Usoak uso

Saretik nenbilela animazio film labur dibertigarri honekin egin dut topo. Egilea Lucas Martell estatubatuarra dugu eta istorioa agente sekreto bitxi baten inguruan aritzen da. Dena hasten da uso goseti bat agentearen maletin sofistikatuan sartzen denean...

Estudio handien babesa eta baliabideak izan gabe ere, Lucas Martellek lan bikaina burutu du teknika eta sormenaren aldetik, eta horren lekuko da dagoeneko jasoa duen sari-sorta.
Animatzaileak berak aitortu duenez, urtebete inguru behar izan zuen filmearen minutu bakoitza taiutzeko. Izan ere, proiektua 3D animazioa ikasteko aitzakia baino ez zen hasieran, baina horrenbeste lan egin eta gero istorioa borobiltzea erabaki zuen.
Orrialde ofiziala: http://pigeonimpossible.com/
Adio Brittany

Brittany Murphy aktoresa estatubatuarra ikono zinematografiko bilakatu zen nerabe askorentzat Amy Heckerling-ek zuzendutako Clueless (Ideiarik ez) filmean parte hartu zuenetik. Geroago hainbat zintatan hartuko zuen parte, adibidez, Just Married, 8 mile edo Sin city-n. Duela gutxi beraren berri izan genuen zine-komunikabideetan The Caller filmetik ustekabean bota zutenean.
Oraingoan bihotza geratu zaio betiko 32 urte baino ez zituela. Ez dut uste bere urdailean topatu omen dituzten fideoak, jaki tailandarrak edo limoidun tea horren errua dutenik. Bere mesanotxean, aldiz, hainbat farmako-botika pilatuta zeuden: ativan, klonopin (antsitatearen aurkakoak) eta hainbat analgesiko, besteak beste, hydrocodone eta vicoprofen (minak arintzekoa). Azken hau, hain zuzen, asko erabili omen zuena kirurgia plastikoaren azken ebakuntzaren ondoriozko arazoak zirela medio. Gainera jakin badakigu, bere ezagunek esana, honakook ere hartzen zituela: topamax (buruko minak saihestekoa) methylprednisolone (inflamazioen aurkakoa), fluoxetine (depresioen aurkakoa), carbamazepine (diabete-sintomak tratatzekoa) eta propanolol (hipertentsiorako). Orain bai, horiek guztiak medikuak aginduta, hau da, guztiz legezkoak. Laboratorio maiteak, zer egingo genuke zeuen pozima miresgarririk gabe bizitza doakabe honetan?!
Harrigarria bada ere Brittany Murphy bainuontzi batean hilda azaltzen zen bere azken filmearen promozio-karteletan, Deadline. Horrelaxe ere topatu zuen Sharonek, bere amak, Brittanyren senarraren etxearen bainugelan pasa den astean.
Nolanahi ere, gogora dezagun gisarik onenean. Izan ere, Brittanyren ahotsa ere ez zen makala. Bideo-klip honetan Freddy Mercury handiaren "Somebody to love" kantuaren bertsio bat abesten du Happy feet (Izotza hautsiz) filmean, bertan Gloria pinguinoari ahotsa eman ziona.
Flysch, Haitzen Hitza

Nere txikitako oroitzapen urrunenetakoak Zumaiako herriko hondartzaren ur ertzean amaitzen dira, Itzurunen. Hiru lau urte baino ez nituen izango. Orduan ikasi nuen zer den hondarraren epela, kresalaren hatsa eta olatuen aserrea. Garai hartan arrantzale-etxe apal batean ematen genituen oporrak gurasoak eta hirurok. Orduantxe entzun nuen lehen aldiz euskeraz egiten, gustura entzun ere.
Gaur egun ere, mendi magaletan metak ikusten ditudanean, hor-hemenka barreiaturik, ezin dut ebitatu nere haurtxarora une batez itzultzea, itsas-minez edo, garai hartan Bitoriatik “seiscientos” zuri batean egindako ihesaldi labur haiek gogoratuz.
Izan ere, oporraldi xume horiek miresgarriak ziren niretzat, lehorreko umea nintzen aldetik. Itsasontzien kolore dantza, gezalaren sarkorra, itsasoaren oldarra...
Zinema-musika
Musika eta zinema batera joan ziren zinemaren hasiera-hasieratik, bai eta zinema mutuan ere. Denok gogoan ditugun hainbat eta hainbat maisu-lan ezer gutxi izango ziren musika miresgarri horien euskarririk gabe.
Horrela, Silvia Sanz zuzendariak, Talia abesbatzak eta Chamartín-go Sinfonikak proposamen erakargarria egiten digute astearte honetarako Auditorio Nacional-ean (Príncipe de Vergara), 19:30etan . Bertan zine-musikaren zenbait atal sonatu entzuteko aukera izango dugu, besteak beste John Williams konpositore handiaren hainbat pieza.
Ezin ahaztu , John Williams musikagilea, Steven Spielberg eta George Lucas-en zuzendarien konpositore gogokoena izan dela eta zinemagintzaren soinu-banda ospetsuenetakoak egin dituela, esaterako, Saving Private Ryan, Schindler's List edo Star Wars.
Aukera duzuenontzat kontzertuaren programa uzten dizuet eta beste guztiontzat zenbait esteka musika-zati eder eta entzungarri hauetako batzuekin.
Zinema 2009
Nere harpidetzak gainbegiratzen ari nintzela cine irreductible blogean bideo ikusgarri honekin egin dut topo. Bertan 2009. urteko 342 film zatiak ederki txertatuta 7 minutuko bideo zirraragarria taiutu dute.
Ezin hobeagorik zahartxo egin zaigun urteari agur esateko.
Iturria: cine irreductible
Alma, Rodrigo Blass-ena

Alma, Rodrigo Blass-ek idatzi eta zuzendutako lehen filma dugu. Pixar estudioetan lan egiten duen disenatzaile honen animazio-film labur honek hainbat sari jaso ditu parte hartu dituen zinemaldietan eta, orain, eguberrietan bakarrik, ikusgai daukagu interneten bereizmen handian Vimeo-n.
Eskaparate batean ikusten duen panpinarekin liluratuta geratzen den mutiko baten istorioa dugu hau. Izan ere, panpinak eta mutilak elkarren antza handi-handia dute…
Filma bisualki benetan ikusgarria da nahiz eta muina ilun xamarra izan. Pena da Oscar sarietarako hautatu ez izana.
Alma from Rodrigo Blaas on Vimeo.
cinemaniablogen ikusita.
Ortzi Acosta eta Beñat Fontanedaren azken film laburra

Beñat Fontaneda eta Ortzi Acosta zuzendari gasteiztarrek, bere azken film laburra ikustera gonbita egiten digute Notofilmfest zinemaldi internautikoaren esparruan.
Minutu erdiko film honek Unga Unga dauka izena eta sinopsia nahiko adierazgarria da: Harrak, bere habitat naturalean, bultzada bitxi baten astindua sentitzen du emea ikusten duenean.
Klaketa bat dator Interneteko oinarrizko eskubideen aldeko adierazpenarekin

Ekonomia Iraunkorraren Lege aurreproiektuan barneratutako aldaketa legegileek adierazpen, informazio eta Internet bidezko kulturatze askatasuna bermatzen ez dituztela eta, kazetari, blogari, erabiltzaile eta Interneteko eduki sortzaileak asmo biziz azaltzen gara proiektu honen aurka, honako hau agertuz:
- 1. Egile-eskubideek ezin izango dute inola ere pribatutasun, segurtasun, errugabetasun-presuntzio, benetako epai-babes eta adierazpen askatasun eskubideen gisako herritarren oinarrizko eskubideen gainetik egon.
- 2. Oinarrizko eskubideak bertan behera uztea Botere Judizialaren eskuduntza da eta horrela izaten jarraitu behar du. Epairik gabeko itxiera bakar bat ere ez. Aurreproiektu hau, Konstituzioaren 20.5 artikuluak azaldutakoaren kontrakoa da, organo ez-judizial baten esku -Kultura Ministerioaren menpekoa- jartzen baitu espainiar hiritarrek edozein webgunetara sartzea galarazteko ahalmena.
- 3. Legedi berriak ziurgabetasun juridikoa ekarriko du Espainiako sektore teknologikora, gure ekonomiaren etorkizuneko eta garapenerako alor bakanetakoa kaltetuz, enpresen sorrera oztopatuz, konpetentzia askea trabatuz eta nazioarte mailako proiekzioa motelduz.
Auzitegi Gorenaren ustez, telebistek ez dute zertan zinema finantzatu
"Telebistek ez dute zertan zinema finantzatu”. Horrela dio Auzitegi Gorenak eta horretarako, konstituzionaltasun-auzia aurkeztu dio Auzitegi Konstituzionalari behar hori ezarri duen 25/1994 Legearen 5.1 artikuluaren aurka. Izan ere, legearen arabera, 7 urtetik beherako antzinatasuneko filmak ematen dituzten telebista-kateek euren sarreren %5a inbertitu behar dute zine espainiarra eta europearra programatzeko.
Auzitegiaren ustean, behar horrek enpresaren askatasuna murrizten du eta gainera ez dago neurri horren ezinbesteko interes orokorra justifikatzen duten arrazoirik.
Ea orain zer ditiburu topatzen duten beren burua artistatzat jotzen duten lotsagabe askok. González-Sinde andrea dagoeneko negarrez hasi da. Zer pena!
Kultur bonoarekin zinemara?

Ez dut uste kontsumismoa suspertzea krisialditik ateratzeko biderik egokiena denik, baina horretan ari dira itsu-itsuan administrazio guztiak sistemaren beraren oinarriak aldatu beharrean.
Oraingoan “Kulturaz Hazi” lelopean Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak kulturaren bonoa atera du kultura-kontsumoa suspertzeko. Bono bakoitzak 25 euroko kostua izango du, baina 40 euroko balioa emango dio erabiltzaileari.
Baina, tira, blog hau zinemari buruzkoa omen da-eta, bilatzen ibili naiz zein zinema-areto dauden programa horren barruan, bonoa eskuratzeko aukera eta nahi duzuenok jakinaren gainean egon zaitezten. Hona hemen zinemak: