Klaketa
20Mar/140

“Bengalen epelean”, atal berri bat geure klaketarako

Bengalas.eu_logo

  1. Zen eskolako maisu zaharrek bizitza oso bat ematen zuten beren zurdakiak eta paperak prestatzen.  (Nere ustez, prestatu baino, trebatu egiten zituzten). Arroz paperaren arintasuna nahiago zuten oihalaren gogortasunari aurre egiten diolako eta, horrela, hobeto egokitzen zaio pintoreak berez duen jarrerari. Otoitz egiten den moduan prestatzen zituzten pigmentoak eta koloregaiak, azken batailarako armak garbitzen diren bezalaxe. Benbo- eta pinu-errautsak erabiltzen zituzten. Harri urratzaile batek tintontziarena egiten zuen. Lau lagun ohoragarri zituzten: Ran (banbua), Také (aranondoa), Kiku (urrelilia) eta Ume (basoko orkidea). Eta horiexek zituzten begirale. Ergelak ziren gero!

Gero, azkar pintatzen zuten, keinuan zeharo bildurik. Bizitza osoko lana segundu apur batzuetan gauzatzen zen.

 

  1. Guk ere badakigu lau lagun min ditugula baina ez dugu ganbara txinatarrek bezain pitzatua eta ez diegu esaten, "Ran", "Také", "Kiku" eta "Ume", baizik eta "lau lagun" besterik gabe. Bestetik ere, ez dugu astirik ezer prestatzeko edo ezertan trebatzeko, gaur egun lastertasun ergelean eta kapitalismoaren iheskortasunean baino ez baikaude trebaturik. Beraz, arroz paperaren gaineko pinturen ordez bengalak jaurtiko ditugu. Prestatu gabe, aurretik abisatu gabe, zuzenketarik eta damurik gabe. 

    misiles--644x362

  1. Basatiek eta bakartuek erabiltzen dituzten bengalak. Bero ematen duten bengalak. Gutxi dirauten bengalak. Zerura goratu behar diren bengalak. Aurkariaren atera botatzen diren bengalak. Zerura jaurti eta itsas ondoan itzulikatzen diren bengalak. Debekaturik dauden bengalak. Begi bat edo bizitza bera galtzea eragin dezaketen bengalak. Zerua gorriz tindatzen duten bengalak. Lagunen begitartea argitzen duten bengalak, baina, batez ere, etsaien uniformea argitzen duten bengalak. Misiorik gabeko suzirien moduko bengalak, suaren eta ezer ezaren ikuskizun soila direnak. Zigarro batek baino gutxiago dirauten bengalak. Ordutan esku tentel batean alperrik dirauten bengalak. Balak amaitu zaizkizunean jaurtitzen dituzun bengalak. Kometak bezala, nahien kutxazaina engainatzeko bengalak. Azal gorrien gerrako margoen gisako bengalak, klaketadun interfazea zeharkatzen dutenak.

shikunshi