Klaketa
28Sep/160

39. Euskal Zine Bilera

 

39-Euskal-Zine-Bilera

39. Euskal Zine Bilera 2016ko urriaren 16tik 23ra bitartean garatuko da eta 32 film lehiatuko dira bertan.

Lekeitioko Udalak antolatzen duen euskara hutsean egiten den zine bilera bakarraren 39. edizioa da aurtengoa eta jadanik euskal zineak badu hitzordua: urriaren 16tik 22ra bitartean, euskaraz filmatu denaren errepasoa egiteko aukera ederra izango dugu Lekeition.

39. edizio honetan 50 lanetik gora jaso dira eta horietatik guztietatik 32 film izan dira onartuak lehiaketan parte hartzeko; 11 lan profesional eta 21 lan amateur. Azken hauen artean 5 lanek Gazte 22 sailean parte hartuko dute (2 lan lekeitiarrak egindakoak dira).

Aurten, gainera, Euskal Zine Bilerak I. Kartel Lehiaketa martxan ipini du, Euskal Zine Bileraren helburuetariko bat baita sorkuntza eta partaidetza sustatzea. Hori horrela, guztira 16 lan aurkeztu dira eta jadanik irabazlea aukeratua izan da. Irabazlearen izena eta kartela Bilboko BBK Aretoan egingo den prentsaurrekoan plazaratuko da.

Bestetik, 2015eko 38. Euskal Zine Bileran 3.000.-euroko Benito Ansola Bekaren irabazlea izan zen Irati Canoren Leihoak lana primiziaz ikusteko aukera izango dugu. Lekeitioko Udalarekin batera, EHUren Mikel Laboa katedraren babesarekin eta Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren laguntzaz antolatzen du Euskaltzaleon Topaguneak sari hau.

Euskal Zine Bilera Zinemaldian

LEHIAKETA

Euskal Zine Bilerak betiko bi helburu ditu. Batetik, euskarazko lan amateurrak saritu eta bidea egiten lagundu. Bestetik, euskarazko zinemagintza profesionalaren bilgune nahi du izan. Hori horrela, lehiaketak bi kategoria ditu, profesionalena eta amateurrena; bakoitzak sailkatzen du bere lana batean edo bestean.

Kategoria bakoitzean, Zuzendaritza, Ekoizpena, Gidoia eta Argazkia arloak sarituko dira. Profesionalen sailean, arlo bakoitzeko 1.600€ eta zilarrezko antzarra dira sariak, amateurrean berriz 1000€ eta zilarrezko antzarra. Horrez gain, jaialdiko saririk preziatuena, Film Onenaren saria ere profesional eta amateurren kategorietan emango da: lan profesionalak 1.900€ eta urrezko antzarra jasoko dute eta lan amateurrak 1.300€ eta urrezko antzarra. Iaz, Aitor Oñederraren “I said I would never talk about politics” irabazi zuen profesionalen arteko film onenaren saria; amateurren artean berriz, Yago Mateo Velascoren “Fishura” filmak.

Nahikoa ez eta beste bi sari ditu gordeta EZB-k, bakoitza 500 eurokoa: Gazte 22 Saria eta Antzar Morea. Gazte 22 sarira 1993ko urtarrilaren 1aren ondoren jaiotako 5 zinegilek eman dute izena. Iaz, Aitor Zarzuelo Landaren “Maitaleak” jaso zuen saria. Antzar Morea sariak bestetik genero ikuspegia hoberen txertatzen duen lana sarituko du eta, halaber, kontuan hartuko da emakumearen presentzia zenbatekoa izan den lana sortzeko prozesuan. Berau Lekeitioko Udaleko Berdintasun Sailak ematen du.

AURTENGO EPAIMAHAIKIDEAK

39. Euskal Zine Bilerako Epaimahaikideak euskal zinemagintzarekin harremandutako profesional ezberdinak biltzen ditu: zuzendariak, antzezleak eta ekoizleak.

Asier Bilbao (Durango, 1969)
Produktore eragilea eta produktore zuzendaria. Bere ibilbide profesionala batez ere produkzio lanetan garatu da, antolaketan nahiz edukietan. Objetivo Agirre (2016) zine luzemetraiaren garapenean parte hartu du, baita Amaren Eskuak (2013) luzemetraian ere.

Asier Hormaza (Getxo, 1970)
Euskal aktore eta bikoiztalea. Zinean, antzerkian eta bereziki telebistan egin du lan. Argi eta El cazador de dragones filmetan parte hartu du Iratxe Mediavilla eta Patxi Barcoren zuzendaritzapean. Gainera, “Goenkale” eta “Vaya Semanita” telesailetako protagonista izatearren ezaguna ere bada.

Iñaki Billelabeitia (Mungia, 1963)
Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederren Fakultateko irakasle titular, doktore eta ikertzaile lanarekin uztartzen du. Klaseak ematen ditu Arteko Graduan, Increarte masterrean (“Investigación y Creación en Arte”) edota Arte Garaikidea Teknologiko eta Performatiboko masterrean ere. Gaur egun UPV-EHUko Artea eta Teknologia Departamentuko zuzendaria da.

Tessa Andonegi (Donostia, 1968)
Euskal aktorea. Zinean, antzerkian eta telebistan egin du lan. Hala nola, Goazen (2008) filmean eta “Goenkale” eta “Jaun ta Jabe” telesailetan parte hartzearren da ezaguna. Antzerki munduan ere aktore (Las dos verdades – Tartean 2005-2006) eta zuzendaritza laguntzaile (Ai Ama! – Hika Teatroa 2003) lanetan ibili da.

Sara Cozar (Ordizia, 1980)
Euskal aktorea. “Goenkale” telesailean lanean ibili ondoren, “Emaztegaiaren semea”, “Hil arte bizi”, “Maitasunaren ostean maitasuna” edo “Las mujeres de verdad tienen curvas” antzezlanetan jardun izan du. Zineman, Bypass eta Izarren argia filmetan lan egin du aktore moduan.

Be Sociable, Share!
Filed under: Berriak Leave a comment
Comments (0) Trackbacks (0)

No comments yet.


Leave a comment

No trackbacks yet.