Klaketa
19Dec/090

Mendi Zinemaldiaren azken saioa

abenduak18

Egia esan, zinemaldiari amaiera eman dion saioak, berriz ere, aniztasuna izan du ezaugarri aurreko egunen antzera.

Parapente akrobatikoari buruzko dokumental austriar batekin hasi ginen,  Streamlined '08.  Zinta hau, baliabide ugari eta profesionaltasun handiz egina dagoena, helikopteroak barne,  bisualki zirragarria izan da eta irudi ikaragarriak eskaini dizkigu "akroa"k eskaintzen dituen hainbat aukera erakutsiz.

Zorionez bereizmen handian filmatutako lan hau libre banatzekoa da eta, beraz, hementxe uzten dizuet, zinemaldian bertaratzeko aukera izan ez duzuenok bistara dezazuen, nahi izanez gero.

Streamlined 08 from Team Silver on Vimeo.

18Dec/090

Mendi Zinemaldiaren hamaikagarren saioa

abenduak17_18_30

Osteguneko saioan, batean kale, bestean bale. Hasteko, Grits kids, luzera ertaineko filma, Paul Diffleyk egina. Ikusi izan ez bagenu, ez genukeen ezertxo ere galduko. Harridura eragin nahi digu (batere lortu gabe), bi britainiar neraberen eskaladako trebetasun goiztiarrak erakutsiz. Gurasoek liluratuta eta lerdea dariela begiratzen diete. Filmak duen alderik hoberena, laburra izatea.

Arratsaldeko bigarrena, estreinaldia: Las cavernas de la isla de Pascua, Txileko telebistako Cazadores de la Ciencia serierako Diego Rojasek eginiko dokumentala. Euskal Herriko eta Txileko zientzialariz eta espeleologoz osaturiko diziplina arteko talde baten abentura jasotzen du. Jabi Les eta Nagore Irazabal biologoa buru dituztela, jatorri bolkanikoa duen haitzulo sistema korapilatsuaren zati bat esploratu zuten, Rapa Nui uharte exotikoan.

diego_jabi_nagore

18Dec/090

Mendi Zinemaldiaren hamargarren saioa

abenduak16_18_30

Mendi Zinemaldiaren seigarren eguna hasteko, Euskal Herriko Bideografik ekoizpen etxe gaztearen film labur dibulgatzailea izan genuen. Erreportaje argigarri horrek poliki erakusten digu zertan datzan slack line, lurretik altura batera jarritako 2,5 zentimetroko zinta elastikoaren gainean egiten den funambulismoa.

Yosemite parke naturalean sortu zen, 1980ko hamarkadaren bukaeran, oreka lantzeko modutzat. Geroztik, zaleak bereganatuz joan da. Izan ere, film laburrean islatzen denez, alpinistaren prestakuntzarako osagarri egokia izateaz gainera, guztiz jarduera jostagarria da. Eta badu beste abantaila bat ere: edonon egin daiteke, mosketoi soil batzuk eta zinta bat jarrita.

Aipatzekoa da, bestalde, zer-nolako apustua egiten ari den ekoizpen etxe hori, mendiko zinemaren alde. Ea ikus-entzunezko arloan diharduten beste profesional batzuentzat pizgarri den. Bien bitartean, zain-zain izango gara, Bideografikek Nepalen egin duen ekoizpen berria noiz ikusiko.

Zinta gaineko funanbulismoa Algortako Portu Zaharrean

Zinta gaineko funanbulismoa Algortako Portu Zaharrean

18Dec/090

Mendi Zinemaldiaren bederatzigarren saioa

abenduak15_18_30

Astearteko saioan --azkenik!-- kalitate handiko euskal ekoizpen bat izan genuen, hasteko: Begiz Begi / Miradas a cámara, Alberto Iñurrategik eginiko dokumental bikaina. Gogoeta eragiten digu, nola bidaiatzen dugun.

Albertok proiekzioaren aurretik eman zuen aurkezpenean ederki adierazi zuenez, berak hainbat aldaketa ikusi eta bizi izan du mendizaleen ohituretan eta jarduteko moduetan, azken urte mordoxka honetan. Gure bidaian bisitatzen genituen ingurune eta jendeei genien errespetua alde batera utzita, itsututa ekin diogu elkartasunik ezagutzen ez duen kirol meritua bilatzeari.

Alde horretatik, aipagai izan zituen Urrezko Pioletaren saria, eta sari horren balioak gauzatu beharra. Balio horien artean dira, hain zuzen, ingurumena errespetatzea, gizakiak --norberaren taldeko kideak, beste talde batzuetako kideak, zamaketariak eta tokian tokiko langileak-- errespetatzea, eta geroko mendizale belaunaldiak errespetatzea.

AlbertoIñurrategi

18Dec/090

Mendi Zinemaldiaren zortzigarren saioa

Asteburuko otordu luze baino luzeagoan, 16 film irentsi genituen. Gero, astelehenak ere ustekabe interesgarriak ekarri zizkigun.

Lehena, Tommaso Biondik eta Andrea Gobettik eginiko La lunga notte, Igor Jelenic kroaziar espeleologoa Piamonteko hegoaldean den Piaggia Bella haitzulotik erreskatatzeko operazio zail-zailaren kronika.

Dokumentalak bi interesgune eskaintzen ditu. Lehendabizi, poliki jasotzen ditu erreskatea antolatzearen inguruko gorabeherak, hasierako kaosetik bukaera arrakastatsuraino. Guztiz eginkizun konplexua. Igor arroken artean harrapatuta zegoen. Ezinezkoa zen erreskate anda sartzea. Orduak eta egunak bizkor igaroz zihoazen kanpokoentzat; eta ezin geldoago Igorrentzat, ez erotzea beste helbururik ez duela. Halaxe joan ziren bost egun dramatiko, harik eta dinamitak beharrezko ahoa ireki eta espeleologoen trebetasunak Igor ateratzea lortu zuen arte, zulo estu-estuan zehar 200 boluntariok eratutako kate perfektuari esker.

Dokumentuak bete-betean asmatu du, orobat, tonuan. Betiere egoeraren dramatismoa islatuz, lortzen du ohar atseginak eta umoretsuak tartekatzea; halaxe, tentsioa apaltzen du, erraz asko morbozko dokumentu hutsa izan zitekeen baina aitzitik erreskatearen kronika atsegingarria den horretan.

18Dec/090

Mendi Zinemaldiaren zazpigarren saioa (2009)

abenduak13_18_30

Igandeko azken saioa benetan izan zen mamitsua. Oso bestelako proposamenak ekarri zituen, eta programatzaileek lana arreta handiz egiten dutela --edo, behinik behin, egiten saiatzen direla-- garbi erakutsi.

Hasteko, euskarazko bertsio originalarekin edizio honetan izan den lehendabiziko filma. Filmaren egilea Txus Ruiz de Erentxun durangar abenturazalea dugu. Iaz ere hemen izan genuen, Kayak aguas bravas filmarekin (asmo apalagoko lana, baina, hala eta guztiz ere, ahogozo hobea utzi zidana).

Txus Ruiz de Erentxun

15Dec/090

Mendi Zinemaldiaren seigarren saioa (2009)

abenduak13_4

Igande arratsaldeko lehenengo saioan, proposamenaren eta merituaren aldetik oso ezberdinak diren bi film izan genituen. Lehendabizikoak, Christian Berrutek eginiko Jusqu’au bout du possible suitzar ekoizpenak, izan zuen interesik, nahiz eta zinematografiaren aldetik tratamendu eskasa duen.

David Maxek benetan istripu larria izan zuen, Voucher eskalabidean ari zela, Les Trappistes izeneko zatian. 17 urte besterik ez zuen. Itsu, mutu eta mugitu ezinda esnatu zen, koma sakonean hiru hilabete egin eta gero.

Hogeita hamar urte geroago, halabeharrez, Sergio Roethli ezagutu zuen, muturreko lasterkaria. Harekin batera prestatu zen, eskalabide tragiko hura berriz eskalatzen saiatzearren eta, halaxe, une latz hartaz geroztik torturatu duten mamu eta beldurrak uxatzearren.

Nabari denez, itxura osoa du nork bere mugak gainditzearen film tipikoa dugula, samurkeriaz betea. Ez da horrela, ordea.

15Dec/090

Mendi zinemaldiaren bosgarren saioa (2009)

abenduak13_12

Igande goizean Siberia Gasteiza inguratu zitzaigun elurrak ez zien atzera eragin 50 bat zale sutsuri. Ederki gozatu genuen Stephan Siegristek, Christoph Frutigerrek eta Ckristine Koppek eginiko Lightning strike — Arwa tower, eta bereziki Le Mystère de la balèine. Azken hori dugu, hain zuzen, film erakargarrienetako bat, nire gusturako.

Arwa Tower, Indiako Himalayan dagoen 6.000 metroko menditzarra. Eta suitzar film honetan, menditzar horri ekitearren aldi berean egindako bi proiektu hartu dituzte ardatz. Ines Papert buru zuen emakume talde batek, frantsesek 2002an irekitako mendebaldeko eskalabidea egin nahi izan du berriz. Beste talde bat, gizonezkoek osaturik eta Stephan Siegrist buru dutela, eskalabide berria irekitzen saiatu da, iparraldean. Eskalabide berri horretatik gorenera heltzea lortu zuten. Mendiaren mendebaldeak, berriz, alderik txarrena erakutsi zion emakume taldeari, eta etsi egin behar izan zuten. Filmaren interesik handiena, beharbada, bi espedizioen arteko kontrastea eta lehia (zintzoa?) dugu.

14Dec/090

Mendi Zinemaldiaren laugarren saioa

abenduak12_18_30

Larunbateko saioa ona izan zen burutik burura. Hasteko, Andras Kollmanak eginiko Adrenaline and Turbulence hungariar filma. Dokumentu zirraragarria, parapentearen muturreko modalitate berrira --«akro» izenekora-- hurbiltzen gaituena.

Hego artifizialen sinpletasun eta garbitasunarekin, naturaren indarra besterik erabili gabe, kirolarien belaunaldi berri honek lorpen pentsaezinetara eraman du parapentea.

Dokumentalak akroaren oinarriak eta funtsezko maniobrak ere azaltzen ditu: wing over (alde batera eta bestera eginiko biraldiak), parade, spin eta helicopter.

«Eroaldia» besterik ez zen hasi zutenean, 1988 eta 1989. urteen inguruan. Orduz geroztik, Raul eta Felix Rodriguez anaiek funtsezko figuren oinarriak ezarri zituzten, eta Organya bihurtu zuten modalitate berriaren zaleen santutegi. Muturreko arriskua dakarren modalitatea da, filmeko protagonistek (Pal Takats eta Gabor Kezi) izandako istripuek erakusten dutenez. Alde horretatik esanguratsua da, orobat, lehiaketetan lurreratzea beti uretan egiten dela.

Esplizituegia ere izan gabe, dokumentalak nolabait ere aditzera ematen du badela lehia gogor bat: SAT taldea edo Rodriguez anaiak (modalitateko aitzindariak), alde batetik, eta belaunaldi berriak (hainbesteko indarrarekin datoz, aitzindarien nagusigoa zalantzan jarri dute), bestetik.

14Dec/090

Mendi Zinemaldiaren hirugarren saioa (2009)

abenduak12_16

16:00etako saioa gogotik kargatutako kafearekin etorri da: Anna Filipowk eta Krzystof Wielickik eginiko Naiwieksze tragedie filmarekin. Dokumental gogorra eta ausarta. Orain arte argitaratu gabeko irudiekin aztertzen ditu Poloniako alpinismoa jota utzi zuten tragediak, 1970eko eta 1980ko hamarkadetako urrezko aro hartan.

Inork ez luke sekula alpinismoa egin behar garrantzitsuena gailurrera iristea dela pentsatuz. Hala ere, poloniar alpinista asko loak hartu zituen azkenekoz mendian, ia ezinezkoak edo ezinezkoak ziren balentriak burutu nahirik; askotan, espedizioaren gastuak ordaintzen zituztenek horretara bultzatuta. Horiek horrela, ez zegoen tokirik arrakasta zutenentzat beste inorentzat. Halaxe esan zigun filmaren ekoizle Jerzy Porebskik, aurkezpenean. Orobat, adierazi zuen beharbada indar gehigarri bat izan zutela eragile: bizi ziren errepresio giro haren kontra borrokatu beharraren indarra. Hala, bada, belaunaldi hark muturreko alpinismoaren mota bat sortu zuen: alpinismo bereziki ausart eta handinahia.

Jerzy Porebski

Jerzy Porebski