Negu eta udaberriko programazioa Butak 21 zineklubean
Butak 21 zineklubak prest dauka dagoeneko film-sorta ederra hemendik uda bitartean.
10 filmek osatutako ziklo berri hau gaur bertan abiatuko da Zumarragako Zelai-Arizti zine-aretoan 22:15ean eta horrela hainbat ostiraletan.
Arduradunen esanetan, programazioa anitza prestatu nahi izan dute, genero, estilo eta nazionalitate ezberdinei aukera emanez.
Nolanahi ere, argi dago oraingoan zine europearraren alde egin dutela nabarmen 10 filmetatik 7 kontinente zaharretik baitatoz. Izan ere, aitortu behar da azken hilabeteetan sona handiko zinegile europarren hainbat film bikain atera direla argitara, esaterako, Lars von Trier, Mike Leigh, Aki Kaurismaki o Jean-Pierre eta Luc Dardenne-ren lanak.
Hona hemen bada zikloaren programazioa.
- Urtarrilak 27, ostirala: No habrá paz para los malvados (Enrique Urbizu).
- Otsailak 10, ostirala: Melancholia (Lars von Trier)
- Otsailak 24, ostirala: Another year (Mike Leigh)
- Martxoak 9, ostirala: Nader and Simin,a separation (Asghar Farhadi)
- Martxoak 23, ostirala: Four lions (Chris Morris)
- Martxoak 30, ostirala: Le Havre (Aki Kaurismaki)
- Apirilak 20, ostirala: The artist (Michel Hazanavicius)
- Apirilak 27, ostirala: Le gamin au vélo (Jean-Pierre eta Luc Dardenne)
- Maiatzak 11, ostirala: 13 assassins (Takashi Miike)
- Ekainak 8, ostirala: Drive (Nicolas Winding Refn)
Iturria: www.diariovasco.com
Ez izan beldurrik Nafarroako Filmotekan
Bihar, ostegunean, urtarrilak 26, 20:00etan, Montxo Armendáriz zinegile nafarrak zuzendutako Ez izan beldurrik izeneko filma aurkeztuko da Nafarroako Filmotekako aretoan euskaraz.
Armendarizen azken film honek, Iruñean filmatuta, haurtzaro goibel batek markatutako neska gazte baten superazio-istorioa kontatzen digu. Protagonistak bere egoera hobetzeko nahi horretan beldurrak kontrolatzen ikasiko du eta emakume heldu bilakatuko da.
Sarrera doakoa da eta gonbidapena leihatilan bertan jaso behar da (aretoa bete arte).
Film honen nondiko norakoak ezagutzeko zuzendariaren hitzak baino hobeagorik ez dago. Horra hor bada zuzendariaren oharrak euskarara itzulita:
"Behin batean, musika-irakaslearen partetik sexu-abusuak jasan zituen gazte baten istorioa entzun nuen. Beste behin urteetan aitonaren perbertsioak jasan behar izan zituen neskato batena. Horrelako abusuak pairatu ―edo pairatzen― dituzten pertsonak artatzen dituzten lagun terapeutek kontatutako istorioak dira. Eta jakingura piztu zitzaidan. Horrela hasi zen istorioa. Hainbat biktimekin jarri nintzen harremanetan eta beraiekin hitz egin nuen. Nahigabetuta geratu nintzen horien kontakizunak entzuterakoan, eraso zentzugabe horiek sortutako ondorioak ezagutzerakoan. Eta, batez ere, miresmen handia sentitu nuen euren bizitzak berregiteko beharrari zelako adorez egiten zioten aurre ikusita.
Urtebetean euren minaren eta ilusioen lekukoa izan nintzen, arreta ematen zieten profesionalekin mintzatu nintzen, eta gaiaren inguruan erabili ohi diren topikoetatik urruntzen saiatu nintzen, zenbait giza–jokabideren konplexutasuna aurreiritzirik gabe aztertu nahian edo. Eta horrela, entzuten nituen bizipenen atzetik zegoen aberastasun dramatiko eta pertsonal handia deskubritu nuen: ixiltasun, errutasun, manipulazio eta menpekotasunei buruzko istorioak. Baina bai eta biziraupen-istorioak ere, zoritxarrari, umiliazioari eta menpekotasunari aurre egiten ziotenak.
Eta hortik atera zen Ez izan beldurrik, destino traumatiko bati aurre egiteko erabakiari buruzko filma. Norbere etorkizuna eraikitzeko borondateari buruzkoa, gure gizarteak ikusi nahi ez duen errealitate ilun bat pantailan islatu beharrari buruzkoa."
Informazio gehiago: www.filmotecanavarra.com
“Psycho” El Abuelo tabernan
"Robert Block idazlearen obra egokitzen duen istorio ilun hau “Suspentsearen Aztiak” irudikatu zuenean, ez zuen ez, kritikaren oniritzia berehalakoan jaso; maisulan askorekin gertatu ohi den legez Hitch handiak bere aroari aurre hartu baitzion, terrore eta izuaren arloan salto nabarmena eginez. Bates Moteleko biztanleen jokabidea izugarriegia zen, nonbait, garaiko gizarte amerikar erosoarentzat. Egun, ordea, Zinearen Historiaren mito bilakatu da, autorearen eta generoaren mugak ere gaindituz.
Nor ez dago deseroso Norman – Perkinsen (zein da zein?) begirada urduri eta iheskorra gainean nabaritzean?. Nork ez du inoiz dutxan dagoela, labana hotzaren sastada odoltsua bularrean imajinatu? Zeinek ez du burutik oinetarainoko hotzikara izan, Hermann-en nota azkar, gaixokorrak entzute hutsarekin?… Hori guztia eta askoz gehiago da Psikosis" (Goieniz zineklubaren aipamena).
Orain, Gasteizko "El Abuelo" tabernako zinezaleek film klasiko honen berrikuspena proposatzen digute psikoanalisiaren ikuspegitik. Izan ere, proiekzioaren aurkezpena Iñigo Martínez filosofiako irakaslearen esku izango da, psikoanalisian aditua. Emanaldia 20:00etan izango da.
Euskarazko film-laburren lehiaketa
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak "Euskaraz bizi nahi dut" egitasmoaren barruan film laburren lehiaketa antolatu du. Lehiaketak, beraz, euskaraz bizitzeko nahia filmaren bitartez irudikatzea dauka helburu.
Kontseiluko idazkari nagusiaren esanetan, "euskararen normalizazio prozesuan urrats kualitatiboak eman nahi baldin baditugu, beharrezkoa da eraldaketa soziala ematea eta eraldaketa sozial horretan guztiok dugu zer egina eta zer esana".
Lehiaketan aurkeztekoak diren filmek, gehienez ere, 10 minutuko iraupena izango dute eta "euskaraz bizitzeko nahia" izango dute gai nagusia.
Film laburrak, wmv, mov, mpeg eta flv formatuetan aurkeztu daitezke. Eta bereizmenari dagokionez, gutxienez 1280 x 720 (HD Ready) eta gehienez 1920 x 1080 (Full HD) izan beharko dira.
Lanak aurkezteko, parte hartzaileak interneteko plataformaren batera igo behar du filma (Vimeo, Youtube edo Dailymotion) eta horren lotura bidali beharko du, norbere datuekin batera helbide honetara: info@euskarazbizinahidut.org. Creative Commons lizentziapean sortutako lanak izango dira guztiak.
Onartutako lan guztiak ikusgai egongo dira www.euskarazbizinahidut.org webgunean. Bertan ere lehiaketari buruzko argibide guztiak kontsultatzea duzue.
“Muy Bridge” afixa Animabasauri zinemaldiaren 8 . edizioko irudia

Raúl López Martín-en "Muy Bridge" izeneko afixa izan da Animabasauri-Animabasque Kartelen V. Lehiaketaren irabazlea
ANIMABASAURI-ANIMABASQUE Kartelen V. Lehiaketaren epaimahaiak afixa irabazlea eta maiatzaren 25 eta 31 bitartean garatzekoa den animazio-zinemaldi honen 8. edizioko irudia zein izango den iragarri berri du.
Web-orri ofizialean jakinarazitakoaren arabera, zinemaldiko antolakuntzako kideek eta Basauriko Udaletxeak osatzen duten epaimahaiak erabaki du, jasotako kartelen kalitate eta kopuru handiak eragindako hautaketa korapilatsu baten ondoren, saria Raúl López Martín artista nafarrari ematea “MUY BRIDGE” izeneko lanagatik.
Berritasun gisa aurten Facebook sare sozialaren bidez jasotako boto herrikoiak kontutan izan dira, hemen ere Raúl López-en lanak jasotako euskarriak ugari izan direlarik.
Dotore, egungoa, modernoa, erakargarria, soila eta beltzez, horiz eta zuriz jantzita, kartel irabazleak, eta ANIMABASAURI-ANIMABASQUEren irudi berriak, Zinemaldiaren arima biltzen du, antolatzaileen ustez.
Iturria: http://www.animabasauri.com/eu/
Offf PdV: Atzeragoardia!
Otsailaren 24 eta 25ean Iruñeko "El Bafle" aretoan "Retaguardia!" izenpeko ekitaldi kritiko, ludiko eta herrikoia izango da Punto de Vista zinemaldiaren omenez. Bi gau izango dira proiekzio eta kontzertuz beterik hainbat artista eta zinegile bilduko dituztenak, besteak beste, Corcobado, Mursego, La Débil, Kokoshka, Isaki Lacuesta, Fernando Franco eta Andrés Duque.
OFFF PDV: ATZERAGOARDIA!, Punto de Vista zinemaldiaren zale diren zinegile, musikari eta artista-multzo batek sustatutako ekimena da iaz sortutakoa zinemaldi nafarra desagertzekotan egon zenean. Aldarrikapen-gunea da, beraz, gogoeta eta sormen-jardunetik kultura, elkarrizketa eta sormenaren alde egin nahi duena.
Herrikoia, proaktiboa eta kritikoa izan nahi duen kultur plataforma honek helburu dauka erakustea egoera txarrenetan ere badagoela kultura aberasgarri eta anitzaren alde elkarlanean aritzeko eta kalera ateratzeko prest dagoen jendea.
Proiektuari buruzko argibide gehiago: http://www.verkami.com
“Herioarekin jolasean” eta “Un dios que ya no ampara” Sarean ikusgai
JUGANDO CON LA MUERTE (Herioarekin jolasean), Paul Urkijo zinegile gasteiztarrak egindako film labur arrakastatsua (23 sari jaso ditu dagoeneko) ikusgai dugu berriz ere Interneten FIBABC (Festival Iberoamericano de Cortometrajes ABC) zinemaldian lehiatzeko hautatua izan baita.
Abagune paregabea beraz oraingoz ikusteko aukerarik izan ez duzuenontzat. Gainera botoa ematea ere izango duzue irabazlea aukeratzeko.
Paul Urquijoren film laburrarekin batera, beste euskaldun baten film laburra hautatu dute FIBABC-ekoek, alegia, Gaizka Urresti bilbotarraren Un dios que ya no ampara (Dagoeneko babesik ematen ez duen jainkoa) izeneko dokumentala. Miguel Mena idazlearen kontakizunetan oinarritutako film honek “Mezu garrantzitsuaren Saria” eskuratu berri du Lenolan (Italia) "Inventa un Film-Lenolafilmfestival" zinemaldiaren 14. edizioan.
Un dios que ya no ampara bizi-larriminari buruzko istorioa da. Duela urte batzuk, bere lehenengo seme-alaba baten zain zegoela, Miguel Mena idazleak eta kazetariak promesa bat egin zuen; dena ondo joanez gero Moncayo mendira igoko zen. Igo eta hilabete batzutara Angelman sindromea antzemango zioten Daniel bere semeari, buru atzeratasuna dakarren malformazio genetiko larria. Zenbait urte geroago, destinoari korromioa gainditutakoan, Zaragozako etxetik mendi magikora itzultzea erabakiko zuen Miguelek buruz buruko bat izateko asmoz.
Labur esanda, semearen ahalmen urritasunari erantzunen bila bidaian abiatutako aita baten istorio hungarria.
“Europar Zinema Bidean” Iruñean eta Donostian
Europar Zinema Bidean izenburuko erakusketa ibiltaria Nafarroako Filmotekan egongo da ikusgai apirilaren 10ean, 12an eta 13an eta Donostiako Victoria Eugenia antzokian apirilaren 17, 19 eta 27an.
Europako Legebiltzarraren Bulegoak eta Europar Batzordeak Espainian duen Ordezkaritzak antolatutako ekimena da, azken urteotako europar filmik onenetako batzuk zabaltzeko. Erakusketa herriz herri ibiliko da Espainian barrena.
'Gure zinemak zeresana ematen du' lelopean, jaialdia urtarrilaren 18an, asteazkenean, da hastekoa Las Palmas Kanaria Handikoa hirian, eta, urtarriletik maiatzera bitarte, 17 hiritan ibiliko da. Hiri bakoitzean hiru film emango dira, hirurak dohainik, eta herritarrekin eztabaida-saioak antolatuko dira Europar Batasunari buruz.
Informazio gehiago: www.inaac.es
CC MAD, aurreneko Madrid Creative Commons Film Festival-a
Datorren urtarrilaren 19an Madrid CCMAD, Madrid Creative Commons Film Festival hasiko da Madrilen, Creative Commons lizentziaz egindako filmen zinemaldia. Ekitaldi hau BccN Barcelona Creative Commons Film Festival zinemaldiaren ufakoan datorkigu, “kopiatu daitekeen lehenengo munduko festibala” esloganpean.
Urtarrilaren 19tik 22ra, beraz, nazioarteko mailako film luze eta labur onenak ikusi ahal izango dira eta zinea egiteko eta zabaltzeko beste modu batzuei buruz mintzatuko da.
Festibala 19an hasiko da Medialab Prado-n Antonio Delgadok moderatutako #redada CC MAD, bileran. Bertan Guillermo Zapata, Alberto Tognazzi, Stéphane Grueso eta Pieter de Vos izango dira solasean internetek zinean eragingo dituen aldaketa sakonak aztergai.
Filmen proiekzioak, aitzitik, urtarrilaren 21 eta 22an izango dira La Casa Encendida-kultur-zentroan.
Urtarrilaren 21ean, 18:00etan Alberto Arce kazetari eta dokumentalista espainiarrak zuzendutako Vida diaria en Kabul izeneko dokumentala ikusi ahal izango da.
Afganistaneko eguneroko bizimodukoa nolakoa den erakusten digu dokumental honek . Izan ere, gerra-garaian ere badira une lasaiak entzuten eseritzeko bide ematen dutenak. To shoot an elephant filmaren zuzendaria den Alberto Arcek bere egin ditu CC lizentziak bere sormen-lanetan.
20:30etan Jonny von Wallstram, Tobias Rydin eta Akram Janzi-ren Maud & Leo road-movie suediarra izango da ikusgai. Suedian kokatutako roadmovie poetiko honek zine-bidaia proposatzen digu Norvegiako bazter lilugarrietan zehar.
21:00etan aldiz Vincent Moon frantziarraren An Island dokumental musikala erakutsiko da. An Island ez ohiko performance musikala izateaz gain Danimarkako Efterklang musika-taldeari eta irla bati buruzko dokumental abstraktoa dugu. Formatu txikiko proiekzioetan zabaldu bada ere arrakastatsua izan da oso.
Bitartean, 19:00etan hain zuzen, saio berezia izango da CC MAD Festibalean Bregtje Van der Haak zuzendari holandarrarekin, gai sozialen inguruko dokumentalista ospetsua. Emakume honek, VRPOrerako dokumentalen sortzailea, DNWko urrezko estatuaren irabazlea eta 2006. urteko emakumea Herri Beheretan, California Dreaming filma aurkeztuko du eta proiekzio ostean solasean arituko da ikus-entzuleekin.
California Dreaming filmak Kaliforniako ametsaren amaieraren erretratua egiten digu. Ametsetako estatua egiatan, surferrak eta zine-izarrak krisialdian murgilarazi dituena. Dokumentalak egoera hori islatzen du Los Angeleseko 5 pertsonaien bitartez krisiak eraginda euren bizitza guztiz aldatu behar izan dutenak.
http://comunidadzoom.com/documental/sociedad/california-dreaming-bregtje-van-der-haak-2010
Igandean 22an proiekzioak 18:00etan hasiko dira Jos de Putter-ek zuzendutako Beyond The Game dokumentalarekin. Lan honek Grobby eta Skyren benetako istorioa kontatzen digu. Biok, “Warcraft”bideojokoaren jokalari profesionalak, aurrez aurre dira lehian Seattleko munduko txapelketan. Jos de Putter zuzendari ezagunak belaunaldi berriko Kasparov-tarrak nolakoak diren eta zer pentsatzen duten erakusten digu.
19:30etatik aurrera film laburren txanda izango da Sintel, Luckiest One eta The Wintress filmen emanaldiarekin.
Saioko azken proiekzioa 20:30etan izango da, alegia, Stina Bergman suediarrak zuzendutakoDie Beauty. Adiskide eta senideen arteko famili harremanei buruzko istorioa hau oso arrakastatsua izan zen Suedian.
Zine-zikloa: “Itzulgintza zineman”
Zinemak eta itzulgintzaren artean dagoen lotura estua nabarmentzeko asmoz, Asetrad-ek, Espainiako Filmoteka, Goethe Institut, enbaxada suitzar eta Ventura Film-aren laguntzaz, zineko itzultzaile eta interpreei buruzko ziklo bat antolatu du. Izan ere, ezpairik gabe, itzulgintzaren eginkizuna ixila bezain beharrezkoa izan da zinemaren istorioan zehar.
Hortaz, ziklo honek helburu dauka itzultzailea edo interpretea protagonista dituen zenbait film batera biltzea. Gainera, bi proiekziotan solasaldiak izango dira zinemarekin edo filmaren gaiarekin lotura berezia duten profesional aditurekin.
Ziklo hau Espainian sekulan ikusi ez diren lau dokumentalek osatzen dute eta fikziozko hiru filmek, horietako bat ere ikusigabea gure artean: Die Frau mit den fünf Elefanten (Emakumea bost elefanteekin) Vadim Jendreyko-rena, Traduire, Nurith Aviv-ena, Tradurre, Pier Paolo Giarolo-rena, The Interpreter, Sydney Pollack-ena, La Traductrice, Elena Hazanov-ena, Die Flüsterer (Xuxurlariak) Christian Beetz eta David Bernet-ena, eta Children of a Lesser God (Jainko txikiago baten seme-alabak) Randa Haines-ek zuzenduta.
Espero izatekoa da ziklo hau baliagarria izan dadila oso agerikoa izan ez ohi den baina zinearen eta ikusleen arteko hartu-emanean ezinbestekoa den lanbide honi buruzko irudi kaleidoskopikoa eta egiazkoa ezagutarazteko.
Programa osoa: http://www.asetrad.org/PDFs/programacine.pdf












