Klaketa
19Sep/120

Euskadiko Orkestrak KUP taldeko ahotsen laguntzaz “The Impossible” filmaren musika aurkeztuko du Zinemaldian

KUP taldea Fernando Velázquez agindupean The Impossible filmaren musikaren grabaketan Photo: Nejc Rudel

Juan Antonio Bayonak zuzendutako eta Ewan McGregor eta Naomi Watts aktoreak protagonista dituen The Impossible filma urrian helduko da Euskadiko zine-aretoetara.

Baina horren aurretik, irailaren 27an, Donostiako Zinemaldiaren barruan, Ewan McGregor aktoreak Donostia Saria jasoko du Kursaalen eta ondoren, 27an bertan, 28an eta 29an, The Impossible filma Europan lehen aldiz ikusteko aukera izango da Torontoko Zinemaldian izandako arrakastari eutsi nahian.

Era berean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak KUP ahots-talde euskaldunaren laguntzaz filmaren musika-banda aurkeztuko du datorren larunbatean, irailak 22, 12:00etan, orkestrak Miramonen duen egoitzan musikaren egilea den Fernando Velázquez-en zuzendaritzapean.

Kontzertuaren programa El hombre esponja film laburraren eta El Orfanato film luzearen hots bandek osatuko dute, hauek ere Fernando Velázquez konpositore getxotarrak konposaturikoak. Izan ere, El Orfanato filmean ere parte hartu zuen hainbat lehiaketetan saridun izan den KUP taldeak.

Fernando Velázquez musikagilearen zine-lanak ugariak dira dagoeneko, eta maila handikakoak gainera, 25 film labur eta dozena bat film luze bere musikaz lagundurik egin dira, esaterako: 7:35 de la mañana (2003) Nacho Vigalondo-rena, El Gran Zambini (2005), Emilio Pérez eta Igor Legarretarena, El síndrome Svensson (2007) Kepa Sojorena, Bosque de sombras (2007) Koldo Serrarena edo Agujeros en el cielo (2003) Pedro Mari Santos zuzendariarena. Dudarik ez, getxotarra egungo zine musikagile onenetakoa dugu bere malgutasun eta irudimen kreatibo bikainari esker.

Bestetik ere, KUP taldearen partaidetza zineko hots-bandetan ez da gaur goizeko kontua. Aurretik ere hainbat filmetan hartu du parte, esatebaterako Fernando Velázquez berak Miguel Martíren Sexykiller trillererako eginiko musika-bandan izan ziren. Hainbat genero biltzen zituen koktel ganberro eta dibertigarri horretan Macarena Gómez aktoresa nabarmendu zen “Barbie Aniquilator” errukigabearen errola egiten.

KUP taldeak generoko beste film berezi batean esku hartu zuen: NO-DOn. Elio Quirogak zuzendutako suspentse istorio artegagarri horrek Alfons Conderen musika izan zuen girogarri.

Kontzertu berezi honetarako sarrera doakoa izango da baina beharrezkoa izango da aurrez gonbidapena jasotzea Zinemaldiak Donostiako Okendo Plazan izango duen karpan ("info-shop" informazio gunean), irailaren 15etik 21era 10:00etatik 20:00etara. Sarrerak aforoa bete arte izango dira eskuragarri. Sarrera bana.

Kontzertua eta estreinaldia heldu bitartean hona hemen musika-banda bikain honen atal bat, benetan hunkigarria:

30Aug/120

Pablo Berges-en “Edurne Zuria” musikaz lagunduta datorkigu

Remake-ak nagusi ditugun garai honetan eta sormena maldaz behera doan egunotan The Artist filmaren arrakastaren haritik badatozkigu aspaldiko zine ixilaren lekukoa hartu nahi duten beste proposamen batzuk, esaterako Pablo Berges zuzendari bilbotarraren bigarren eta azken filma. Kasu honetan gainera, Berges-en Blancanieves izeneko filma zuzeneko musikaz estreinatzekoa da estatuko hainbat hiriburutan.

Ibilbidea datorren irailaren 26an hasiko da Bartzelonako Gran Teatre del Liceu-n eta urriaren 1ean Madrileko Zarzuelako Antzokian. Antzoki horietan Pablo Bergeren filmaren irudiak Isabel Coixeten ohiko konpositorea den Alfonso de Vilallongak konposaturiko musikaz lagundurik proiektatuko dira. Musika Sinfonietta Grimm-ek joko du soinu-banda Roman Gottwald-en zuzendaritzapean eta ahotsa Silvia Pérez Cruz (Palafrugell, 1983)  abeslari gazte doatsuak jarriko du.

Silvia Perez Cruz abeslari katalandarrak ahotsa jarriko dio Berges-en Eduren Zuri ixilari.

Blancanieves filma  (zuri-beltzezko film ixila) Grimm anaien ipuinaren egokitzapen gotikoa dugu. Bertsio honetan egoera Espainiako hegoaldean kokatuta dago XX. mendeko bigarren hamarkadan.Gure oraingo Edurne Zuriak  ihes egiten du etxetik zezenketen munduan ogibidea bilatzeko asmoz. Pablo Bergerek torero, flamenko, trikornio eta bibotedunen Espainia gardinga hartu nahi izan du oinarri Grimm anaien istorioa hankaz gora jartzeko.

Antza denez, Berger txundituta geratu zen Erich von Stroheim-en Greed (Zikoiztasuna) izeneko filma orkestra sinfonikoaren zuzeneko musikaren laguntzaz ikusitakoan eta harrez gero darabilkio egitasmo hau buruan: “Publikoaren aldeko filma egin dut, ez da batere esperimentala. Halere, irakurketa asko izan ditzake eta badira hainbat keinu Abel Gance edo Carl Dreyer-i esaterako. Beldurrezko eta umore beltzeko filma da, eta hainbat genero biltzen ditu batera. Diferentzia bakarra dago: elkarrizketak entzun beharrean musika entzungo dugu. Publikoak gustura hartu zuen Wall.E. zergatik ez ba Blancanieves?", esan zuen Torremolinos 73 filmaren zuzendariak filmaketan egindako adierazpenetan.
 
Maribel Verdú protagonista nagusia izango da ama-ordearena eginez eta Macarena Garcíak bere aldetik Edurne Zuriarena egingo du. Errepartoa Daniel Giménez Cacho eta Ángela Molinak osatuko dute besteak beste. Estreinaldia zine-aretoetan irailaren 28an izango da.

Macarena Garcia gazteak Edurne Zuriarena egingo du Bergesen filmean

Macarena Garcia gazteak Edurne Zuriarena egingo du Bergesen filmean

 Ea zortea dugun eta Euskadin ere zuzeneko musikaz ikusterik dugun. Oraingoz ez dago ezer baina jakin bezain laster jakinaraziko dizuegu.

Pablo Berger

Pablo Berger eta Maribel Verdú

Mamá (1988) izeneko kultuko film laburrarekin hasi zen zuzendaritzan artista bilbotarra. Hainbat sari jaso eta gero, esaterako Alcalá de Henares zinemaldian film onerari emandakoa, Bizkaiko Foru Aldundiaren beka bat lortu zuen New York University-n zuzendaritza masterra ikasteko. Zine-eskola sonatu horretan Truth  And Beauty(1994) film laburra zuzendu zuen eta horrekin Zine eta Telebista Eskolen Emmy sarietan egon zen nominatuta.

Bere lehen film luzea, Torremolinos 73 deritzana, errebelazioa izan zen 2003-04 urtean Espainian. Nahiko harrera ona izan zuen jendearen aldetik (500.000 ikusle), hainbat sari jaso zituen (Málaga, Toulouse eta Palm Springs) eta saridungai izendatu zuten lau kategoriatan Goya sarietan (gidoi onena, zuzendari berri onena, aktore protagonista onena eta errepartoko aktore onena).

26Jul/110

Presuntos Implicados-k omenaldia egin dio zinemari “Banda sonora” diska berrian

banda-sonora

"Banda sonora" da Presuntos Implicados pop-taldeak zine-musikari eskaini dion diskaren izenburua

Presuntos Implicados pop-talde valentziarrak omenaldia egin nahi izan dio zinemari "Banda sonora" izenez bataiatu duen diska berrian. Bertan zazpigarren arteko hainbat abesti ospetsu egokitu dituzte gazteleraz, esaterako Moonriver, Breakfast in Tiffany’s, How deep is your love? edo Saturday Night Fever.

Nacho Mañó, Juan Luis Giménez eta Lydiak osatutako bandaren diska honen aurkezpen ofiziala datorren irailaren 5ean izango da Valentzian.

19Jul/110

Euskadiko Gazteen Orkestrak Mahler-en Bostgarren Sinfonia joko du

Dirk Bogardek agur egin digu "Morte a Venezia" filmean

Dirk Bogardek agur egiten digu "Morte a Venezia" filmean

Gaur uztailaren 19an Gasteizko Principal antzokian, bihar 20an Donostiako Kursaalen eta 21ean Bilboko Euskalduna jauregian Mahler-en "Bostgarren Sinfonia" konplexu eta artegagarria gozatzeko aukera izango dugu. Musika-saioaren joaldia Euskal Herriko Gazte Orkestraren esku izango da Juan José Oconen zuzendaritzapean.

Zer esanik ez, musika honek Luchino Viscontik zuzendutako Morte a Venezia filma ekartzen du zinemazaleon gogora. Izan ere, filmaren soinu-banda, Beethoven edo Mussorgskyren ikutu batzuk kenduta,  Mahleren 5. sinfoniaren haritik garatzen da, eta ahaztuezina da "Sehr langsam" izeneko Adagietto-a istorioaren amaiera tragikoa azpimarratuz harpa eta harien melankoliazko soinupean.

Filma Thomas Mann-en "Der tod in Venedig" (Herioa Venezian) liburuan oinarritzen da. Idazle alemaniarrak biziki miresten zuen Mahler eta Gustav izena eman zion bere protagonistari, musikariaren omenez. Luchino Viscontik, gainera, hori berrindartu eta musikari bilakatzen du (Mannen liburuan idazlea da)

Morte a Venezia filmaren eta Gustav Mahleren obraren ospeak eraginda, John Neumeier koreografoak " Nacht" balleta eta Benjamin Britten-ek izen bereko opera egin zuten.

Mahler_S5M4_100506_16b.ogg

14Jul/110

Kyle Eastwood: “Letters from Iwo Jima”

Kyle Eastwood Gasteizko Jazzaldian

Kyle Eastwood Gasteizko Jazzaldian

Atzo Kyle Eastwood kontrabaxu-jotzaileak Gasteizko jazzaldian eman behar zuen kontzertuaren berri ematen nuen eta egia esan ekitaldi polita burutu zuen Clint Eastwod aktore eta zuzendari ospetsuaren seme zaharrak. Egokikorra eta heldua azaldu zitzaigun Graeme Flowers tronpeta joleak eta Graeme Blevins saxo-joleak ederki lagunduta. Hortaz saio gogo-betekoa, ñabardurez beterik eta emankorra musika-giroak sortzerako garaian.

Ekitaldiaren azken txanpan Andrew McCormac piano-jole bikainaren laguntzaz bere aitak zuzendutako Letters from Iwo Jima filmerako berak konposatutako soinua entzutearen atsegina eman zigun.

Presaka eta korrika, kontzertuan bertan jasotako audioarekin eta filmaren zenbait fotogramekin bideo apal bat egokitu dut aipatutako soinuarekin. Kalitatea motz-motza da baina egoerak eta nere sakeleko telefonoak  ez zuten gehiagorako biderik eman. Tira ba, lekuko gisa gera dadila!

4Jul/110

“Zuzenean II” zinema-zikloa Artium-en

The- Doors: When you're strange

The- Doors: When you're strange

ARTIUM-en bigarren urtez jarraian, abuztuaren 18tik, osteguna, 29ra, igandea –18,19,20 eta 21ean eta 25, 26,27 eta 28an– musikari buruzko dokumentalak proiektatuko ditu Zuzenean II zinema zikloaren barruan.

Filmak 20:00etan hasiko dira emanaldi-aretoan eta, gainera, bertaratzen direnei kopa bana ardo emango zaie. Pelikula bakoitzaren sarrerak 2 euro balioko du eta ziklo osorako txartelak 12 euro.

28Jun/110

Police Python 357 eta jazz-kontzertua FAS zineklubaren programazioa ixteko

Jazz & Cine

Bilboko FAS zineklubak saio berezi batekin amaituko du uda-aurreko programazioa. Izan ere, emanaldi bitxi honetan Alain Corneau-ri, pasa den urtean hil zitzaigun zine beltzeko maisu frantziarra, omenaldia egiteaz gain, jazz-kontzertu labur bat ere izango dugu entzungai El Carmen aretoan.

Alain Corneau (Meung-sur-Loire, 1943ko abuztuaren 7a / 2010eko abuztuaren 30) zine zuzendari eta gidoigile frantsesa izan da. Serie noir (1979) eta Tout les matins du monde, sari asko irabazitako filmak izan dira. Alain Corneau “film polar” izenekoaren maisua izan da eta minbiziz hil zen pasa den urtean.

17May/110

“Begibistan 2011” zinema astea zine-musikaz abiatuko da

begibistan_2011

Amurriok maiatzaren 25ean emango dio ongietorria Begibistan V. Euskal Zinema Asteari  filmen musika ezagunez osatutako kontzertu batekin eta Euskal Filmategiak propio utzitako bi dokumentalon emanaldiarekin: Rutas de Euskadi II ( 1981) eta Vivir un sueño (1966). Zinemaldia, bestetik, 28an amaituko da Itziar Lazkano ('Vaya Semanita') Portugaleteko aktoreari eskainiko zaion omenaldiarekin eta duela gutxi agur esan digun Aitzol Aramaio zinegilearenTerminal film laburraren proiekzioarekin.

Aipatzekoa da Euskadin ekoitzitako film laburrak ardatz dituen jaialdi bakarra dela honako hau. Antolakuntzak 94 lan jaso ditu aurtengoan, eta horietatik 35 hautatu ditu sail nagusietan parte hartzeko. Hala, 15 film labur lehiatuko dira "Ofibistan" lehiaketako sail ofizialean, eta 20 lanek hartuko dute parte "Infobistan" sail informatiboan. Besteak beste, Borja Cobeaga (Pagafantas eta No controles film luze arrakastatsuak zuzendu ditu) eta Asier Altuna (Aupa Etxebeste!) euskal zinemagile ezagunen azken lanak izango dira ikusgai. Horrez gainera, "Arababista"n deritzon sailaren baitan Araban ekoitzitako film laburrak eskainiko dira.

Gainera, ikus-entzulegoaren sariaz gain hainbat sari izango dira film labur onena, euskarazko lan onena eta zuzendari, aktore, gidoi-egile eta argazki-zuzendari onenaren lanak aintzat hartzeko.

18Apr/110

Buster Keatonentzako musika: “The cameraman”

CapturaTheCameraman_003

Asteari ondo ekiteko, pasa den astean Ondategiko Zigoitia aretoan Jamelia konpainiako musikariek eskaini ziguten "Buster Keatonentzako musika" izeneko ikuskizuna zertan izan zen erakusteko bideo bat uzten dizuet.

Laila Barnat-ek eta Juanjo Ochoak propio konposatutako musika (gai nagusia zoragarria) zein konpositore ezagunen musika-zatiak erabiliz (Mozart, Satie, Brahms, Falla...) Edward Sedgwick-ek zuzendutako The Cameraman filma lagundu zuten bibolin eta pianoaren (lau eskutan) doinuez.

Giro ezin egokiago sortu zuten, pasa den mende hasierako saioak gogoratuz,  eta emaitza guztiz atsegingarria izan zen ume nahiz helduentzat. Izan ere, aukeratutako musikak zine ixilaren bitxi hau lagundu ezezik  nabarmendu ere nabarmendu zuen.

Hona hemen saio horren zenbait pasarterekin prestatu dudan bideoa: 

13Apr/110

Zinemako musikari buruzko hitzaldia Hondarribian

MusicaenelCine

Arantxa Arzakek, Hondarribiko Musika Eskolako irakasleak, “Musika zineman” izeneko hitzaldia emango du bihar ostegunean apirilaren 14an Hondarribiko Udalaren ekitaldi-aretoan 19:30etan.