Klaketa
23Sep/110

Zinemaldiaren azken txanpa

Zinemaldiko lehiaketaren azkenaurreko eguneko hiru proposamen interesgarrietan, argiak eta itzalak izan genituen.

Ikusi nuen lehen filma Ana Katz zuzendariaren Los Marziano film argentinarra izan zen. Lan horrek, “country” izenekoen itxurazko segurtasunaren testuinguruan, heldutasunera iritsi diren anaien arteko loturak lantzen ditu. Horretarako, elkarren arteko ulertu ezinaren ondorioz urrunduta dauden eta berriz topo egiten duten bi anaien inguruan egituratutako istorioa kontatzen digu.

"Los Marziano", Ana Katz-ek zuzenduta

Ana Katz gauza mingarrien eta umorearen arteko lerro labain batean ibili da, pertsonaiengana eta pertsonaien mundu emozionalera hurbil gaitezen. Izan ere, zuzendariak jakin badaki desadostasunak deuseztatzeko baliabiderik onena hurbiltasuna dela, desadostasun horiek ziruditen baino txikiago ikusten baitira azkenean.

Proposamen adimentsu horren bidez, umore surrealistaren ukituekin, doinu egokiko soinu-banda batekin eta kontu handiz zehaztutako eta interpretatutako pertsonaia batzuekin, Guillermo Francellaren (El Secreto de sus ojos) presentzia azpimarratzekoa izanik, pertsonaien intimitatean sartzen gara kontu handiz, haien arrazoiak uler ditzagun eta maitasunak desadostasunak murrizteko duen ahalmena ikus dezagun.

Guillermo Francella, Mercedes Morán eta Arturo Puig, Ana Katzek zuzendutako "Los Marziano" filmeko protagonistak / Photo Kris J.

Arratsaldean, berriz, Filippos Tsitos-ek zuzendutako Adikos kosmos produkzio alemaniar-grekoaren estreinaldian izan nintzen.

ADIKOS KOSMOS (Unfair World), zuz.: Filippos Tsitos

Nahita erabilitako estilo artifiziotsu eta nabarmen batekin, erritmo trinko eta itogarri batekin eta itxuraz zekenkeria nagusi den giro batean, Filippos Tsitosek munduaren degradazioa ikusten du ezintasunetik. Izan ere, munduaren etika eta justizia amiltzen ari dira jende onaren begirada isilen aurrean. Jendea, zuzendariaren beraren kamera bezalaxe, geldi dago errealitatearen aurrean, eta denek aurkitzen dituzte etikoa ez izateko arrazoiak.

Filippos Ttsitos zuzendaria "Adikos Cosmos" filmeko protagonistarekin, Antonis Kafetzopoulos / Photo Kris J.

Eguna amaitzeko, Jacques Demy zinemagilearen eta Agnès Varda-ren seme Mathieu Demyren lehen filma izan genuen ikusgai: Americano. Zuzendari gisa egin duen lehen eta etorkizun handiko saio honetan, zinemaz asko dakiela erakutsi du Demyk, keinu ugariengatik ez ezik, neurri handian autobiografikoa den eta umoreaz eta poesiaz hornituta dagoen bidaia emozional bat birsortzeko erakutsi duen trebetasunagatik ere bai.

Mathieu Demy eta Salma Hayek, ileordearekin, “Paris Texas” filmeko Nastassja Kinskiri egindako keinu argi batean.

Zuzendariak berak adierazi duenaren arabera, filma haren amak (Agnés Vardak) 1981ean egin zuen eta Mathieuk berak parte hartu zuen Dokumenteur filmeko pertsonaiaren (zuzendariaren beraren) jarraipena dela uler daiteke.

Gurasoekiko lanarekin duen lotura horretatik abiatuta, Mathieu Demyk haurtzaroko oroitzapenetara jotzen du fikzioaren bitartez. Fikzio horretan, protagonistak –zuzendariaren alter egoa denak–, ulertu gabeko absentzia batengatik amorruak hartuta, bidaia bat egiten du ama hilaren dolua bizitzeko ezintasunerako erantzunak bilatzeko.

Nolanahi ere, bilatu gabeko erantzun bat emango dio filmak. Horri esker, amarekin hautsitako lotura berrezarri ahal izango du, helduek beren barne-bizitza izateko eskubidea dutela ulertzen duen heinean.

Azken batean, lan aipagarria da, baina aukera gutxi ditu sariren bat lortzeko.

"Americano" filmaren zuzendaria, Mathieu Demy, Carlos Bardem eta Geraldine Chaplinen artean / Photo Kris. J.