Zine-musika

Datorren maiatzaren 8an, larunbatean, 20:00etan Ondategiko Zigoitia Aretoan, Cossa Nova taldeak ikus-entzunezko kontzertua emango du Zinea eta musika izenpean azken hilabeteotan Zigoitia udalerrian gauzatu den zine-zikloari amaiera emateko.
Cossa Nova taldearen proposamen berriaren izenburua hauxe da: “Zinemako musikak begiei zor diena”; programa honekin omenaldia egin nahi dio zinemari musika-talde arabarrak, memoria zinematografiko kolektiboarekin loturiko musika-konposizioen aukeraketa heterodoxo baten bidez.
Programa honek ez du helburu zinemako abesti onenen bilduma antologikoa egitea, baizik eta zeluloide-ametsen mende honetan musikak eta zinemak bat eginik landu dituzten notak, emozioz eta zirraraz beteriko zenbait nota galdu, berreskuratzea.