Klaketa

A.- 2011ko negua: Komedia zikloa

Cine-club-Nomadak

Aurreko egunetan Euskal Herriko zenbait zinekluben programazioen berri eman badut, gaurkoan nere herriko zineklubaren egokitu zaio txanda, alegia Zigoitiko Nomadak zineklubari.

Kasu honetan, zine-klubak urteko lehen hiruhileko hau irribarrez betetzea erabaki du eta, helburu horrekin, neguko azken aldi hau komediarako izango da; genero atsegina bada ere, ziztatzailea eta iradokitzailea ere bada.

Horrela bada, jarriko diren 6 filmen bidez, originaltasuna eta kalitatea eskaintzeaz gain, genero honek izan ditzakeen hainbat alderdi ilustratu nahi izan ditugu; hala nola, komedia erromantikoa, umore beltza, satira edo melodrama.

Halaber, programazioa osatu nahi izan dugu beste saio batekin. Saio horretan Kepa Sojo errealizadoreak, Luis García Berlangaren irudia ondo ikasi duenak, Valentziako zuzendariari buruz hitz egingo du haren filmografiari buruzko zenbait laburpen ikusi ahala.

Zikloa Música para Buster Keaton izeneko ikuskizunarekin amaituko da, Jameliako musikarien doinuekin. Musikari horiek ere Euskal Herrian izan ziren Luces de ciudad en vivo ikuskizuna aurkezten; orduko hartan Charles Chaplinen izen bereko maisu-lana girotu zuten.

Jarraian programazio osoa duzue ea animatzen zareten bisita egitera. Gasteiztik oso gertu gaude eta bero zinefiloa ez duzue faltan izango:

URTARRILA eta APIRILA bitarteko programazioa

Komediari eskainitako zikloa

Urtarrilaren 15ean, larunbata, 20:00etan

Ninotchka (1939); Ernst Lubitsch

ninotschka_cartel_006

Laburpena: Iranoff, Buljanoff eta Kopalski kamaradak Parisera bidali dituzte Errusiako Gobernurako dirua lor dezaten; horretarako Frantziako hiriburuan bizi den Swana Dukesa handiari konfiskatutako bitxiak saldu beharko dituzte.

Hiru kamaradek luxuzko hotel batean hartuko dute ostatu, Frantziako epaitegiek bitxien benetako jabea nor den erabakitzen duten bitartean. Errusiako gobernuak Nina 'Ninotchka' Ivanovna Yakushova bidaliko du gauzak konpon ditzan.

Urtarrilaren 29an, larunbata, 20:00etan

Despedidas (2008); Yojiro Takita (Japonia)

descargas

Gizakiaren betiko gai unibertsalari heldu dio zuzendariak: heriotza. Zehazki, Japonian norbait hil eta gero hari azken agurra emateko prestatzen duten erritualaren inguruan eraiki da filma

Orkestra desegin eta gero langabezian geratzen den biolontxelo jotzailea da protagonista nagusia. Masahiro Motoki aktoreak jokatzen du nora ezean, bere bizitzarekin zer egin ez dakiela, geratzen den gizonaren rola. Emaztea lagun duela, amaren jaioterrira joan eta beste bizitza bati ekiten dio. Han, Tsutomu Yamazaki aktoreak jokatzen duen pertsonaiarekin hasiko da lanean. Euren zeregina hildako pertsonak garbitu, jantzi eta erre aurreko erritualerako prestatzea da.

Hildakoekin lana egin beharrak bai bere buruarekin bai familiartekoekin sortzen dizkion arazoak behin gaindituta, bizitzaren balioaz jabetuko da protagonista. Hildako bakoitzaren atzean dauden istorioek hunkitu egingo dute. Musika eta irudi ederrez kontatzen du Takitak, eta komediari egiten dio leku, batik bat protagonista lan berrian hasten denekoa kontatzeko.

Otsailaren 12an, larunbata, 20:00etan

Tulpan (2008); Sergei Dvortsevoy (Kazakhstan)

tulpan

Laburpena: Armadan soldadutza amaitu ondoren, Asa gaztea jaioterrira itzuliko da, Kazajistaneko estepa malkartsura. Hantxe arreba gaztea eta arrebaren senarra bizi dira, eta leku horretan egin daitekeen gauza bakarra egiten dute, ardi-taldeak zaindu alegia.

Animaliekin lan egin nahi badu eta bere abere-taldea nahi badu, emazte bat topatu beharko duela erakutsiko diote.

Baina eremu horretan ez daude emakume ezkongabe asko. Ematen du Tulpan, beste artzain familia bateko alaba, dela duen kandidatu bakarra, baina neskak bete plan batzuk ditu. Landa utzi nahi du ikasteko eta aitzakia ezin hobea aurkituko du gurasoen aurrean Asari ezetz esateko: oso belarri handiak ditu.

Baina Asak ez du erraz amore emango eta Boni adiskidearen laguntzarekin ahalegin handia egingo du gainontzekoei artzain ona eta Tulpanentzat ezkongai egokiena izan daitekeela erakusteko.

Otsailaren 17an, osteguna, 19:00etan

Berlanga: Obra cinematográfica y reflejo histórico de un época

berlanga_bienvenido mr.marshall

Laudioko zinemagile eta ikertzailea Kepa Sojok, Luis García Berlanga Valentziako zinemagileari buruz hitz egingo digu haren filmen eszena adierazgarrienak euskarri.

Luis García Berlanga Europako zinemagile onenetako bat zen, Espainiako historiaren mende erdiko kronista eta komedia absurdo eta itxuragabekoaren maisu bikainena genuen.

Izan ere, “Bienvenido Mr. Marshall”, “El verdugo” edo “Plácido” izeneko filmek inoiz egin diren film onenen artean egoteko meritua dute.

Otsailaren 26an, larbunbata, 20:00etan

No man´s land (2001); Danis Tanovic (Bosnia)

nomansland-djuric-bitorajac

Laburpena: 1993ko Bosniako gudan, aurkako alderdietako bi soldadu, Ciki eta Nino —bat Bosniakoa da eta beste Serbiakoa—, harrapatuta daude etsaien lerroetan, inorena ez den lurrean. Ciki eta Nino arazo larriari irtenbidea bilatzen saiatzen diren bitartean, Nazio Batuetako kasko urdineko sarjentu bat laguntzeko prest dago, goikoen aginduei aurka eginez.

Komunikabideek bitxikeria hutsa nazioarte mailako show bihurtuko dute. Alderdien arteko tirabira handitzen den eta prentsa berrien zain dagoen bitartean, Nino eta Ciki euren bizitzaren prezioa negoziatzen saiatuko dira gudaren eromenaren erdian.

Martxoaren 2an, asteazkena, 19:00etan

El problema; Jordi Ferrer eta Pablo Vidal

EL PROBLEMA

Programatik aparte, eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) aitorpenaren 35. urteurrena dela-eta, Sahara Koordinatzeko Unitateak, zuzendarietako batek ordezkatutakoak, El problema dokumentala aurkeztuko du. Dokumentu honek ordu eta erdiko iraupena du eta argi azalduko du zein den Mendebaldeko Sahararen gatazka eta zein egoera duten lurralde okupatuetan.

Martxoaren 12an, larunbata, 20:00etan

Pantaleón y las visitadoras (2000) Fco. J. Lombardi

Pantaleon_y_las_visitadoras_erfolgreichsteFilm_8ebbc97

Laburpena: Pantaleón Pantoja, Ejertzitoko kapitaina, gizon zintzoa, senar ona eta profesional bikaina da. Oso serio, arduratsu eta zuhurra denez eta estatistikarako eta antolatzeko gaitasuna duenez, goikoek lan zail eta sekretu bat egiteko aukeratu dute: prostituten (bisitatzaileak) zerbitzu ibiltari bat antolatu beharko du, Amazoniako leku urrutietan dauden tropen sexu-beharrak baretzeko.

Prostituzioaren eremuan esperientziarik ez badu ere, Pantaleón, beti bezala, goikoen aginduak beteko ditu eta jo eta ke lan egingo du agindutakoa ondo baino hobeto betetzeko. Adindutako lan hori sekretu denez, ezingo dio emazteari ezer esan eta gezurra esan beharko dio.

Martxoaren 26an, larunbata, 20:00etan

O Brother, Where Art Thou? - Joel Cohen

o brother

Laburpena: Everest Ulyssess McGill (Clooney) gaizkile kaskarra da baina ondo baino hobeto hitz egiten daki. Atxilotu eta kartzelan sartuko dute, eta zenbait arazo izango ditu Mississippi estatuan bortxazko lanak egitera kondenatu gisa izango duen diziplina zorrotzera egokitu ahal izateko.

Apirilaren 9an, larunbata, 20:00etan

“Música para Buster Keaton”

musica_buster_keaton

XX. mendeko irudi adierazgarri baten musikari eta zinemari egindako omenaldia. Garai horretako saio komikoei keinu bat egingo zaie eta The Cameraman ikusteko aukera izango dugu zuzeneko musikarekin. “Música para Buster Keaton” bidez aukera ezin hobea dugu 20ko hamarkadara joateko eta oraindik ere barrea eragiten digun “irribarrerik gabeko gizon" horren gorabeherekin eta desamodioekin gozatzeko.

Be Sociable, Share!
Comments (0) Trackbacks (0)

No comments yet.


Leave a comment

No trackbacks yet.