Klaketa
10Jun/110

Kameraren atzetik, irudien bidez narrazioak egitea: gidoitik filmera

DetrasDeLaCamara

Pasa den ostegunean Gasteizko Zuloa liburudendan “Kameraren atzetik; irudien bidez narrazioak egitea: gidoitik filmera” izeneko liburuaren aurkezpena egin zuten liburuaren egileak berak, Isabel Albak, euskarazko itzultzaileak, Imanol Harok, eta liburuaren marrazkigileak,Telmo Basterretxeak.

Isabel Alba, Imanol Haro eta Telmo Basterretxea "Kameraren atzetik" liburua aurkezten Gasteizko Zuloa liburudendan

Isabel Alba, Imanol Haro eta Telmo Basterretxea "Kameraren atzetik" liburua aurkezten Gasteizko Zuloa liburudendan

Liburua orohar zertan den aurreko batean aipatu nuenez oraingoan Imanol Haro itzultzaileak Gasteizko aurkezpenean esandakoak ekarri nahi ditut gogora bereziki, liburuaren nondik norakoak eta gorabeherak azaltzeaz gain zinemaz euskaraz idazten dugunontzako oso gogoeta interesgarriak egin zituelako.

Gainera, Imanolek berak adeitsuki pasa dit berak prestatutako aurkezpena Klaketa irakurle zareten guztiontzat. Hona hemen bada:

ZER DA “KAMERAREN ATZETIK”?

“Kameraren atzetik: irudien bidez narrazioak egitea: gidoitik filmera”. Zer da hau? Liburu bat? Zer liburu mota, esku-liburua edo bestelako zerbait? DVDa dauka, eta komikia ere bai. Zer da, liburu bat baino gehiago, ikus-entzunezko proiektu bat…?

NIRE IKUSPUNTUA: IRAKURLEARENA

Aurkezpenean esan duten bezala, liburuaren euskarazko bertsioaren itzultzailea naiz, eta, itzuli aurretik, logikoa denez, liburuaren irakurlea izan naiz. Eta irakurle izan naizen aldetik, liburutik zer atera dudan azaltzen saiatuko naiz.

KOLONIZAZIO KULTURALA ETA IDEOLOGIKOA

Liburua irakurri aurretik sumatzen nuen, edo jakin banekien, zinean ere kolonizazio ideologiko eta kultural batean bizi garela. Bide batez, esango dut kolonizazio linguistiko bat ere badagoela, pelikula gehienak ingelesez filmatu eta guri gaztelaniaz iristen zaizkigulako. Isabelek izen-abizenak jarri dizkio eredu horri: Hollywoodeko paradigma. Isabelek gidatuta, hobeto ikusi det gaur egun, kartelera komertzialetan, telebistan, bideo klubetan eta, horren ondorioz, gure kultur erreferentzietan jarrera monopolista duen eredu bat dagoela. Nagusi den eta erabatekoa izan nahi duen eredu bat dagoela. Ideologia jakin bat bultzatzen duen eredu bat da, gainera.

ETA BESTE ZINEMA EREDU BATZUK

Baina, horrekin bat, Isabelek erakutsi dit beste zine eredu batzuk ere badaudela.

ZERGATIK EZ DITUT GUSTUKO ZINE EREDU BATZUK?

“Kameraren atzetik” proiektura hurbildu aurretik, ez nion neure buruari galdetzen zergatik ez dudan gustuko Irango zinea. Zergatik ez dut gustuko Irango zinemagintza? Edo Senegalgoa? Edo finlandiarra? Zergatik ez dut gustuko Kaurismaki? Are gehiago, zergatik ez ditut gustuko horiek guztiak, inoiz ez banaiz joan pelikula iraniar edo senegaldar bat ikustera? Zergatik ez dut gustuko Kaurismaki, nor den ere ez badakit?

IKUSPEGI KRITIKOA SUSTATZEKO

Galdera horien erantzunak bilatzeko bultzada eman dit proiektuak. Zinea beste modu batean ikusteko ikuspegi zabalagoa eman dit. Niretzat pelikulak ikuspegi kritiko batekin, edo ikuspegi kritikoago batekin, ikusteko balio izan dit.

NORENTZAT?

Jaionerentzat: Beste batentzat bere 14-16 urteko ikasleak ikus-entzunezkoan trebatzeko balio izango dio.

Juanlurentzat: Beste batentzat, balioko dio buruan bueltaka dabilkion ideia bat gidoi batera eramateko.

Maiterentzat: Beste batentzat, film labur bat egiteko.

Ikus-entzunezkoan aditua den batentzat, adibidez, alor horretako ezagutzan sakontzeko.

ZINEMA KOMERTZIALAREN IKUSPUNTU HERTSIA

Orain dela gutxi, Berria egunkarian, elkarrizketa egin zioten Josetxo Cerdan Iruñeko Ikuspuntu jaialdiko zuzendariari, eta honek hau esan zuen: “Zinema komertzialak gero eta ikuspuntu hertsiagoa du. Ikuspuntu eta gisa honetako jaialdiak dira bestelako zinema mota bati leihoak irekitzen dizkioten bakarrak”.

“KAMERAREN ATZETIK” LEHIOA ETA ATEA DA

“Kameraren atzetik” ildo horretan doa. Eta, leiho bat ez ezik, atea ere bada. Atea ireki eta denok zinemagintzara sartzeko aukera ematen digun proiektu bat, adina, kultur maila, interesa edozein izanik ere. “Kameraren atzetik” denontzat delako. Zinea denontzat delako, ikuspegi elitisten edo baztertzaileen gainetik. Denontzat.

zineaguztiontzat

Be Sociable, Share!
Comments (0) Trackbacks (0)

No comments yet.


Leave a comment

No trackbacks yet.