Klaketa
30Dec/090

Flysch, Haitzen Hitza

itzurungo hondartzan

Nere txikitako oroitzapen urrunenetakoak Zumaiako herriko hondartzaren ur ertzean amaitzen dira, Itzurunen. Hiru lau urte baino ez nituen izango. Orduan ikasi nuen zer den hondarraren epela, kresalaren hatsa eta olatuen aserrea. Garai hartan arrantzale-etxe apal batean ematen genituen oporrak gurasoak eta hirurok. Orduantxe entzun nuen lehen aldiz euskeraz egiten, gustura entzun ere.

Gaur egun ere, mendi magaletan metak ikusten ditudanean, hor-hemenka barreiaturik, ezin dut ebitatu nere haurtxarora une batez itzultzea, itsas-minez edo, garai hartan Bitoriatik “seiscientos” zuri batean egindako ihesaldi labur haiek gogoratuz.

Izan ere, oporraldi xume horiek miresgarriak ziren niretzat, lehorreko umea nintzen aldetik. Itsasontzien kolore dantza, gezalaren sarkorra, itsasoaren oldarra...

Nere lehenengo ikara-oroitzapenak ere ordukoak dira. Agian oroipenak baino hiru urteko ume baten irudipenak izango ziren baina edonola ere gogoan ditut egun ere itsasoaren suminak irentsitako zorigaitzeko neskatilen istorioak.

Sasoi hartan kezka bakarra neukan. Itsaso beherak utzitako eta abuztuko eguzki saminak berotutako putzu epeletan jolastea. Edo, akaso, ur-palastan ibiltzea, beti ere nere ama begiran. Haiek ziren bai olagarruak!

flisch

Askozaz geroago jakin nuen, nere zorioneko itsasondoko jolastoki hartatik arduragabe begiratzen nituen itsas-malda erraldoi horien harri malkartuek gure planetaren 60 milioi urteko atzea gordetzen zutela ezkutuan. Bai ezjakina nerea!

Hori da hain zuzen gaur Zumaiako Aita Mari zineman lehen aldiz pantaila handian proiektatzekoa den dokumentalak jaso duen historia.

Alberto. J. Gorritiberea zinemagileak eta Asier Hilario geologoak zuzendutako filmak, Zumaiako itsaslabarretan idatzitakoari jarraiki, atzera jotzen du planetaren joan-etorrien nondik norakoak aztertzeko eta, geologia aitzakitzat hartuta, gaur egungo ingurumen arloko hainbat gai mahai gainean jartzeko.

Foto:Juan Carlos Muñoz

Foto: Juan Carlos Muñoz

«Dokumentala bidaia bat da. Geografikoa batetik, Zumaiatik Islandiara, handik AEBetako Wyomingera eta handik Mexikora. Baina baita ezagutzan barrena egindakoa ere. Bizitzaren, klimaren eta Lurraren historiaren ikerkuntzan». Izan ere, Zumaian ikusten diren kontuak kontrastatzeko edo konfirmatzeko atera dira bertatik. «Adibidez, Zumaian ikusten da meteorito batengatik desagertu zirela dinosauroak. Meteorito hori Mexikon erori zen. Eta orduan hara joan ginen meteoritoak utzitako talka hori grabatzera. Gure laboratorioa planeta osoa da eta hori ulertzeko pieza guztiak ulertu behar dira. Zumaia puzzle handi horren pieza garrantzitsu bat baino ez da. Garrantzitsua bai baina bakarra».

Aukera aparta, beraz, lurraren historiaz jabetzeko ezezik iraganetik zeozer ikasteko ere geroari begira. Izan ere, asko dira aurrez aurre ditugun erronkak, biodibertsitate, klima aldaketa edo garapen-ereduei dagokienez.

Dokumentalaren trailerra baleiken duzue ikusgai.

Informazio gehiago:
haitzenhitza
tuntuxa

Iruzkinak (0) Trackbacks (0)

No comments yet.


Leave a comment


No trackbacks yet.