Flysch, Haitzen Hitza

Nere txikitako oroitzapen urrunenetakoak Zumaiako herriko hondartzaren ur ertzean amaitzen dira, Itzurunen. Hiru lau urte baino ez nituen izango. Orduan ikasi nuen zer den hondarraren epela, kresalaren hatsa eta olatuen aserrea. Garai hartan arrantzale-etxe apal batean ematen genituen oporrak gurasoak eta hirurok. Orduantxe entzun nuen lehen aldiz euskeraz egiten, gustura entzun ere.
Gaur egun ere, mendi magaletan metak ikusten ditudanean, hor-hemenka barreiaturik, ezin dut ebitatu nere haurtxarora une batez itzultzea, itsas-minez edo, garai hartan Bitoriatik “seiscientos” zuri batean egindako ihesaldi labur haiek gogoratuz.
Izan ere, oporraldi xume horiek miresgarriak ziren niretzat, lehorreko umea nintzen aldetik. Itsasontzien kolore dantza, gezalaren sarkorra, itsasoaren oldarra...