Mendi Zinemaldiaren zortzigarren saioa
Asteburuko otordu luze baino luzeagoan, 16 film irentsi genituen. Gero, astelehenak ere ustekabe interesgarriak ekarri zizkigun.
Lehena, Tommaso Biondik eta Andrea Gobettik eginiko La lunga notte, Igor Jelenic kroaziar espeleologoa Piamonteko hegoaldean den Piaggia Bella haitzulotik erreskatatzeko operazio zail-zailaren kronika.
Dokumentalak bi interesgune eskaintzen ditu. Lehendabizi, poliki jasotzen ditu erreskatea antolatzearen inguruko gorabeherak, hasierako kaosetik bukaera arrakastatsuraino. Guztiz eginkizun konplexua. Igor arroken artean harrapatuta zegoen. Ezinezkoa zen erreskate anda sartzea. Orduak eta egunak bizkor igaroz zihoazen kanpokoentzat; eta ezin geldoago Igorrentzat, ez erotzea beste helbururik ez duela. Halaxe joan ziren bost egun dramatiko, harik eta dinamitak beharrezko ahoa ireki eta espeleologoen trebetasunak Igor ateratzea lortu zuen arte, zulo estu-estuan zehar 200 boluntariok eratutako kate perfektuari esker.
Dokumentuak bete-betean asmatu du, orobat, tonuan. Betiere egoeraren dramatismoa islatuz, lortzen du ohar atseginak eta umoretsuak tartekatzea; halaxe, tentsioa apaltzen du, erraz asko morbozko dokumentu hutsa izan zitekeen baina aitzitik erreskatearen kronika atsegingarria den horretan.
Segidan, TVEko Al Filo de lo Imposible taldeak ekoitzitako El tesoro de la gran nieve etorri zen. Dokumental horretan jaso dute Edurne Pasaban bere hamabigarren zortzimilakoa (Kangchenjunga) lortzera eramango zuen espedizioa. Jaitsieran, kideen laguntza gabe tolosarrak ez ziokeen igoerari bukaera onik emango.
Kalitate ederreko dokumentala, errealizazio txukunekoa, baina oraindik egikera klasikokoa, nahiz eta bigarren mailako protagonistengana (sherpak, kameralariak, sukaldariak, han bertako jendea…) hurbiltzeko saio herabetia erakusten duen.
Filmaren zuzendari Carmen Portillak, proiekzioa bukatutakoan, Al Filo de lo Imposible taldearen ildo nagusi berriak azaldu zituen. Besteak beste, goi mendian jadanik ohiko ditugun diziplinez gainera, beste batzuk sartuko dituzte, hala nola: txirrinduzko zeharkaldiak; muturreko urpekaritza; abentura eta elbarritasuna; trokarte jaitsiera. Era berean, berritasun gisa aipatu zuen abenturen segimendua egin daitekeela unean bertan, webaren bidez.
Ondoren, oso ustekabe atsegina eman zidan lan bat. Haren zuzendari Jordi Canyigueralek iragarria zuen, aurkezpenean, bestelako zerbait saiatu zela; eta ez zuen batere gezurrik esan, ez horixe.

Jordi Canyigueral, filma aurkezten
Com penjar-se filmak modu ezin atsegingarriago eta didaktikoan azaltzen du zer den eskalada eta zer den horma batean bizitzea. Zinematografia hizkuntza erakargarri, dibertigarri eta gatz ugarikoa darabil. Haize freskoa dakarkio istorioak eta moduak behin eta berriz errepikatzeko joera duen zinemako genero horretara.
Gaueko azkenaurrekoa ere Argentinatik etorri zitzaigun. Ignacio Galindez Tuerok zuzendutako Del otro lado del río filmak badu argentinar ekoizpenen kutsu berezi hori, batzuetan gogaitu ere egiten nauena. Ez da halakorik gertatu film horrekin. Formatu burutsua du. Haurrek gauzak euren gisara deskribatzen dituzten telebistako saio horien modura, filmeko lau protagonistek (Buenaventura, Carignan, Della Rosa eta De Giusto, adiskide minak) kayakaren elementuak eta diziplinak azaltzen dituzte, bai eta jarduera horri buruz duten ikuspegia eman ere. Irudien eta musikaren muntaketak —bizkorra eta egokia denez— biribildu egiten du ikusteko oso erakargarria den lan hori. Gainera, zeharka bada ere, ikasteko balio du.
Jardunaldi bukaeran, Echo Wall izan genuen. Dave MacLeod eskalatzailearen prestakuntza prozesua kontatzen du; besteak beste, sokarik gabe 8c zailtasuneko tarte bat egitearen proba ikaragarria. Halaxe prestatu zuen Echo Wall estilo libre eta tradizionalean igotzea. Eskalabide hori ehun metro garai da Tower Ridge gailurra. Eskoziako Ben Nevis goi ordokian dago, gutxi gorabehera 1.100 metroko garaieran.
Harridura eragiten du eskalatzaile horren trebetasuna, kontzentrazio ahalmena, mentalizazioa, kontrola eta bere buruarengan duen uste osoa. Berak dioenez, «Halako probak gainditzeko bultzatzen duena ez da hiltzeko beldurra, baizik motibazioa».

