Klaketa
12Aug/100

Indiari buruzko zine-foruma Gasteizen

cartel_india

astelehena, abuztuaren 23a

Guridi zinema aretoetan

Salaam Bombay” (1988);  zuzendaria: Mira Nair.

Frantzia, India, Erresuma Batua. 113 min. J.B.G.A.

Bombayko kaleetan abandonatutako haurren bizitzak hartu zituen oinarritzat Mira Nair zuzendari indiarrak istorio gogor eta interesgarri hau filmatzeko, zeinak zirrara handia eragin baitzuen herrialde hartan. Ingelesez besteko film onenaren Oscar sarirako hautagaia izan zen.

salaam-photo

Hizlaria: Irune Pascual andrea, Vicente Ferrer fundazioa (Euskadi).

asteartea, abuztuaren 24a

La canción del camino” (Pather Panchali, 1955); zuz.: Satyajit Ray. India. 115 min. J.B.G.A.

XX. mendeko Bengalan nekazaritza giroan bizi den familia baten zailtasunei buruzko drama zirraragarria, familiako kide baten ikuspuntutik kontatua: Apu txikia. Pather Panchali baliabide gutxirekin filmatu zen, eta hari esker ezagutu zen indiar zinema munduan, Cannesen estreinatu ondoren.

Hizlaria: Julia Mendoza doktore andrea, Filologia Grekoko eta Indoeuropar Hizkuntzalaritzako katedraduna Madrilgo Unibertsitate Konplutensean.

asteazkena, abuztuaren 25a

El invencible”(Aparajito, 1956); zuzendaria: Satyajit Ray. India. 105 min. J.B.G.A.

Pather Panchali filmaren arrakastari esker, Rayk erakundeen laguntza lortu zuen bigarren zatia egiteko. Bertan kontatzen da nola Apu umeak bere hezkuntza osatzen duen herrixkatik urrun, unibertsitatera iritsi arte. Urrezko Lehoia lortu zuen Veneziako Jaialdian.

apajarito

Hizlaria: Agustín Pániker jauna, Indiako kulturan aditua.

osteguna, abuztuaren 26a

El mundo de Apu” (Apur Sansar, 1959); zuzendaria: Satyajit Ray. India. 101 min. J.B.G.A.

Rayk sorta osatu eta protagonistari buruzko hirugarren filma egin zuen, Apuren helduaroa eta bizitza-esperientziak kontatzeko. Trilogiako gainerako lanetan bezala, Ravi Shankar maisuaren musika nabarmendu beharra dago, bai eta Subatra Mitraren argazkigintza bikaina ere.

1959_Apur_Sansar

Hizlaria: Rubén Campos jauna, Madrileko Kluba izeneko erakundekoa.

ZINEMA

Leihatilan, ohiko ordutegian.

Prezioa: 3 euro.

7Jun/100

The Cove filmea lehen aldiz Euskadin

 the cove

The Cove (Kala), dokumental hoberenari Oskarra eta Sundance Zinemaldiaren azken edizioko publikoaren saria irabazi dituen filmea, AMSTEL Surfilm Festibalean estreinatuko da.

Filma ekainak 9-an asteazkena aurkeztuko da Donostiako Principe zine-aretoetan gaueko 22:00etan. Bitartean Japoniako talde kontserbadorek filmea Japonian debekatzea lortu dute aste honetan bertan.

Dokumentala, Ric O'Barry izurde-trebatzaile-ohia buru duen aktibista-talde batek Japoniako Taijii herrian egindako espioitza-lan arriskutsuaren berri ematen digu. Bertan, izurde-hilketa krudelei buruz egin zuten ikerketa erakusten digute. Richard O’Barry-k, Louis Psihoyos zinegilearen eta Ocean Preservation Society-ren laguntzaz, indarrak bateratu zituzten ekialdeko paraje urrun horretan ezkutatzen den ingurumen arloko errealitate gogorra erakusteko.

Filmak agerian uzten du akatutako izurdeen kopurua, Antartidan hildako baleen kopurua baino handiagoa dela eta 23.000 izurde eta marsopak hiltzen direla urtero Japonian. Izurdeak migrazio-garaian ari direla kala gorde batean inguratu eta estutzen dira bertan arrantzontzi txikietatik ezten-hagekin eta aiztoz amasa akabatzeko.

Dokumentalaren urpeko sekuentziak ezkutuan filmatu ziren 2007an arroken artean mozorrotutako definizio handiko mikrofonoak eta kamarak erabiliz.

Azken buruan, ikerketa-kazetaritza, ekoabentura eta irudi miresgarriak uztartzen dituen lan itxaropentsu baten aurrean gaude.

Filmaren web-orri ofiziala

Elkarrizketa: Richard O’Barry (ingelesez)

2Jun/100

‘Meetings with Remarkable Men’ Bilboko Hika Ateneoan

MeetingsWithRemarkableMen

Ekainaren 8an 19:30etan, Bilboko Hika Ateneoan (Ibeniko kaia 1) Peter Brooks-ek zuzendutako Meetings with Remarkable Men (Gizon nabarmenei bidera ateratzen) filma ikusteko parada izango dugu.

1979an Afganisten filmatutako (dantzen eszenak salbu) eta Gurdjieff pentsalari ospetsuaren memorietan oinarria duen film honek maisu mistiko horren bilaketa espiritualaren lehenengo urteen berri ematen digu, nerabezaroan hasi eta Sarmoung-eko anaiarte mistiko sufiko iniziazioan amaituz.

Joateko aukera ez dutenentzat horra hor esteka hauek (AVI, 530 Mb):

http://rapidshare.com/files/130934814/EncuentrosHombresNotables_subt_esp.part1.rar
http://rapidshare.com/files/130939696/EncuentrosHombresNotables_subt_esp.part2.rar
http://rapidshare.com/files/130944714/EncuentrosHombresNotables_subt_esp.part3.rar
http://rapidshare.com/files/130949161/EncuentrosHombresNotables_subt_esp.part4.rar
http://rapidshare.com/files/131036658/EncuentrosHombresNotables_subt_esp.part5.rar
http://rapidshare.com/files/131037697/EncuentrosHombresNotables_subt_esp.part6.rar

7May/100

Zine-musika

musicadepelicula_programa_provisional

Datorren maiatzaren 8an, larunbatean, 20:00etan Ondategiko Zigoitia Aretoan, Cossa Nova taldeak ikus-entzunezko kontzertua emango du Zinea eta musika izenpean azken hilabeteotan Zigoitia udalerrian gauzatu den zine-zikloari amaiera emateko.

Cossa Nova taldearen proposamen berriaren izenburua hauxe da: “Zinemako musikak begiei zor diena”; programa honekin omenaldia egin nahi dio zinemari musika-talde arabarrak, memoria zinematografiko kolektiboarekin loturiko musika-konposizioen aukeraketa heterodoxo baten bidez.

Programa honek ez du helburu zinemako abesti onenen bilduma antologikoa egitea, baizik eta zeluloide-ametsen mende honetan musikak eta zinemak bat eginik landu dituzten notak, emozioz eta zirraraz beteriko zenbait nota galdu, berreskuratzea.

25Mar/100

Zine-saioak € baten truke

banner_sp

132 ordu duzu euro bateko zine-sarrera erosteko BERRIA!

 

   City Deal enpresa berriak promozio bat aurkeztu berri du Cineasa zine-aretoetan erabiltzeko. Horri esker aukera izango dugu zinemara joateko euro bakar bat ordainduta. Gainera, preziotik aparte eskaintza malgua da benetan erabilgarritasunari dagokionez. Izan ere, euro bateko sarrerak horrelakoetan erabil daitezke:

  • Edozein egunetan 2010eko irailaren 31 arte.
  • Edozein film ikusteko
  • Cineasa kateko edozein zine-aretotan

Hori bai, pertsona bakoitzak, teorian behintzat, sarrera bat baino ezin du erosi eta eskuragarri dauden sarreren kopurua mugatua da. Tamalez, Euskal Herriaren kasuan Bilbon baino ez dugu Cineasa aretorik.

Nola erosi: Sakatu hemen eskaintza honi heltzeko.

20Jan/100

City Lights bizian

hirikoargiak

 

XX. mende hasieran gaude. Antzerki zahar batean, auskalo non.
Giroa tabako ke adarrek hartuta. Jendea edanean, algaraka eta jolasean.
Eta, fondoan, eskenatoki txiki batean, bi musikari
betiko melodiak jotzen.
Urteak daramatzate lantegi horretan. Baina dagoeneko inork ez die entzuten.
Dagoeneko inork ez du bakarrik entzun nahi.
Orain jendeak ikusi egin nahi du…

  

Juanjo&Laila

Antzezleak: Juan José Ochoa (pianoa), Laïla Barnat (pianoa,bibolina, flauta eta ahotsa)
Filma: City Lights, (1931)
Zuzendaria: Charles Chaplin
Jatorrizko musika: Juan José Ochoa
Musika hautaketa: Laïla Barnat
Gidoi-egilea: Juan José Ochoa
Komunikazio eta aholkularitza: Gloria F. Vilches, Sonia García Lopez
Diseinua: Julián González

Jamelia taldeak Hiriko Argiak bizian izeneko ikuskizun musikala aurkeztuko du larunbat honetan 20:00etan Ondategiko Zigoitia aretoan, Laïla Barnat-en, piano-jole, flautista eta kantaria, eta Juan José Ochoa piano-jole eta aktorearen musikaren eskutik.  Eta ikuskizunari oinarria emanez Charles Chaplin-ek idatzi, zuzendu eta antzeztutako City Lights filma izango dugu. FotoJjLl

Jakina da zinemagintzaren hasierako hamarkadetan barietate‑areto txikietako musikariek filmen proiekzioak alaitzen zituztela euren errepertorioetako piezak interpretatuz, klasikoak batzuetan, herrikoiak beste batzutan eta, ez gutxitan, bat-batean asmatuz ere.

Bada, orduko saio horien xarma bizi nahian, Jamelia osatzen duten bi musikariok lanean jarri ziren garai horretarako giroa berpizteko asmoz.

Chaplin-en City Lights filma aukeratu zuten asmo horrekin. Kantu herrikoiak, partitura klasikoak eta zine ixilerako konposatutako obrak biltzeaz gain musika berria ere konposatu zuten. Bion artean sasoi hartako orkestra txikiak birsortu behar zuten euren trebeziez baliatuz: pianoa (bi edo lau eskutan), bibolina, eta flauta jotzen, bai eta eta kantuan arituz ere.

Agerraldi bakoitzaren beharrei hobeto egokitzen ziztaizkien piezak aukeratu eta “collage” musikal ederra taiutu zuten. Euren asmoa ez zen filma besterik gabe musikaz betetzea, filmaren poesia, umorea eta drama musikaren bitartez nabarmentzea baizik.

Prozesu horretan batzuetan harritu ere harritu ziren oso musika egokiak topatu zituztenean. Egia esan, eszena horietarako propio asmatuta ematen zuten doinu batzuk. Beste batzuetan, ostera, musikak ñabardura berriak ekartzen zizkion ezustean jatorrizko lanari.

Haien musikaren animak bizitza nabarragoa ematen zien filmaren irudiei, soka-dantzariek euren txontxongiloei bizitza ematen dien moduan. Argi ixilen zuribeltza melodien soinuez koloreztatzen zen, ahantzitako garai bateko sentsazioak eguneratuz. Mende hasierako urte haietan sentituko zuten magia berriz ere bizitzeko bidea irekita zegoen.

Horrela, ”Hiriko argiak bizian” antzerki eta musikazko ikuskizunak aukera paregabea eskaintzen digu zinemagintzaren maisulan hau berreskuratzeko, bertan irudien sentsibilitateak bat egiten duela musika biziaren emozioarekin, ikusleak bere sentzumen guztiaz gozatzeaz gain, zinema hasieran bezala bizitzeko parada duela.

18Jan/100

PAUL URKIJOREN FILM LABURRERAKO “CASTING”A

Casting para cortometraje

Paul Urquijo Alijo zinemagile gasteiztarrak bere hurrengo film laburrerako kastina iragarri berri du. Aukeraketa datorren ostegunean, urtarrilaren 21ean, egingo da 10:00 eta 20:00 bitartean Gasteizko Mendizabala institutuko gimnasialekuan (Lasarte errepidean).

Hona hemen bilatzen ari diren pertsonen ezaugarriak:

- GIZON EDO EMAKUME BAT, oso altua eta oso mehea.
- GIZON BAT, 70 urtetik gorakoa.
- GIZON BAT, 40-50 urte bitartekoa.
- EMAKUME BAT, 40-50 urte bitartekoa.
- NESKA BAT, 18-30 urte bitartekoa.
- UME BAT, 8-12 urte bitartekoa.
- NESKATO BAT, 14-16 urte bitartekoa. (figurazioa)
- JENDEA, 70 urtetik gorakoa (figurazioa)

Xehetasun gehiago edo parte hartu nahi baduzu baieztatu zure asistentzia lotura honetan.

Paul-en lanak ikusteko aukera izan ez duzuontzat bere bi lan borobilenak uzten dizkizuet:Iltzeak (2006) minutu bateko animazio-film laburra, Kultura lehiaketan eta Lekeitioko Zinema eta Bideo Jaialdian sarituta, eta, El pez Plomo, Zinemastean publikoaren saria eskuratu zuena.

15Jan/100

Usoak uso

PigeonImpossible-07

Saretik nenbilela animazio film labur dibertigarri honekin egin dut topo. Egilea Lucas Martell estatubatuarra dugu eta istorioa agente sekreto bitxi baten inguruan aritzen da. Dena hasten da uso goseti bat agentearen maletin sofistikatuan sartzen denean...

PigeonImpossible

Estudio handien babesa eta baliabideak izan gabe ere, Lucas Martellek lan bikaina burutu du teknika eta sormenaren aldetik, eta horren lekuko da dagoeneko jasoa duen sari-sorta.

Animatzaileak berak aitortu duenez, urtebete inguru behar izan zuen filmearen minutu bakoitza taiutzeko. Izan ere, proiektua 3D animazioa ikasteko aitzakia baino ez zen hasieran, baina horrenbeste lan egin eta gero istorioa borobiltzea erabaki zuen.

Orrialde ofiziala: http://pigeonimpossible.com/

6Jan/100

Adio Brittany

BrittanyMurphy

Brittany Murphy aktoresa estatubatuarra ikono zinematografiko bilakatu zen nerabe askorentzat Amy Heckerling-ek zuzendutako Clueless (Ideiarik ez) filmean parte hartu zuenetik. Geroago hainbat zintatan hartuko zuen parte, adibidez, Just Married, 8 mile edo Sin city-n. Duela gutxi beraren berri izan genuen zine-komunikabideetan The Caller filmetik ustekabean bota zutenean.

Oraingoan bihotza geratu zaio betiko 32 urte baino ez zituela. Ez dut uste bere urdailean topatu omen dituzten fideoak, jaki tailandarrak edo limoidun tea horren errua dutenik. Bere mesanotxean, aldiz, hainbat farmako-botika pilatuta zeuden: ativan, klonopin (antsitatearen aurkakoak) eta hainbat analgesiko, besteak beste, hydrocodone eta vicoprofen (minak arintzekoa). Azken hau, hain zuzen, asko erabili omen zuena kirurgia plastikoaren azken ebakuntzaren ondoriozko arazoak zirela medio. Gainera jakin badakigu, bere ezagunek esana, honakook ere hartzen zituela:  topamax (buruko minak saihestekoa) methylprednisolone (inflamazioen aurkakoa), fluoxetine (depresioen aurkakoa), carbamazepine (diabete-sintomak tratatzekoa) eta propanolol (hipertentsiorako). Orain bai, horiek guztiak medikuak aginduta, hau da, guztiz legezkoak. Laboratorio maiteak, zer egingo genuke zeuen pozima miresgarririk gabe bizitza doakabe honetan?!

Harrigarria bada ere Brittany Murphy bainuontzi batean hilda azaltzen zen bere azken filmearen promozio-karteletan, Deadline. Horrelaxe ere topatu zuen Sharonek, bere amak, Brittanyren senarraren etxearen bainugelan pasa den astean.

Nolanahi ere, gogora dezagun gisarik onenean. Izan ere, Brittanyren ahotsa ere ez zen makala. Bideo-klip honetan Freddy Mercury handiaren "Somebody to love" kantuaren bertsio bat abesten du Happy feet (Izotza hautsiz) filmean, bertan Gloria pinguinoari ahotsa eman ziona.

30Dec/090

Flysch, Haitzen Hitza

itzurungo hondartzan

Nere txikitako oroitzapen urrunenetakoak Zumaiako herriko hondartzaren ur ertzean amaitzen dira, Itzurunen. Hiru lau urte baino ez nituen izango. Orduan ikasi nuen zer den hondarraren epela, kresalaren hatsa eta olatuen aserrea. Garai hartan arrantzale-etxe apal batean ematen genituen oporrak gurasoak eta hirurok. Orduantxe entzun nuen lehen aldiz euskeraz egiten, gustura entzun ere.

Gaur egun ere, mendi magaletan metak ikusten ditudanean, hor-hemenka barreiaturik, ezin dut ebitatu nere haurtxarora une batez itzultzea, itsas-minez edo, garai hartan Bitoriatik “seiscientos” zuri batean egindako ihesaldi labur haiek gogoratuz.

Izan ere, oporraldi xume horiek miresgarriak ziren niretzat, lehorreko umea nintzen aldetik. Itsasontzien kolore dantza, gezalaren sarkorra, itsasoaren oldarra...