and Ashima» (Josh Lowell . USA 2011. 22’)

Mendiko kirolen film onena

New Yorkeko bederatzi urteko neskatila bat sekulako zalaparta sortzen ari da boulderraren munduan. Ashima Shiraishi da bere izena. Obe Carrion entrenatzaile grinatsua gidari duela, maistra txikitxo hau lehiaketa guztiak menderatzen ari da eta eskaladaren gaztetasunari loturiko muga guztiak gainditzen. Obek boulderreko proba-eremu handienetakora eramango du Ashima, Hueco Tanks-era, TX. Obek berak han eman zuen jauzia duela 13 urte, boulderraren jatorrietan, eta Ashimak, harri eta zur utziko ditu denak.

 

«Honnold 3.0» Josh Lowell, Peter Mortimer, Nick Rosen, Alex Lowther (USA: 2012; 33’)

Alex Honnoldek bere belaunaldiko bakarlari ausartenaren ospea bereganatu du. Joko arriskutsu horretan, nola lortzen du anbizio hutsaren eta bizirauteko senaren arteko oreka? Highball boulderreko lehen igoerak, 5.13 edo 8a zailtasunetik gorako bakarkako igoerak era askean, eskalada tradizionaleko urruneko abenturak, abiadura errekorrak The Nose bidean… Honnold oreka horrekiko erronkan ibili da beti, egundaino osatu duen abentura handienerako prestatzen: Yosemite Hirukoitza. Jarduera horretan, 19 orduz azpitik eskalatu ditu Mt. Watkins, Capitan eta Half Dome hormak, eta eskaladaren %95 era askean eta bakarka.

«Elogio del fracaso» 60’  Alberto Iñurrategik aurkeztuta:

“Porrota? Humanizatu egiten gaitu. Gure ezina zerk sotu duen ikasten badugu, ez dago porrotik”. Himalayan, 20 urtetik gorako ibilbidean, Alberto Iñurrategik bidea izan du helburutzat, gailurra osagarri.”

Saio guztiak Vital Kutxaren Fundazio aretoan izango dira (Dendaraba) 19:30etan eta saioko prezioa 3€.koa izango da.

13Dec/120

Ostiralean hasiko da Bilbon MENDI zinemaldia

KUTXABANK MENDI FILM FESTIVAL bihar abiatuko da. Hamar egunez Bilbon mendiko nazioarteko zinemagintzarik onena eskaintzeaz batera beste hainbat jarduera antolatuko dira: alpinismoa eta abentura kiroletako mundu mailako izarrak bertan izango dira, kalean erakustaldi ikusgarriak eskainiko dira, argazki erakusketa bat egingo da, bai eta tailerrak ere, eta Pagasarrirako igoera tradizionala ere bai, jaialdiko egitarauan txertatua eta zuhaitz-landaketa masiboa ere izango duena. Euskalduna Jauregian egingo da hasiera-ekitaldia, bihar, ostirala, 19:30etan.

Zinemazale eta muturreko kirolen zaleentzat hitzordu erakargarria izango da. Gaiaren inguruko lan berrien hautaketa bat egin ostean 50 filmek hartuko dute parte lehiaketan. Nekez izaten da lan hauek zirkuitu komertzialean ikusteko aukera, beraz aukera paregabea da haietaz gozatzeko. Zinemaldia lehendabiziko aldiz egingo da Bilbon, aurreko lau urteetan Gasteizen egin eta gero. Urte haietan pilatu den esperientziak jaialdi hau nazioarteko onenen artean kokatu du eta tarte horretan Internationall Alliance For Mountain Film elkargoko kide izendatu dute, mendi zinemagintza eskaintzen duten munduko jaialdi onenak biltzen dituen elkargoa.

Lau agertokitan eskainiko dira pelikulak: Euskalduna Jauregia, BBK Aretoa, Alhondiga eta EHU/UPV-ko Errektoretzan. Horrez batera Bilboko kaleak ere inprobisatutako agertoki bihurtuko dira MENDI FILM FESTIVAL honetako hainbat jarduera burutzeko. Zalantzarik gabe ikusgarrienak slackline show-ak izango dira, tenkatutako soka baten gaineko oreka ikuskizuna, eta hiriko eraikin zenbaitetan eskalada saioak ere egingo dituzte.

Gonbidatuak

Lehiaketan eskainiko diren pelikulek duten erakargarritasunari haiek aurkeztera etorriko diren protagonistena gehitu behar zaie, eliteko kirolariak denak. Euskal mendizaletasunaren ikur diren Pou anaiak, Alex Txikon edota Edurne Pasaban, eta agian publiko orokorrarentzat hain ezagunak ez diren nazioarte mailako izarrak: Steph Davis eskalatzaile eta BASE jauzilari estatu batuarra, horma bertikal batean 32 egun egin zituenekoa kontatuko duen Silvia Vidal; edota Somewhereelseland taldeko kideak, slackline erronka ikaragarriak eginez munduan barrena bidaiatzen ari direnak (zinta elastiko gainean egiten den funambulismoa, eskalada munduan 80. Hamarkadan sortu zena).

KUTXABANK MENDI FILM FESTIVALAK hamar egunez aukera paregabea eskainiko du mendiko filma ikusgarriez gozatzeko, eskalada, eskia, base jauziak, piraguismoa, mendiko bizikleta edota espeleologia gaiak jorratzen dituzten lanak.

Mireille Chiocca frantziarra izango da sariak banatzeko ardura izango duen Epaimahaiko burua. Eski probak antolatzen esperientzia handia zuela, 1984an Autranseko (Frantzia) Mendi eta Abentura Zinema jaialdia sortu zuen eta 29 urtez izan da haren zuzendaria. Denbora horretan beste jaialdi batzuetako aholkularia izan da eta duela zortzi urtetik hona bera da International Alliance For Mountain Film elkargoko presidentea. Beste lau epaimahaikideak hauek dira: Barbara Destefanis (ikus-entzunezkoetan aditua eta Bartzelonako BCN Sports Film Festivaleko arduraduna), JIñaki Gauna (www.klaketa.net blogaren erantzulea eta  Zigoitiko Nomadak zineklubaren koordinatzailea), Javier Alonso (Espainiako Mendi Federazioko Goi Mendiko Taldeko Ohorezko kidea), eta Joni Cooper (zinema ekoizlea eta jaialdi zenbaiten aholkularia, egun Banffeko Mendi Zinemaldiko programazio arduraduna da).

9Dec/120

Steph Davis, munduko eskalatzailerik onenetarikoa, Mendi zinemaldian

Pareta handi eta arrokako eskalada libreko aitzindarietako bat den STEPH DAVIS estatubatuarrak, “Earth to Sky” ikusentzunezkoa aurkeztuko du MENDI zinemaldian egingo den MOUNTIMES Sailean abenduaren 15ean BBK Aretoan 19:00etatik aurrera. Oso bestelako bi diziplina uztartzen dituen dokumental ikusgarria da, “free solo” eta “BASE jauzia” Moabeko basamortuan, Utah-en.

Pareta gizabanako bakarra bezala ulertzeko denbora hartzea da -azaltzen du- eta era horretan eskalatzeko modurik ederrena topatu eta bertatik jauzia egiteko”. “Wingswit” (hegaldun trajea) diziplinaren jarraitzaile amorratua ere bada eta Utahko Castleton Towereko iparreko isuria “free solo” eran eskalatu duen lehendabiziko gizaki bilakatu da. Modu berean 2.148 metroko Capitan (Yosemite) igo duen bigarren emakumezkoa da Davis. Patagoniako Fitz Royra igo den lehen emakumezko amerikarra ere bada, mendikate horretako zazpi tontor nagusiekin batera. Egun bakarrean Argentinako Patagoniako Egger Torrea (2.685 metro) igo duen lehen emakumezkoa ere bilakatu zen.

MOUNTIMES Sailak protagonisten azalpenekin gozatzeko parada ematen die ikusleei jardunaldi irekietan.

 

8Dec/120

Autobusak Gazteiztik MENDI FILM FESTIVAL-era joateko

MENDI FILM FESTIVAL ZINEMALDIAK ETA ESTADIO FUNDAZIOAK GASTEIZTIK SARRERAK ERRESERBATU ETA AUTOBUS BIDEZKO JOAN-ETORRIAK EGITEKO ZERBITZUA ANTOLATU DUTE

Estadio Fundazioaren bidez eta 15 euroko prezioan, egunero 19:00etan hasten den bigarren saiorako tiketak, autobusa eta sarrera, jarriko dira salgai

Hasteko, egunero 50 plaza erreserbatuko dira, Internetez, telefonoz edo aurrez aurre formula honetaz baliatzen diren Gasteizko ikusleentzat

Informazio guztia: http://www.mendifilmfestival.com/

KUTXABANK MENDI FILM FESTIVAL zinemaldiak eta Estadio Fundazioak sarrerak erreserbatu eta autobus bidezko joan-etorriak egiteko zerbitzu bateratua abiarazi dute 15 eurotan, eta honi esker, Gasteizen bizi diren mendiko zinemaren zaleek abenduaren 14tik 23ra bitartean 19:00etan egingo diren arratsaldeko saioetara joateko aukera izango dute (hilaren 14ko 19:30etarako programatuta dagoen aurkezpen ekitaldira izan ezik).

Zerbitzu hau, Vital Kutxak Arabako hiriburuko Cervantes pasealekuan dituen kirol instalazioak kudeatzeaz arduratzen den Estadio Fundazioaren lankidetzaz abiarazi da. Instalazio horiek 20.000 abonatu eta urtero milioi bat sarrera inguru dauzkate.

Zinemaldiaren antolatzaileek berrogeita hamar sarrera erreserbatu dituzte arratsaldeko saio guztietan, Gasteizko ikusleen eskariari aurre egiteko. Sarrerak Estadio Fundazioaren harreran eskura daitezke, eta abonatuta daudenek Interneten bidez eta 945 131345 telefonora deituta ere lortu ahal izango dituzte.

Autobusa Fundazioaren egoitzatik irtengo da 17:30etan, eta Arriagako parkean geldialdi bat egin ondoren, Bilbo aldera abiatuko da. Bizkaiko hiriburuan, filmak pantailaratzeko aukeratutako areto desberdinen arabera (Euskalduna Jauregia, BBK Aretoa, AlhóndigaBilbao edo EHU/UPVko Errektoretza) adostuko diren lekuetan, bidaiariak jaso eta etxera eramango ditu.

6Nov/120

Mendia Humanitateetan eta Gizarte Zientzietan I. Symposiuma eta eta Literatura, zinema eta mendiari buruzko III. Jardunaldiak

Gaur, asteartean, azaroak 6, 11:00etan, Gasteizko Las Nieves Eraikineko Gradu Aretoan, "Mendia Humanitateetan eta Gizarte Zientzietan I. Symposiuma" eta "Literatura, zinema eta mendiari buruzko III. Jardunaldiak" aurkeztuko dira. Jardunaldi hauek UPV/EHUk eta Mendi Film Festival-ek antolatzen dute.

Prentsaurrekoan Antolaketa-Batzordeko kideak izango ditugu:

  • Javier Alonso Aldama, jardunaldietako erantzulea UPV/EHUko Klasiko Ikasketen Saileko Letren Fakultateko irakaslea.
  • Jabier Baraiazarra, Mendi Film Festival zinemaldiaren zuzendaria.
  • Luis Garagalza, jardunaldietako antolakuntzako kidea eta Arabako Esperientzietako Geletako zuzendaria.

Prentsa aurrekoan jardunaldi honetako programazioa eta berri nabarmenak ezagutarazi ahal izango dira. Jardunaldi hauetako azaroaren 7tik 9ra izango dira eta izango dituen berritasunen artean, aurten jardunaldiak goizez eta arratsaldez izango dira lehengoz. Zinemaldiak eta hizketaldiak dute eta edizio honetan Mendi Film Festival hasi baino lehen sarrerako gune aproposena izatea proposatzen dira.

Bere izaera irekiaz esker, gai hauetan interesatuta dauden pertsona guztietako asistentzia pizten dute. Esplorazio geografikoa, kirol eta mendiko jarduerak, bidai mendi eta zinema liburuak, gune naturaleko irudizko eraikuntza, etab. jorratuko dira jardunaldietan.

Besteak beste, jardunaldian hedabideetako profesionalak, irakaskuntzakoak, zinemagileak edo alpinistak izango dira. Jardunaldietan mundu osoko mendiak aukera ezagutzeko aukera izango da eta eta hainbat ikuspegi uztartuko dira topaketan: zientzialariarena eta esploratzailearena, baita mendizale eta humanistarena ere. Letren Fakultateko izango den elkarketa hau Zientzia eta dibulgaziorako aukera ezin hobea izango da.

Hirugarren edizio honetan jardunaldiok orohar Letra Fakultatean garatzekoak badira ere kontuan hartu behar da Encordades filmaren proiekzioa aldiz, Gasteizko Florida zine-aretoetan izango dela ostegunean 20:00etan.

Jardunaldiek irekiak izan nahi dute eta izaera hori ondo islatzen da gonbidatutako 21 hizlarien eta proiektatzekoak diren hiru filmen aniztasunean.

PROGRAMA OSOA

Azaroak 7

LETRA FAKULTATEKO GRADUEN ARETOAN

Goizean

9:00-10:00 Hasierako saioa

10:00-11:00 Inaugurazio hitzaldia: «Mountaineering poetry »,Terry Gifford  (Chichester eta Bath Spa unibertsitateak, GIECO)

10:30-11:00 Atsedenaldia

11:45-12:15 «Mendi literatura ikerketa akademikoaren arloan », Haritz Monreal (UPV/EHU)

12:15-12:45 «Montaña sagrada vs. montaña tóxica; respuestas literarias a Yucca Mountain», David Río Raigadas (UPV/EHU)

Arratsaldean

15:30-16:00 «Montañas, paisaje y patrimonio»,María José González Amuchastegui (UPV/EHU).

16:00-16:30 «Geografía y paisajes de montaña», Juan José González Trueba (CIESE Comillas, Kantabriako Unibertsitatea)

16:30-17:00 «Viento del Sur. Investigación y escaladas en Patagonia», Ibai Rico Lozano (UPV/EHU)

 17:00-19:00 Atsedenaldia

 19:00-20:15 Proiekzioa: «Au-delà des cîme (2009) Rémy Tezier zuzendariarena

20:15-21:00 «Mujer y deportes de montaña hoy», Ana Ruiz Pérez eta Idoia Rubial Elorza (Neskalatzaile Elkartea)

Azaroak 8

Goizean:

9:00-9:30 «Un pueblo de montaña cretense en la obra de Rea Galanaki»,J avier Alonso Aldama (UPV/EHU)

9:30-10:00 «El paso de los Alpes de Aníbal según Tito Livio», Jesús Bartolomé (UPV/EHU)

10:00-10:30 «La representación literaria de la montaña de Stanhope a Woolf», Maite Muñoz García de lturrospe (UPV/EHU)

10.30-11-00 Atsedenaldia

11:00-11:45 «Alpinisme et politique dans l'entre deux guerres en Europe», Olivier Hoibian (Toulouseko Paul  Sabatier Unibertsitatea)

11:45-12:15 «Arqueología y montaña: las fortificaciones medievales en el País Vasco», Belén Bengoetxea. (UPV/EHU)

12:15-13:45 «Montaña y narratividad», Jesús Camarero (UPV/EHU)

12:45-13:15 «Las aristocracias del espacio», Michael Marder (Profesor investigador. Ikerbasque (UPV/EHU)

Arratsaldean:

16:00-16:30 «La invención de la montaña en la cultura moderna», Luis Garagalza (UPV/EHU)

16:30-17:00 «Conversación con la montaña: naturaleza y narrativa en Yosemite», Martín Simonson (UPV/EHU)

17.00-17.45 «Montaña y neolitización: intento de arqueología simbólica»,Alexandra Borsari (miembro asociado del CRI de Grenoble)

17:45-18:15 «La montaña en el cine: ¿fondo o personaje?», Kepa Sojo Gil (UPV/EHU)

18:15-20:00 Atsedenaldia

20:00-21:45 Proiekzioa: «Encordades» (2011), Gerard Montero Corominas zuzendariarena (Florida zine-aretoetan)

20:45-21:15 «Lehen emakume alpinistak», Estitxu Fernandez Maritxalar (EITB) 

Azaroak 9

Goizean

9:00-10:45 Proiekzioa: «El corazón del Bosque» (1979), Manuel Gutiérrez Aragónek zuzenduta.

10:45-11:15 Atsedenaldia

11:15-12:00 «Naturaleza en estado puro: el bosque del maquis», Agustín Gómez Gómez (Malagako Unibertsitatea)

12:00-13:00 Amaiera emateko hitzaldia

«Buscando gemas en el Karakorum», Ana González Huix (argazkilaria) eta Simón Elías (idazlea eta goi mendiko gida)

13:00-13:30 Amaiera

18Oct/120

Mendi Tour-ek Mendi Film Festival zinemaldiaren azken edizioko film onenak eskainiko ditu gaur Donostian

MENDI FILM FESTIVAL Mendiko Zimena Jaialdiak amaiera emango dio GAUR, osteguna, hilak 18, MENDI TOURaren Donostiako egonaldiari. Iazko lehiaketan aurkeztutako film onenetako batzuk aukeztea da Euskadiko herri desberdinetan ikusgai izan den ekimen honen helburua.

Erakustaldi honek bukaera emango dio GAUR Antzoki Zaharrean egindako egonaldiari, eta bertan, Donostiako publikoak Jaialdiaren antolatzaileek aukeratutako lanen maila zinematografiko handia islatzen duten lau film labur eta ertain ikusteko aukera izango du. Jaialdia Bilbon antolatuko da aurten, abenduan. Sarrerak (4,5 eurokoak saio bakoitzeko) salgai daude jadanik Kutxabank-en webgunean. 

MENDI FILM FESTIVALaren inguruan antolatutako ekintza da MENDI TOUR. Mendi gaien inguruko zinemagintza (zentzurik zabalenean, eskalada edota alpinismoarekin batera muturreko kirolak, eskia, ekologia, ingurumena, etnografia… hartzen baititu kontuan) Euskal Herriko toki desberdinetara helaraztea du xede. Horretarako tentu handiz hautatzen dira pelikulak, eta tartean daude zinemaldian bertan sarituak izan dien hainbat.

Gaurko saioan lau pelikula eskainiko dira. ‘Arditan’, orduerdiko dokumentala, erretiroa hartzekotan den Gorbeiako artzain baten bizimodua erakusten duena. ‘Linea continua’, Barmasse sendiko lau belaunaldi, esploratzaileak eta Matterhon-eko gidariak izandakoak edo direnak, aurkezten dizkigun filma. ‘Cold’, Simone Moro, Denis Urubko eta Cory Richards-ek GII-a neguan eskalatuz lortutako balentria Richardsek grabatutako irudi zirraragarrien ikusmiratik. Eta ‘The swiss machine’, Ueli Steck alpinismoko abiadura errekorrak hausten dituen gizonaren dohainak bizi-bizi erakusten dituen filma.