Indiari buruzko zine-foruma Gasteizen

astelehena, abuztuaren 23a
Guridi zinema aretoetan
“Salaam Bombay” (1988); zuzendaria: Mira Nair.
Frantzia, India, Erresuma Batua. 113 min. J.B.G.A.
Bombayko kaleetan abandonatutako haurren bizitzak hartu zituen oinarritzat Mira Nair zuzendari indiarrak istorio gogor eta interesgarri hau filmatzeko, zeinak zirrara handia eragin baitzuen herrialde hartan. Ingelesez besteko film onenaren Oscar sarirako hautagaia izan zen.

Hizlaria: Irune Pascual andrea, Vicente Ferrer fundazioa (Euskadi).
asteartea, abuztuaren 24a
“La canción del camino” (Pather Panchali, 1955); zuz.: Satyajit Ray. India. 115 min. J.B.G.A.
XX. mendeko Bengalan nekazaritza giroan bizi den familia baten zailtasunei buruzko drama zirraragarria, familiako kide baten ikuspuntutik kontatua: Apu txikia. Pather Panchali baliabide gutxirekin filmatu zen, eta hari esker ezagutu zen indiar zinema munduan, Cannesen estreinatu ondoren.
Hizlaria: Julia Mendoza doktore andrea, Filologia Grekoko eta Indoeuropar Hizkuntzalaritzako katedraduna Madrilgo Unibertsitate Konplutensean.
asteazkena, abuztuaren 25a
“El invencible”(Aparajito, 1956); zuzendaria: Satyajit Ray. India. 105 min. J.B.G.A.
Pather Panchali filmaren arrakastari esker, Rayk erakundeen laguntza lortu zuen bigarren zatia egiteko. Bertan kontatzen da nola Apu umeak bere hezkuntza osatzen duen herrixkatik urrun, unibertsitatera iritsi arte. Urrezko Lehoia lortu zuen Veneziako Jaialdian.

Hizlaria: Agustín Pániker jauna, Indiako kulturan aditua.
osteguna, abuztuaren 26a
“El mundo de Apu” (Apur Sansar, 1959); zuzendaria: Satyajit Ray. India. 101 min. J.B.G.A.
Rayk sorta osatu eta protagonistari buruzko hirugarren filma egin zuen, Apuren helduaroa eta bizitza-esperientziak kontatzeko. Trilogiako gainerako lanetan bezala, Ravi Shankar maisuaren musika nabarmendu beharra dago, bai eta Subatra Mitraren argazkigintza bikaina ere.

Hizlaria: Rubén Campos jauna, Madrileko Kluba izeneko erakundekoa.
ZINEMA
Leihatilan, ohiko ordutegian.
Prezioa: 3 euro.
ZoOo soinua, zine-emanaldia: Andreas Wutz

ZOOO SOINUA zine-emanaldiko bi saioak ekainaren 2an eta 3an izango dira Gasteizko Foru Aldundiaren agiritegian 19:00etan
ZoOo-soinua izeneko zinema egitarau honek hizkuntzaren eta animalien komunikazioaren alorrak zeharkatzen dituzten pelikula dokumentari eta artistikoak biltzen ditu. Badira hizkuntza jaiogabeak, ikasi beharrekoak edo gizakiaren kasuan bezala bien arteko nahasketan oinarritutakoak. Soilik laguntza teknikoarekin jaso ditzazkegun zeinuak ere badaude, baita bere testuingurua ulertzen ez badugu igarkizun modura gelditzen diren mezuak ere. Eta askotan ez gara hortarako gai, eta gurutzatu ezin dugun muga batera iristen gara. Horregatik askotan zientzia linguistikoek eta etiologikoek, eremu etikoari, lurraldekoari edo politikoari dagozkien galderen bidez egiten dute topo. Zinema egitarau honetan bezala.
I.- Zeinuak eta gorputzen idazkera
Emanaldi honek, besteak beste erleen dantzari buruzko lehen pelikula, ikusizko nahiz entzunezko mezuen estrukturei edo mugimenduen mezuei eta hauen oharpenei buruzko filmak biltzen ditu. Azkenik, dena grabaturiko oihan baten imaginazio artistikora mugatzen da edo gizaki-hegazti mimetismo batean bihurtzen da.
Iraupena: 60 m
Marcus Coates
Dawn Chorus, Erresuma Batua 2005
15 m
Karl von Frisch
Sprache der Bienen // Lenguaje de abejas, Alemania 1926
8 m

Hermann Kalkofen
Signalverhalten und Signalstrukturen // Acciones señalizadoras y estructuras señalizadoras, Alemania 1963-80
11 m
Jean Painlevé
Ecriture du mouvement, Frantzia 1947
10 m

Wolfgang Heinrich & Klaus Dornfeldt
Elektroortung und – Kommunikation beim Tapirfisch // Sonar electrico y comunicacón del pez elefante, Alemania 1986
9 m
Karl Lemieux & Francisco López
Mamori, Canada/ España 2010
8 m

II.- Ahoskera eta honen basati izaerarako itzulera
Bigarren emanaldi hau osatzen duten pelikulek hizkuntza batek munduan indarrez sartu edo ateratzeko duen ahalbidea ikertzeko aukera eskaintzen du. Azkenean animaliarenganako edo gizakiarenganako hurbilketa linguistikoak antzekoak dira eta hitzkuntzaren galerak zanpatzen dugun zolaren hauskortasuna azalera dezake.
Iraupena: 80 m
Jane Goodall & Peter Marler
Vocalizations of Wild Chimpanzees, EEUU 1971
40 m

Karl Lemieux & Francisco López
Mamori, Canada/ España 2010
8 m
Luke Fowler
Bogman Palmjaguar, Reino Unido 2007
30 m
Umorea Labur Arrigorriagan
Pasa den astean Arrigorriagako Lonbo Aretoan zinemazaleak zortzigarren aldiz bildu dituen Umorezko Laburren zinemaldiak agur esan digu.
Edizio honetan 20 filmek hartu dute parte lehiaketan eta hauexek izan dira sari eta txintxarriak eskuratu dituztenak:
SARIDUNAK
- “Bizitza laburrean” ohorezko saria: Loli Astoreka
- Fym Italcementi Group sari Nagusia: Amona putz! (Telmo Esnal)
- Zuzendari onena: Juan Canestany eta David Serrano (El último golpe)
- Aktore onena emakumezkoetan: Carmen Ruiz (La rubia de Pinospuente)
- Aktore onena gizonezkoetan: Font Garcia (La rubia de Pinospuente)
- Ikuslegoaren saria: Amona putz! (Telmo Esnal)
- Gazte saria: Manual práctico del amigo imaginario (abreviado) (Ciro Altabás)
Oraingoan, gazte saria eskuratu duena uzten dizuet ikusgai:
II. Mendi Zinemaldiaren palmaresa

Au delà des cimes filmearen ekoizlea sari nagusia jasotzen
Ez da erraza lehiaketa batean denok iritzi berekoak izatea. Dena den aitortu behar dut oraingo honetan bat natorrela epaimahaiak egindako hautaketarekin. Akaso Panie W Gorach emakume alpinistei buruzko film poloniarrak suerte hobea mereziko zuen edo White Noise, Dominique Perret-en film labur zoragarria. Baina tira, zazpi sari baino ez ziren eta denak ezin kontent joan.
Publikoak, bere aldetik, Sean Villanueva eta Nico Favresse eskalatzaile belgiarren jatortasuna eta horma handietan erakutsi duten positibismoa eskertu nahi izan dute Asgard jamming sarituz.
Mendi Zinemaldiaren azken saioa

Egia esan, zinemaldiari amaiera eman dion saioak, berriz ere, aniztasuna izan du ezaugarri aurreko egunen antzera.
Parapente akrobatikoari buruzko dokumental austriar batekin hasi ginen, Streamlined '08. Zinta hau, baliabide ugari eta profesionaltasun handiz egina dagoena, helikopteroak barne, bisualki zirragarria izan da eta irudi ikaragarriak eskaini dizkigu "akroa"k eskaintzen dituen hainbat aukera erakutsiz.
Zorionez bereizmen handian filmatutako lan hau libre banatzekoa da eta, beraz, hementxe uzten dizuet, zinemaldian bertaratzeko aukera izan ez duzuenok bistara dezazuen, nahi izanez gero.
Streamlined 08 from Team Silver on Vimeo.
Mendi Zinemaldiaren hamaikagarren saioa

Osteguneko saioan, batean kale, bestean bale. Hasteko, Grits kids, luzera ertaineko filma, Paul Diffleyk egina. Ikusi izan ez bagenu, ez genukeen ezertxo ere galduko. Harridura eragin nahi digu (batere lortu gabe), bi britainiar neraberen eskaladako trebetasun goiztiarrak erakutsiz. Gurasoek liluratuta eta lerdea dariela begiratzen diete. Filmak duen alderik hoberena, laburra izatea.
Arratsaldeko bigarrena, estreinaldia: Las cavernas de la isla de Pascua, Txileko telebistako Cazadores de la Ciencia serierako Diego Rojasek eginiko dokumentala. Euskal Herriko eta Txileko zientzialariz eta espeleologoz osaturiko diziplina arteko talde baten abentura jasotzen du. Jabi Les eta Nagore Irazabal biologoa buru dituztela, jatorri bolkanikoa duen haitzulo sistema korapilatsuaren zati bat esploratu zuten, Rapa Nui uharte exotikoan.

Mendi Zinemaldiaren hamargarren saioa

Mendi Zinemaldiaren seigarren eguna hasteko, Euskal Herriko Bideografik ekoizpen etxe gaztearen film labur dibulgatzailea izan genuen. Erreportaje argigarri horrek poliki erakusten digu zertan datzan slack line, lurretik altura batera jarritako 2,5 zentimetroko zinta elastikoaren gainean egiten den funambulismoa.
Yosemite parke naturalean sortu zen, 1980ko hamarkadaren bukaeran, oreka lantzeko modutzat. Geroztik, zaleak bereganatuz joan da. Izan ere, film laburrean islatzen denez, alpinistaren prestakuntzarako osagarri egokia izateaz gainera, guztiz jarduera jostagarria da. Eta badu beste abantaila bat ere: edonon egin daiteke, mosketoi soil batzuk eta zinta bat jarrita.
Aipatzekoa da, bestalde, zer-nolako apustua egiten ari den ekoizpen etxe hori, mendiko zinemaren alde. Ea ikus-entzunezko arloan diharduten beste profesional batzuentzat pizgarri den. Bien bitartean, zain-zain izango gara, Bideografikek Nepalen egin duen ekoizpen berria noiz ikusiko.
Zinta gaineko funanbulismoa Algortako Portu Zaharrean
Mendi Zinemaldiaren bederatzigarren saioa

Astearteko saioan --azkenik!-- kalitate handiko euskal ekoizpen bat izan genuen, hasteko: Begiz Begi / Miradas a cámara, Alberto Iñurrategik eginiko dokumental bikaina. Gogoeta eragiten digu, nola bidaiatzen dugun.
Albertok proiekzioaren aurretik eman zuen aurkezpenean ederki adierazi zuenez, berak hainbat aldaketa ikusi eta bizi izan du mendizaleen ohituretan eta jarduteko moduetan, azken urte mordoxka honetan. Gure bidaian bisitatzen genituen ingurune eta jendeei genien errespetua alde batera utzita, itsututa ekin diogu elkartasunik ezagutzen ez duen kirol meritua bilatzeari.
Alde horretatik, aipagai izan zituen Urrezko Pioletaren saria, eta sari horren balioak gauzatu beharra. Balio horien artean dira, hain zuzen, ingurumena errespetatzea, gizakiak --norberaren taldeko kideak, beste talde batzuetako kideak, zamaketariak eta tokian tokiko langileak-- errespetatzea, eta geroko mendizale belaunaldiak errespetatzea.

Mendi Zinemaldiaren zortzigarren saioa
Asteburuko otordu luze baino luzeagoan, 16 film irentsi genituen. Gero, astelehenak ere ustekabe interesgarriak ekarri zizkigun.
Lehena, Tommaso Biondik eta Andrea Gobettik eginiko La lunga notte, Igor Jelenic kroaziar espeleologoa Piamonteko hegoaldean den Piaggia Bella haitzulotik erreskatatzeko operazio zail-zailaren kronika.
Dokumentalak bi interesgune eskaintzen ditu. Lehendabizi, poliki jasotzen ditu erreskatea antolatzearen inguruko gorabeherak, hasierako kaosetik bukaera arrakastatsuraino. Guztiz eginkizun konplexua. Igor arroken artean harrapatuta zegoen. Ezinezkoa zen erreskate anda sartzea. Orduak eta egunak bizkor igaroz zihoazen kanpokoentzat; eta ezin geldoago Igorrentzat, ez erotzea beste helbururik ez duela. Halaxe joan ziren bost egun dramatiko, harik eta dinamitak beharrezko ahoa ireki eta espeleologoen trebetasunak Igor ateratzea lortu zuen arte, zulo estu-estuan zehar 200 boluntariok eratutako kate perfektuari esker.
Dokumentuak bete-betean asmatu du, orobat, tonuan. Betiere egoeraren dramatismoa islatuz, lortzen du ohar atseginak eta umoretsuak tartekatzea; halaxe, tentsioa apaltzen du, erraz asko morbozko dokumentu hutsa izan zitekeen baina aitzitik erreskatearen kronika atsegingarria den horretan.
Mendi Zinemaldiaren zazpigarren saioa (2009)

Igandeko azken saioa benetan izan zen mamitsua. Oso bestelako proposamenak ekarri zituen, eta programatzaileek lana arreta handiz egiten dutela --edo, behinik behin, egiten saiatzen direla-- garbi erakutsi.
Hasteko, euskarazko bertsio originalarekin edizio honetan izan den lehendabiziko filma. Filmaren egilea Txus Ruiz de Erentxun durangar abenturazalea dugu. Iaz ere hemen izan genuen, Kayak aguas bravas filmarekin (asmo apalagoko lana, baina, hala eta guztiz ere, ahogozo hobea utzi zidana).
