Klaketa
10Feb/160

Nola egin zen The Revenant?

Leonarodo Di Caprio The Revenant

Leonardo Di Capriok lan bikaina egiten du The Revenant filmean eta eskura dauka, inoiz baino gehiago, aktore onenaren Oscar saria.

Oso gutxi falta da aurtengoan Oscar sariak nork jasoko dituen jakiteko eta berriz ere dugu Alejandro González Iñarritu zinegile mexikarrak zuzendutako pelikula bat hainbat estatuatxo jaso ditzaketen faboritoen artean. Dagoeneko, Urrezko Globo Sarietan hiru sari jaso ditu The Revenant filmak zuzendari, film eta aktore protagonista onenaren (Leonardo di Caprio) kategorietan.

Egia esan, gustuak gustu, ezin ukatu benetako istorio baten ildotik datorkigun The Revenant pelikula, irudien aldetik behintzat, lilulagarria dela oso. Baina emaitza ikusgarri hori lortzea ez zen batere xamurra izan. Filmaketa benetan gogorra izan zen eta bihurgunez beterik egon zen hasieratik. Horiek horrela, hainbat atzerapen izan ziren eta polemika latzak sortu ziren zuzendariaren lan-prozedurak zirela-eta, “cinema verité” deritzan estiloak estualdi asko pasatzea eskatzen baitu. Izan ere, kokalekuak eder-ederrak baina arriskutsuak ere baziren eta eguraldi desegokiaz are eramangaitzagoak.

revBTS_hero_1453478298

Hortaz, 20th Century Fox-ek filmaketari buruzko dokumental bat argitaratu zuen pasa den urtarrilaren 9an filmaketaren eta filmak hondo-irudia duen testuinguru historikoaren berri emateko. 44. minutuko iraupena duen lan honek A World Unseen izena du eta Eliot Rausch-ek zuzendu du. Dokumental honetan argi ikus dezakegu nola egiten duten lan bai Iñarrituk berak bai Emmanuel Lubezki argazki-zuzendariak naturaren handientsutasuna islatzeko. Bertan, kokaleku eta paisaiei bisita gidatua egiteaz gain, agerian uzten zaigu proiektu honek bere baitan ekarri zuen lan eskerga. Horrela, Fort Berthold izeneko indioen erreserbaraino hurbildu (Ipar Dakotan), eta “akikara” indioen kultura hobeto ezagutzeko bidea ematen digu, hauen esparruan garatzen baita Iñarrituren filma.

Horrezaz gain, dokumentalak arreta ekarri nahi digu korporazioen diru-goseak eta klimaren aldaketak filmean agertzen diren zenbait lekutan sortzen ari diren ingurumen-hondamendien inguruan.

Beraz ikustekoa baina, trailerraren kasuan bezala, hobe filmaren ostean ikusten baduzue, spoilerra nabarmena baita.

http://blogs.indiewire.com/theplaylist/watch-44-minute-documentary-about-the-making-of-the-revenant-plus-15-minute-interview-with-leonardo-dicaprio-20160121

Be Sociable, Share!
Comments (0) Trackbacks (0)

No comments yet.


Leave a comment

No trackbacks yet.