“Arriya” euskal filmak bost sari eskuratu ditu Malagako Zinemaldian

Alberto Gorritiberea zinegile zumaiarrak zuzendutako Arriya filmak lau sari eskuratu ditu Malagako XIV. Zinemaldian lehiaketa ofizialean: Begoña Maestrek emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Biznaga saria jaso du; Saioa Larak jantzitegi onenaren saria; Gaizka Bourgevadek argazki onenaren saria eta Bingen Mendizabal musikari gasteiztarrak soinu banda onenaren saria. Bestetik ere, atal ofizialetik kanpo, Andaluziako Zinema Idazleen Elkarteak (Asecan) banatzen duen opera prima onenaren saria ere Arriya-rentzat izan da.

Bego Maestre "Arriya"n. Argazkia: Juan Luis Romatet
Bi familiaren arteko apustua da filmaren ardatz nagusia: harri bat mugitu behar dute biek, norgehiagokan, baina familia batekoek zaldiarekin eta bestekoek mandoarekin. Tradizioak agindutakoari jarraitzearen inertziaren eta erosokeriaren aurka egin behar duten borroka erakusten du filmak. Iban Garate aktoreak jokatzen du Peru protagonista nagusiaren rola. Begoña Maestrek Mariaren rola betetzen du. Mariak borrokatu egiten du tradizioen aurka, Peruk ez bezala.
Filma Urolaren bailaran filmatu da gehien bat eta frantsesa, gaztelera eta euskara azaltzen badira ere, euskara da komunikabide nagusia filmean, Zumaiako baserrialdeko euskara alegia. Horrela, Malagako Zinemaldian aukera izan dute euskerazko jatorrizko bertsioaz gozatzeko gaztelerazko azpitituluen laguntzaz. Espero dut udazkenean zine-areto komertzialetara doanean ere bikoiztuta ez proiektatzea.
Gorritiberearen esanetan, funtsez, hirukote baten maitasun istorioa da Arriya. Elkar maite duten bi pertsonek denboraren igarotzea nola bizi duten kontatu nahi izan du.
Alberto J. Gorritiberearen bigarren fikziozko filma dugu Arriya. 2007. urtean egin zuen lehen film luzea, Eutsi!, eta haren ondoren bi dokumental egin ditu: Jorge Oteizari buruzko 1908-2008 y sigo eta Asier Hilariorekin batera burututako Flysch: haitzen hitza.
Albertok berak idatzitako gidoi batean oinarritzen da Arriya, eta Iban Garate, Sara Casasnovas eta Begoña Maestre ditu hiru aktore protagonistak. Egoitz Lasa, Aitor Beltran, Ramon Agirre, Kandiko Uranga, Joseba Apaolaza, Patxi Santamaria edo/eta Inazio Tolosa bezalako aktoreek osatzen dute filmaren taldea. 50 lagun inguruko talde teknikoa izan du bere agindutara Albertok film honetan.
Jarraian Zumaiako Baleike aldizkarikoek Andaluziatik bueltatutakoan Alberto Gorritibereari egindako elkarrizketa uzten dizuet:


April 7th, 2011 - 18:15
Eta umeak zein dira? Gora eta behera bila ibiliagatik ere, ezin izan ditut haien izenak inon aurkitu!
April 11th, 2011 - 10:34
Saiatu naiz zein diren bilatzen baina oraingoz ez dut lortu. Jakin bezain laster jakinaraziko dut.