Klaketa
20Jan/100

City Lights bizian

hirikoargiak

 

XX. mende hasieran gaude. Antzerki zahar batean, auskalo non.
Giroa tabako ke adarrek hartuta. Jendea edanean, algaraka eta jolasean.
Eta, fondoan, eskenatoki txiki batean, bi musikari
betiko melodiak jotzen.
Urteak daramatzate lantegi horretan. Baina dagoeneko inork ez die entzuten.
Dagoeneko inork ez du bakarrik entzun nahi.
Orain jendeak ikusi egin nahi du…

  

Juanjo&Laila

Antzezleak: Juan José Ochoa (pianoa), Laïla Barnat (pianoa,bibolina, flauta eta ahotsa)
Filma: City Lights, (1931)
Zuzendaria: Charles Chaplin
Jatorrizko musika: Juan José Ochoa
Musika hautaketa: Laïla Barnat
Gidoi-egilea: Juan José Ochoa
Komunikazio eta aholkularitza: Gloria F. Vilches, Sonia García Lopez
Diseinua: Julián González

Jamelia taldeak Hiriko Argiak bizian izeneko ikuskizun musikala aurkeztuko du larunbat honetan 20:00etan Ondategiko Zigoitia aretoan, Laïla Barnat-en, piano-jole, flautista eta kantaria, eta Juan José Ochoa piano-jole eta aktorearen musikaren eskutik.  Eta ikuskizunari oinarria emanez Charles Chaplin-ek idatzi, zuzendu eta antzeztutako City Lights filma izango dugu. FotoJjLl

Jakina da zinemagintzaren hasierako hamarkadetan barietate‑areto txikietako musikariek filmen proiekzioak alaitzen zituztela euren errepertorioetako piezak interpretatuz, klasikoak batzuetan, herrikoiak beste batzutan eta, ez gutxitan, bat-batean asmatuz ere.

Bada, orduko saio horien xarma bizi nahian, Jamelia osatzen duten bi musikariok lanean jarri ziren garai horretarako giroa berpizteko asmoz.

Chaplin-en City Lights filma aukeratu zuten asmo horrekin. Kantu herrikoiak, partitura klasikoak eta zine ixilerako konposatutako obrak biltzeaz gain musika berria ere konposatu zuten. Bion artean sasoi hartako orkestra txikiak birsortu behar zuten euren trebeziez baliatuz: pianoa (bi edo lau eskutan), bibolina, eta flauta jotzen, bai eta eta kantuan arituz ere.

Agerraldi bakoitzaren beharrei hobeto egokitzen ziztaizkien piezak aukeratu eta “collage” musikal ederra taiutu zuten. Euren asmoa ez zen filma besterik gabe musikaz betetzea, filmaren poesia, umorea eta drama musikaren bitartez nabarmentzea baizik.

Prozesu horretan batzuetan harritu ere harritu ziren oso musika egokiak topatu zituztenean. Egia esan, eszena horietarako propio asmatuta ematen zuten doinu batzuk. Beste batzuetan, ostera, musikak ñabardura berriak ekartzen zizkion ezustean jatorrizko lanari.

Haien musikaren animak bizitza nabarragoa ematen zien filmaren irudiei, soka-dantzariek euren txontxongiloei bizitza ematen dien moduan. Argi ixilen zuribeltza melodien soinuez koloreztatzen zen, ahantzitako garai bateko sentsazioak eguneratuz. Mende hasierako urte haietan sentituko zuten magia berriz ere bizitzeko bidea irekita zegoen.

Horrela, ”Hiriko argiak bizian” antzerki eta musikazko ikuskizunak aukera paregabea eskaintzen digu zinemagintzaren maisulan hau berreskuratzeko, bertan irudien sentsibilitateak bat egiten duela musika biziaren emozioarekin, ikusleak bere sentzumen guztiaz gozatzeaz gain, zinema hasieran bezala bizitzeko parada duela.