Klaketa
10Feb/160

Nola egin zen The Revenant?

Leonarodo Di Caprio The Revenant

Leonardo Di Capriok lan bikaina egiten du The Revenant filmean eta eskura dauka, inoiz baino gehiago, aktore onenaren Oscar saria.

Oso gutxi falta da aurtengoan Oscar sariak nork jasoko dituen jakiteko eta berriz ere dugu Alejandro González Iñarritu zinegile mexikarrak zuzendutako pelikula bat hainbat estatuatxo jaso ditzaketen faboritoen artean. Dagoeneko, Urrezko Globo Sarietan hiru sari jaso ditu The Revenant filmak zuzendari, film eta aktore protagonista onenaren (Leonardo di Caprio) kategorietan.

Egia esan, gustuak gustu, ezin ukatu benetako istorio baten ildotik datorkigun The Revenant pelikula, irudien aldetik behintzat, lilulagarria dela oso. Baina emaitza ikusgarri hori lortzea ez zen batere xamurra izan. Filmaketa benetan gogorra izan zen eta bihurgunez beterik egon zen hasieratik. Horiek horrela, hainbat atzerapen izan ziren eta polemika latzak sortu ziren zuzendariaren lan-prozedurak zirela-eta, “cinema verité” deritzan estiloak estualdi asko pasatzea eskatzen baitu. Izan ere, kokalekuak eder-ederrak baina arriskutsuak ere baziren eta eguraldi desegokiaz are eramangaitzagoak.

revBTS_hero_1453478298

Hortaz, 20th Century Fox-ek filmaketari buruzko dokumental bat argitaratu zuen pasa den urtarrilaren 9an filmaketaren eta filmak hondo-irudia duen testuinguru historikoaren berri emateko. 44. minutuko iraupena duen lan honek A World Unseen izena du eta Eliot Rausch-ek zuzendu du. Dokumental honetan argi ikus dezakegu nola egiten duten lan bai Iñarrituk berak bai Emmanuel Lubezki argazki-zuzendariak naturaren handientsutasuna islatzeko. Bertan, kokaleku eta paisaiei bisita gidatua egiteaz gain, agerian uzten zaigu proiektu honek bere baitan ekarri zuen lan eskerga. Horrela, Fort Berthold izeneko indioen erreserbaraino hurbildu (Ipar Dakotan), eta “akikara” indioen kultura hobeto ezagutzeko bidea ematen digu, hauen esparruan garatzen baita Iñarrituren filma.

Horrezaz gain, dokumentalak arreta ekarri nahi digu korporazioen diru-goseak eta klimaren aldaketak filmean agertzen diren zenbait lekutan sortzen ari diren ingurumen-hondamendien inguruan.

Beraz ikustekoa baina, trailerraren kasuan bezala, hobe filmaren ostean ikusten baduzue, spoilerra nabarmena baita.

http://blogs.indiewire.com/theplaylist/watch-44-minute-documentary-about-the-making-of-the-revenant-plus-15-minute-interview-with-leonardo-dicaprio-20160121

7Mar/090

El nuevo mundo (Mundu berria): kritika

TheNewWorld

Izenburua: The New World (Mundu Berria)
Zuzendaria eta gidoi-egilea: Terrence Malick
Herria: Erresuma Batua, USA
Urtea: 2005
Iraupena: 150 min.
Film mota: Drama, abenturak
Aktoreak: Colin Farrell (John Smith), Q' Orianka Kilcher (Pocahontas), Christopher Plummer (Newport kapitaina), Christian Bale (John Rolfe), August Schellenberg (Powhatan), Wes Studi (Opechancanough), David Thewlis (Wingfield), Yorick van Wageningen (Argall), Raoul Trujillo (Tomocomo), Michael Greyeyes (Rupwew).
Musika: James Horner
Argazkia: Emmanuel Lubezki

Mugako egoera bati aurre egin behar dioten pertsonaia batzuen estualdiak modu goren eta naturalean islatzean datza Terrence Malick-en zinemaren mirari estetikoa. Era horretan ikusita, beste ñabardurarik gabe, ez dirudi Malicken estiloa berezi-berezia denik. Edonola ere, haren filmetan benetan interesgarria dena, haren zinemaren benetako muina, beste aldi batzuetan kontatu den istorio bat gure jakin-mina behin eta berriz piztuz kontatzea da. Horretarako, erritmo geldia erabiltzen du, baina, batez ere, patxadaz eta poesiaz betetako begirada, eszenaratze dotoreak eta lehenago pantaila handian ikusi ditugun guztiez bestelako fotografia distiratsuak eragindakoa.

The thin red line   © UFD

The thin red line © UFD

Adibidez, Lerro gorri mehea (The thin red line, 2002) filmean, Hollywooden aspertu arte kontatu zen Bigarren Mundu Gerrako pasarte bat agertzen zen, baina film horretan agertzen den ikuspuntu nahastezinari esker, kontatzen dena oso erakargarria eta iradokitzailea da, niretzat behinik behin. Ikuspegi horrek aurki behartzen gaitu alde edo kontra egotera (zenbaitek ikuskizun monotonoa eta gogaikarria dela adierazi dute).

Film horretan, Pazifikoko Gerraren ikuspegi intimista bat eskaintzen da oso modu pertsonalean, eta ikuspegi horrek alde bateko zein besteko iritziak sorrarazi ditu. Filmaren unibertso berezian sartu eta kode bisualak argitu ondoren, bi gauza gerta dakizkiguke: egilearen zinemarekin berehala bat etortzea edo, aitzitik, berehala filmarekiko arbuioa sentitzea. Bigarren kasu horretan, ezin izango da inoiz onartu egilearen proposamen estetikoa den bezalakoa, hau da, oso zabalduta dagoen genero baten ikonosfera gainditu eta ikuslearekiko lotura berriak bilatu nahi dituen narrazio-sentsibilitate handi baten ispilu gisa.

Mundu berria Terrence Malicken laugarren film luzea da 30 urteko ibilbidean. Estreinatu bezain laster, kritikari jakin batzuen erasoak jaso ditu zuzendariak. Izan ere, beti gertatzen da gauza bera zinemagile batek konbentzionalismoaren mugak gainditzen dituenean eta zazpigarren artearen funtsezko kontzeptu batzuk (hala nola soinua edo muntaketa) planteamendu berritzaileekin iraultzen saiatzen denean.

Malickek independentziarekiko zaletasun amorratua erakutsi du bere film guztietan, eta aurrekontu-gehiegikeriak ditu gustuko (adibidez, 65 mm-ko zeluloide garestia erabiltzen du, ohiko 35 mm-koaren ordez). Hortaz, sailkaezina dela esan daiteke. Mundu berria filmean, XVII. mendearen hasieran Ingalaterrako hiru itsasontzi Virginiako kostara iristen direnean Pocahontas larrugorri gazteak eta John Smith kapitain ingelesak bizi duten maitasun-istorioa kontatzen du. Une historiko hura funtsezkoa izan zen ‘indiarren’ eta kolonoen arteko elkar aditzerako. Izan ere, tamalez oraindik ere badirauen gatazka baten lehen seinaleak agertzen hasi ziren Amerikan garai hartan.

Nativos americanos en "El nuevo mundo" © New Line Cinema

Amerikako natiboak "Mundu berria" filmean © New Line Cinema

Bi protagonistek bando batekoen eta bestekoen ulertu ezina gainditzeko ahaleginean bizi dituzten gorabeheren bitartez, gatazka hori kontatzen digu Malickek, hots, bi kulturen arteko loturarik ezak eragiten duen gatazka. Smithek ez du ulertzen bere armada txiki eta trauskila zergatik ez den gauza bertako powhatanekin anaitasunezko harremanak ezartzeko, eta indigenek, tradizio hertsiei jarraiki, zergatik eragozten duten hurbilketa hori. Tirabirak etengabeak diren giro horretan, aberastasuna eta oparotasuna lortzeko gutiziari eta espoliazioari ekiten dion mundu baten biktima bihurtzen dira Smith eta Pocahontas

Colin Farrel y Qorianka Kkilcher © New Line Cinema

Colin Farrel eta Qorianka Kilcher © New Line Cinema

Terrence Malick zinemagileak esperientzia handia du epopeia erraldoietan, eta oreka bisual ederra –batetik– eta bere gai-postulatuak eta naturarekin duen obsesioa –bestetik– elkartzen ditu epopeia horietan. Malickek, bere produkzioak ikusleen nahasmenduaz babesteko, aktore eta estra askorekin eta izar handien arteko oheko-eszena bakanekin betetzen ditu bere fotogramak. Hori oso ohikoa zen hirurogeiko hamarkadan, zinema-estudio handien gainbehera hastear zegoenean (gogora dezagun Egunik luzeena –1962–, Hollywoodeko izarrez betea, edo Sutan al dago Paris? –1966–, aktoreen zerrendan Frantzia erdia zuen gerra-koprodukzioa, AEBetako hainbat izar tarteko).

Zinta errealizadoreak berak idatzi du, eta bi ordu eta erdiko metrajea du. Alderdirik azpimarragarrienak kamerak oihanean egindako pintzelkada kromatiko iradokitzaileak eta aktoreen zuzendaritza bikaina dira. Aktoreen buru, gero eta ahaltsuago agertzen den Colin Farrell, Christian Bale britainiarra eta Q’ Orianka Kilcher ditugu. Gainera, zerrenda amaigabe batetik, Christopher Plummer, Ben Chaplin, Jonathan Pryce, David Thewlis, John Savage eta Wes Studi nabarmentzen dira

el-nuevo-mundo_04

Azken urteotako zinema-musikako maisurik trebeenetako bat izan den James Horner-en “soundtrackean” danborrak eta perkusioa ditugu; elementu ezin hobea da istorio triste eta erromantiko honetako zoritxarreko bi protagonistek jasaten duten drama biziari kontrapuntu egokia jartzeko. Nekez gustatuko zaie Disneyren klasikoaren bertsio melenga hura orain irudi errealetan ikusi nahi dutenei.